Hungariak mugara iristen zaizkion immigrante guztiak atxilotuko ditu

Kanporatu ezin dituenak kontainer egokituetan sartuko ditu, egoera argitu arte. 2013an onartu zuen legea, baina bertan behera utzi behar izan zuen EBren eta nazioartearen salaketen ondorioz

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 08-03-2017

Hungariak Europari bidea markatzen dio. Hesien eta kanporaketa masiboen bidez kontinentea gotortzeko estrategiak gero eta jarraitzaile gehiago dauzka; etsenplua da euroeszeptikoentzat, kontzientzia eragozpena praktikan jarria baitu aspaldian migrazioari buruz Europako Batasunetik etor litezkeen neurriak ez aplikatzeko. Legebiltzarrean gehiengo osoa duen Viktor Orban lehen ministro ultranazionalistaren gobernuak beste garaipen bat lortu du, immigrante guztiak automatikoki atxilotzeko erabakia hartuz, EB eta NBE Nazio Batuen Erakundearen araudiaren kontra.

Iristen diren guztiak atxilotuko dituzte, eta itzularazi ezin dituztenak, hau da, asilo eskatzaileak, zentro itxietan edukiko dituzte, trantsizio eremuetan eraikiko dituzten kontainer egokituetan, batez ere hegoaldeko mugan, Serbiarekin partekatzen duen eremuan. Iritsi berriez gain, dagoeneko asilo eskaera egina dutenak ere bertan sartuko dituzte. Gaur egun 586 pertsona soilik daude asiloa eskuratzeko zain.

2015 . eta 2016. urteen artean, dozenaka mila pertsona heldu ziren Hungariara, baina gehienentzat igarobidea besterik ez zen, beste norabait joateko. Orban izan zen lehena Europan alde bakarreko erabakiak hartzen, Balkanetako ibilbidearen garairik beroenean. 175 kilometroko hesi bat eraiki zuen Serbiarekin duen mugan, eta alerta egoera ezarri zuen, oraindik ere indarrean dagoena. Ekinaldi horrek bidea ireki zion Bruselaren ate itxien politika berriari.

Orbanek esan du migrazioa eragozteko politika gogorrei eutsiko diela. Haren ustez, «Hungaria setio egoeran» dago, eta, gaur egun kopurua jaitsi bada ere, «behin-behinean» jaitsi da; izan ere, haren ustez, «immigrazioa terrorismoaren Troiako zaldia da, eta ehunka mila pertsona ari dira Europara sartzen pentsatzen».

2013ra arte Hungariak orain onartu duenaren antzeko legedia zeukan, baina bertan behera utzi behar izan zuen EB, NBE eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren presioen ondorioz. Baina orduan immigrazioak ez zuen goia jo, eta Hungaria ez zen EBra sartzeko sarrera garrantzitsuenetakoa. Orain ikusi beharko da EBk nolako presioa egiten duen, egoera aldatu baita.

EB ere bide beretik

Ez da gauza bera, baina antzekotasunak baditu: joan den astean, Itzultze Zuzentaraua aplikatzea aholkatu zien EBk estatu kideei, errefuxiatu estatusa ez dutenak lehenbailehen kanporatzeko mekanismo gisa. Neurri hori onartu zutenean, zuzentarau lotsagarria izena jarri zioten giza eskubideen aldeko erakundeek. Zuzentarauaren arabera, legez kanpokotzat dituzten pertsonak hemezortzi hilabetera arte eduki ditzakete atxilo, kanporatze aginduak tramitatu bitartean. Eta behin kanporatuta, ezingo dira bost urtean Europara itzuli. Adingabeak ere ez dira baldintza horietatik salbuetsita geratzen.

Bien bitartean, Europako Legebiltzarrak herri batek hartu behar dituen errefuxiatu bakoitzeko ezarrita daukaten zigorra kentzeko eztabaida abiatuko du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)