Lehen ministroaren VVD alderdiak irabazi ditu bozak, 33 eserleku eskuratuta

Aurreko legealdian baino bost diputatu gehiago izango ditu Gert Wildersen eskuin muturreko Askatasunaren Alderdiak. Galtzaile nagusia Alderdi Laborista izan da 38 eserlekutik 29 galduta.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 16-03-2017

Botoen %95 zenbatuta ziurra da dagoeneko egungo lehen ministro Mark Rutteren garaipena. Irabazi izanaren zaporea, ordea, ez da behar lukeen bezain gozoa. Izan ere, zortzi eserleku galdu ditu haren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Herrri Alderdiak, eta beraz Legebiltzarra osatzen duten 150 diputatuetatik 33 izango dira eurenak. Pozik da, hala ere, orain arteko gobernuburua: “Herbehereek ezetz esan diote okerreko populismoari. Orain arteko bideari eusti nahi diogu, bide seguru eta aberatsari”.

Bigarren indarra izango da Gert Wildersen PVV Askatasunaren Alderdia, 20 eserlekurekin —aurreko legealdian baino bost gehiago lortu ditu—. Ordea, harengandik oso gertu dira demokristauak eta liberal-demokratak, 19 eserlekurekin bakoitza. Dena den, alderdiak izandako gorakada nabarmendu du Wildersek: “Ez dira 30 eserleku izan, baina igo egin gara. Udaberri abertzalea helduko da”.

Aipagarria Berdeak-Ezkerra alderdiak izan duen gorakada ere, lau diputatu izatetik hamalau izatera igaro baita. Sokaren beste muturrean da, aldiz, Alderdi Laborista, 38 eserlekutik 29 galdu baititu.

Parte hartzea ere oso altua izan da, %80 ingurukoa.

Beldurra

Inkestek izugarrizko gorakada iragartzen zioten eskuin muturrari, eta horrek kezka zabaldua zuen Europako agintarien artean. Izan ere, Wildersek iragarri zuen, irabazizi gero, Herbehereak EBtik aterako zituela eta baita herrialdean dauden meskitak itxi ere.

Frantzia eta Alemaniako estatuburuak izan dira Rutte zoriontzen lehenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)