«Giza eskubideen sistema gobernu eta talde terroristen mehatxupean dago»

Munduko dozenaka herrialdetako giza eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu du NBEk. Kolektiboen kriminalizazioaz ohartarazi dute, urraketak egiteko aitzakia gisa erabiltzen baitituzte

Berria, Ander Perez Zala, 09-03-2017

«2017. urtea erabakigarria izango da. Talde terroristei aurre egiteko, gobernuek segurtasunean oinarritutako erantzunetan sakonduko ote dute, giza eskubideak urratuz? Populistek jarraituko al dute beldurraren eta ilusiorik ezaren sariak jasotzen? Nazioarteko sistema amildegira eramango al dute, autoritarioekin batera? Ala jokoan dagoena zer den ohartuko al dira nahikoa pertsona?». Galdera horiek eginez aurkeztu zuen Zeid Ra’ad al-Hussein NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak giza eskubideei buruzko urteroko txostena. Galderei erantzunik eman ez arren, ideia bat nabarmendu zuen: «Nazioarteko eskubideen sistema talde terroristen eta gobernuen meatxupean dago».

NBEren Giza Eskubideen Batzordeari aurkeztu zion txostena, munduko dozenaka herrialdetan izandako urraketen berri emateko —hainbat datu lortzeko izan dituzten zailtasunei ere garrantzia eman die—. «Talde terroristak» ere errudun diren arren, gobernuengan jarri zuen arreta gehienbat, eta giza eskubideen urraketa ez dela eskualde batera mugatzen azaleratu zuen. Goi mandatariaren ustetan, bi aukera daude soilik: «Elkarrekin lan egin, sistema salbatzeko, edo hiltzen utzi, horrek dakartzan ondorio arriskutsuei aurre egiteko». Kolektiboen kriminalizazioaz ohartarazi du, giza eskubideen urraketak egiteko aitzakia gisa erabiltzen baitituzte gobernuek eta «talde terroristek».

EUROPA
Kontinente zaharrera gerratik ihesean iritsi diren errefuxiatuei emandako erantzunetan jarri du arreta. «Kezka» agertu du al-Husseinek, EB migrazio politika bere mugetatik «kanporatzen» ari delako, batik bat errefuxiatuentzako zentroak eraikita: «Kanpoko eragileak nahasi ditu migrazio gaietan, giza eskubideekiko ardura gutxi erakusten duen bitartean. Kezkagarria da iheslarientzako zentroak sortzeko egin duen deia». Aldi berean, kritikatu du Europako «zenbait» politikariren jarrera gai horren inguruan, errefuxiatuak kriminalak dira diskurtsoa zabaltzeagatik. Bi adibide aipatu ditu. Batetik, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen joan den asteko adierazpen bat ekarri du gogora: «Arrakasta ekonomikoaren giltzarria da etnia homogeneo bat izatea». Ideia horrekin lotu du herenegun hartutako erabakia: Hungariak mugara iristen zaizkion immigrante guztiak atxilotuko ditu —atzo gaitzetsi zuen erabakia Europako Batzordeak—.

AFRIKA
Hego Sudanen, gosetea abiadura handian hedatzen ari den bitartean, gerra krimenak, hilketak, bortxaketak, bahiketak, eta abar. gertatzen ari direla gogorarazi du NBEko Giza Eskubideen goi mandatariak. «Hego Sudan giza eskubideak errespetatzeko sortu zen herrialdea da, baina, urteak pasa ahala, ideia hori saldu egin dute». Gatazkan gero eta aktore gehiago sartu diren heinean, giza eskubideak are gehiago urratu dira, egoera «larri» batera iristeraino, azaldu duenez.

Malin ere giza eskubideak urratu dituztela gehitu du, «muturreko tandeen» errepresioaren ondorioz, batez ere Mopti eta Segou eskualdeetan. Laguntza humanitarioa daramaten ibilgailuen aurkako erasoak ere salatu ditu: «Eskualde horietatik ihes egitea beste aukerarik ez dute herritarrek». Burundin, aldiz, eskubide politikoen urraketan jarri du arreta: «Egun, espazio demokratikoa ia iraungita dago». Horren ondorioz, segurtasun indarrek eta Imbonerakure miliziak —boterean dagoen CNDD-FDD alderdiaren aliatua— «gehiegikeriak» egiteko aukera aurkitu dute, hala nola torturak, bahiketak edota atxiloketak: «2.500 atxilotu askatzeko erabakia keinu baikorra da, baina oraindik milaka pertsonak kartzelan jarraitzen dute, gobernuaren aurka egiteagatik».

EKIALDE HURBILA
Ekialde Hurbilean, Turkiako Gobernuaren neurriak hartu ditu adibide gisa al-Husseinek, batez ere larrialdi egoeran izandakoak: «Helburua da gobernuarekin kritiko direnak atxilotzea». «Lazgarriak» diren erabakiak gaitzetsi ditu, eta ohartarazi du uztailaz geroztik politikari, kazetari, epaile eta zibilak arrazoi horregatik atxilotu izanak zilegitasuna kendu diezaiokeela apirileko erreferendumari —sistema presidentzialista ezartzeari buruzko galdeketa—.

Egipto ere izan du mintzagai, kasu horretan eskubide politikoen urraketengatik ere: «Gizarte zibila, giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak isilarazten ari dira pixkanaka, eta horretarako hainbat baliabide dituzte, esaterako atxilotzeak, bidaiatzeko betoak, finantza zigorrak eta salaketak». Sinai penintsulan EI Estatu Islamikoaren aliatuen eta segurtasun indarren arteko borroken ondorioz, herritarrek ihes egin behar izan dute bertan ez hiltzeko. Urtero bezala, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka aipatu du al-Husseinek, oraindik ere palestinarren oinarrizko beharrak ez baitira betetzen. Goi mandatariak epaiketarik atxilotze luzeen amaiera eskatu du, batik bat epaiketarik gabe egiten baitira, eta gaitzetsi egin ditu bai Zisjordaniako kolonien legeztatzea, baita palestinarren lur pribatuetan eraikitako kolonien legeztatzea ere, giza eskubideen urraketak direlakoan.

ASIA
Giza eskubideak urratzen dituzten herrialde gehien dituen kontinentea da Asia, betiere txostenaren arabera. Al-Husseinek gogorarazi du munduko exekuzioen %90 Txinan, Saudi Arabian, Iranen eta Pakistanen egiten dituztela. Iranen jarri du arreta Giza Eskubideen goi mandatariak: «Bi gazteren exekuzioak gelditu dituzte, albiste ona da, baina oraindik 80 bat herritar daude heriotzako itxarongelan. Heriotza epai gehienak drogarekin lotutako delituen ondorioz dira; droga delitu batengatik zigor hori jasotzea gehiegizkoa da». Aurten 116 exekuzio izan dira herrialdean; 2016an, 530. Irango egoeraz gain, Myanmargo Rohingya etnia musulmanaren aurkako jazarpenaz ohartarazi du, gizateriaren aurkako krimentzat jotzeraino. «Masan egindako hilketak, tiroketak, bortxaketak, horren ondorioz 73.000 rohingya inguruk ihes egin behar izan dute». Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikertzeko modukoa, haren ustetan. Filipinetako presidente Rodrigo Duterteren «drogaren aurkako kanpaina» ere kritikatu du, 7.000 herritar legez kanpo hiltzeagatik. Irak eta Siriako gerretako urraketak ere salatu ditu Giza Eskubideen goi mandatariak.

AMERIKA
Amerikari begira, Donald Trump AEBetako presidentea kritikatu du gogorren al-Husseinek: «Adierazpen arrazistek, eta mexikarrak eta musulmanak etengabe iraintzeak gehiegikeria xenofoboak azaleratuko ditu». Sei herrialderi ezarritako betoa kritikatzeaz gain, kanporatze masiboak gaitzetsi ditu, nazioarteko legediak debekatzen dituenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)