Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XXI. Martxa
Gara, , 15-03-2017Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XXI. Martxak Trintxerpeko azokatik Donostiako Bulebarrera arteko ibilbidea egingo du martxoaren 19an, SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko GKEen Koordinakundeak antolatuta, eta errefuxiatuentzako asilo eskubidea eta benetako harrera eskubidea aldarrikatuko ditu beste behin.
Ekimenaren arduradunek azaldu dute aurtengo goiburua ‘Irtenbideak: asilo eskubide eta harrera benetakoak. Soluzioaren parte zara’ dela. Horrela, martxak bigarren urtez aldarrikatuko du errefuxiatuentzako asilo eta benetako harrera eskubidea, eta hala egingo du, «tamalez, iaz iragarritakoa betetzen ari delako, alegia Europako Batasuna osatzen duten Estatuek ez badute asilo politikaren sakoneko norabidea aldatzen, hildakoak mugetan pilatuko zaizkigu».
Migrazioen Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, 2016an 5.082 pertsona hil ziren Europako Batasunera iritsi nahian Mediterraneoko zeharkaldietan barrena. 2015ean 3.777 hil ziren, 2014an baino 2.000 gehiago. «Jakina zen funtsezko aldaketarik gabe 2016. urtea hilgarria izango zela, eta halaxe gertatu da», salatu dute agiriarekin bat egin duten 57 antolakundeek.
Heriotzez gain, antolakundeek atsekabea agertu dute Europako Batasunak ez duelako bete errefuxiatuak bere herrialdeetan kokatzeko adostutakoa. «Eta darabiltzen martxan, ezinezkoa dirudi hemendik 2017. urtearen amaierara horrelakorik lortzea», gaineratu dute.
Martxaren deitzaileen ustez, Europako Batasunak badu aski baliabide tekniko eta material orain arte hartutako errefuxiatu kopurua baino gehiago hartzeko eta modu hobean artatzeko. «Beste garai batzuetan egin zuen, eta orain ere ahalko luke. Baina horretarako bestelako politikak behar dira», adierazi dute.
Gauzak horrela, dei egin diete gipuzkoarrei martxoaren 19an Trintxerpetik Donostiara egingo den martxan parte hartzera, eta 57 antolakunde sinatzaileekin batera eskatu ditzatela errefuxiatuentzako asilo eskubidea eta benetako harrerak.
(Puede haber caducado)