IHESLARIAK

Asiloa eskatuko dute joan den astean Elorrion topatu zituzten zazpi kurduek

Berria, Berria, 07-03-2017

Euskadiko CEARek jakinarazi du bi familiek Espainiako Estatuan eskatuko dutela babesa. Durangoko etxe batean daude. Kamioi batean zihoazela topatu zituzten zazpi lagun joan den asteazkenean. Kurdistango hiru heldu —bi emakumezko eta gizonezko bat— eta lau adingabe ziren; asteazkenean bertan jaso zuten osasun arreta, atoiaren barruan hamabost ordu egin eta gero. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ez zeramaten dokumentaziorik aldean, baina gerora jakin da errefuxiatu kurduak direla, eta bi familiatako kide direla.
CEAR Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordeak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuan eskatuko dute asiloa. Hala ere, oraindik ez dute formalki aurkeztu eskaera, eta hala egiten dutenean ere ez dute horren berri emango, zazpi lagunen intimitatea babesteko. Elkarteak azaldu du Espainiak sei hilabete eta urte eta erdi arteko epea izango duela erantzuteko.
Espainiako Gobernuak asiloa ukatzen die hamar eskatzailetatik zazpiri, CEARek gogorarazi duenez. Beste datu bat ere ekarri du gogora: 2015ean 163 lagunek eskatu zuten babesa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta kopurua hazi egin da 2016an.
Erantzuna jaso artean, zazpi iheslariek Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzaren harrera sisteman parte har dezakete. Gaur – gaurkoz, Durangoko Udalak utzitako etxebizitza batean daude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)