Ohartarazpen bat Europari

Gaurko hauteskundeetan, Herbehereetako alderdi nagusi bihurtzeko lehian dabil Geert Wilders islamofoboa. Agintera heldu gabe ere, inguruko eskuin muturreko alderdiak hauspo ditzake

Berria, Samara Velte, 15-03-2017

Kontraesanezkoa eman dezake: sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatu zituen lehenbiziko herrialdean, eutanasiari buruzko eztabaida ongi ikusia dagoenean, populismo eskuindarra ari da agenda politikoa baldintzatzen. Gaurko bozetan ziurrenik ez da iritsiko agintera, baina hurrengo gobernuak haren itzalpean lan egin beharko du derrigor. Eta, nola edo hala, PVV Askatasunaren Alderdiak lortu du jada beste inork ezin izan duena: gainerakoak bere aldarrikapen xenofoboen doinura dantzan jartzea.

«Mundu guztia eskuinera mugitu da migrazio auziei dagokienez», uste du Wouter Van Acker (Terneuzen, Herbehereak, 1989) Lovainako Unibertsitateko Gobernantza Publikorako Institutuko ikertzaileak: «Alderdi guzti-guztiak, baita sozial demokratak, berdeak eta liberalak ere». PVVri izu gehien diona Mark Rutte lehen ministroaren VVD kontserbadorea da, Askatasunaren eta Demokraziaren Herri Alderdia. Azken lau urteotan PvdA sozialdemokratarekin koalizioan agindu du, baina boz hauetan boto-emaileen zigorra espero dute biek. «Ziurrenik oraindik ere alderdi nagusia izango den arren, VVDk hamabost eserleku inguru galduko dituela dirudi», azaldu du Van Ackerrek: «Horietako batzuk kristaudemokratetara joango dira, baina, nagusiki, PVVk profitatuko du galera horretatik». Boto-jarioa geldiarazteko, Wildersen kanpaina islamofoboari konpetentzia egiten saiatu da Rutte, bere leloak ere herritar musulmanen aurka erabiliz. Kanpainan, esaterako, gutun ireki baten bidez eskatu zien «normal» jokatzeko edo alde egiteko; iheslariei atea ixteko asmoa ere agertu du.

Eskuin berriaren sorleku

Europan indartzen ari den eskuin populistaren lehenbiziko katebegia dira Herbehereak; eta Wilders, haren adierazpen behinena. Alderdiaren leloak sinpleak eta ulerterrazak dira —orrialde bakarreko programa dauka—; estetika ikusgarria darabil, tonu aztoratzailea, eta herritarren beldurretara jotzen du zuzen-zuzen. Teknikoki, bere alderdiko kide bakarra da Wilders, eta herrialdean, telebistako izar bat ia. «Parlamentuan denbora gehien daraman diputatua da», azaldu du Van Ackerrek: «Aurten botoa emango duten batzuk oraindik jaio gabe zeuden bera hasi zenean».

Maila pertsonalean, aurrerakoi ageri da hainbat auzitan: agnostikoa da, LGTBen eskubideak defendatzen ditu, eta etxeko zaintzarako diru laguntzak murriztearen aurka egin du kanpaina. «Herbehereetako Donald Trump dela esan ohi da, baina alderantziz da: Trump da Geert Wilders estatubatuarra», azaldu du Van Ackerrek, barrez: «Trumpek orain egiten dituen gauza ugari aspalditik egiten zituen Wildersek. Hedabideei izkin egiten die Twitter erabiliz, eta konspirazio bat ikusten du haiengan. Sistema judiziala ere bere aurka dagoela uste du. Baina, beste aldetik, ahalegin handia egiten du berak ‘Mendebaldeko’ edo ‘Herbehereetako balioak’ deitzen dien horiekin lerratzeko. LGTBen artean, adibidez, botoak lortzen saiatzen da, musulmanek sexu berekoen arteko ezkontzei buruz duten irudiaz hitz eginez. Zalantzagarria da lortzen ote duen, baina saiatu behintzat egiten da». PVVren boto emaileak, nagusiki, landa guneetako gizonezkoak direla azaldu du, hezkuntza maila apalekoak, alderdi kontserbadorea bozkatu ohi dutenak. «Baina ez dira inolaz ere bakarrak, hiriko jende jantziaren artean ere jasotzen ditu boto batzuk».

Erresuma Batuan brexit-ak irabaziz geroztik, Europan «udaberri patriotikoa» loratzen ari dela uste du Wildersek. Frantziako Fronte Nazionaleko Marine Le Penekin, Austriako FP…ko Norbert Hofferrekin eta Alemaniako AfDko Frauke Petryrekin agertu izan da kanpainako ekitaldietan, eta, Erresuma Batuaren urratsei jarraikiz, Herbehereek ere Europako Batasunetik atera behar luketela defendatu du, alderdi moderatuagoak ere «Europaren gehiegizko eraginaz» hizketan jartzeraino. Hainbat hauteskunde deialdi garrantzitsuren atarian, are esanguratsua izan daiteke Wildersen garaipena. Apirilaren 19an Frantzian egingo dituzte presidentetzarako bozak; Alemanian, irailaren 24an; eta Italiakoak ere urtea amaitu baino lehen hel daitezke.

Zer gertatu da Herbehereetako herritarrek Wilders bezalako gizon bat lehenesteko? «Oraindik oso gizarte irekia gara sexu askatasunari edota kalamuaren legezkotasunari dagokionez, baina EBri eta migrazioari buruzko ikuspegia aldatu da. Jendea eszeptikoagoa bihurtu da», uste du Van Wouterrek. «2001eko irailaren 11tik joan da aldatuz. Hasieran, Pim Fortuyn geneukan, Wildersen aurrekaria. Oso maitatua zen; politikari berezia, baina oso eskuindarra eta islamaren aurkakoa». Hura aipatu ohi da eskuin mutur modernoaren adibide gisa. «Beraz, joera hau ez da Wildersekin sortu: gutxienez hamazazpi urte daramatza mamitzen, baina alderdi nagusiek gutxietsi egin dituzte migrazio eta integrazio auziek sortzen zituzten arazoak, Wilders bera sendotu den arte».

Aurreikuspenak

Herbehereetako Parlamentua Europako pluralenetakoa da. Denera, 28 alderdi aurkeztu dira gaurko hauteskundeetara, eta haietako 11 daude legebiltzarrean ordezkatuta, beste zortzi diputatu independenterekin batera. Oso zaila izan ohi da alderdi bakarrak botoen laurdena baino gehiago lortzea, eta, ondorioz, koalizioak osatzera behartuta egon ohi dira. «Arrunta da hiruko gobernuak osatzea; laukoak eta bostekoak, ordea, ez ditugu aspaldi eduki», azaldu du Van Ackerrek. Oraingoan gerta litekeela uste du: PVVk alderdi nagusi izatea lortzen badu, alderdi txiki ugarik elkartu beharko dute gobernu alternatibo bat sortzeko, guztiek hitzeman baitute ez dutela Wildersekin gobernatuko. «Negoziazio epe luzea izango dugu, alderdi antagonikoak elkartu beharko direlako halako gobernu bat osatzeko».

Ezkerreko koalizio zabal baterako aukera txikia ikusten du Van Wouterrek, hura oso zatituta dagoelako. Sozialdemokratak borrokan dabiltza Europako leku gehienetan izaten ari diren sinesgarritasun arazo berberekin; litekeena da koalizio handiaren murrizketak onartzeagatik zigorra jasotzea. Alderdi Berdearentzat, aldiz, hobeak dira perspektibak. 2012an bi eserleku baino ez zituen lortu, zeuzkan erdiak galduta; orain, jatorri indonesiar eta marokoarreko lider gazte baten agindupean, hogei diputatu ere lor litzakeela diote galdeketek.

Ustekabeko biraketa

Herbehereetako kanpaina aski sututa ez balego bezala, lehertzeko falta zitzaion gasolina erantsi dio Turkiak azken egunotan. Recep Tayyip Erdogan presidentea diasporako turkiarrengana heldu nahian ari da, apirilaren 16ko erreferendumean bere buruari botere exekutibo handiagoa emateko erreforma babes dezaten. Rutten gobernuak, ordea, eragotzi egin zien Ankararen bi ministrori Rotterdamen kanpaina egitea; besteak beste, Herbehereetako publikoaren sentimendu islamofobo guztia Wildersi ez oparitzeko.

Antzera egin dute Alemaniako, Austriako, Suitzako eta Danimarkako agintariek, eta Ankarak EBrekiko krisi diplomatiko bat eszenifikatu du, Herbehereetako enbaxadorea kanporatuz. Izan ere, orain, Europako populismo islamofoboak isla zuzena dauka beste aldean: Turkiako boto-emaile kontserbadoreen artean, oso eraginkorra da Europako Batasuna kritikatzea eta haren biktima gisa agertzea. Herbehereetan, eskuin muturrari ezin hobe datorkion «zibilizazioen arteko gatazkaren» irudikapena eragin du horrek, Erdoganen jarraitzaile ugarik protesta egin baitute Rotterdamgo kaleetan. Hango alderdiak lehian katramilatu dira, nork erakutsiko jarrera sendoena haien aurka. Eta galtzaile handi bat antzeman daiteke jada hauteskundeotan: aniztasunaren aldeko debatea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)