Errefuxiatuen harrera protokoloan euskara aintzat hartzea eskatu du UEMAk
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak landutako proposamena zuzentzea eskatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, gaztelania baino ez duelako aipatzen
Diario Vasco, , 06-03-2017Ohar baten bidez jakinarazi duenez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eskatu du errefuxiatuen harrera protokoloa zuzendua izan dadin, «babesarekin batera euskara ere jaso dezaten». Oharrean gogoratu duten Mankonunitatea osatzen duten EAEko udalek otsainean jaso dutela Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak landutako proposamena «asiloa eskatzen duten pertsonen harrera hobetzeko Errefortzu Sistema Osagarriari dagokiona».
Proposamena biltzen duen dokumentu horretan, Lehen urratsak Euskadin etapa berria abiarazteko errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko prozesuetan izenburupean, errefuxiatuak udalerrietan hartzeko erakunde ezberdinek landu nahi duten protokolorako proposamena egiten da.
UEMAri «beharrezkoa eta lehentasunezkoa iruditzen zaio protokoloa, Euskal Herrira helduko diren errefuxiatuek merezi duten babesa eta arreta ahalik eta egokiena izan dadin», baina «larria iruditzen zaio errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak kontuan ez hartzea eta, areago, laguntza entitateek udalekin itaunduta ‘gaztelaniaren ikaskuntzaren ardura’ izango dutela aipatzea, berariaz».
2015eko proposamena
«Gai honen harira – dio oharrak – , 2015eko irailean egin zien UEMAk lehen proposamena gainerako erakunde publikoei eta herri mugimenduei, udalerri euskaldunetara heltzen diren pertsona guztientzat oinarrizkoa den abiapuntuaren ildotik». Izan ere, Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzetan, «udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, elikagaiekin, arropekin edo aterpearekin batera. Gure artean errotuko diren ehunka errefuxiatuei euskara ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko. Ikastolak, eskolak eta euskaltegiak zabaltzeko ordua da, beraz. Era berean, erakunde publikoetatik bideratuko den laguntza euskara ikasteko ere izan dadin bermatzea dagokigu».
Horretarako, «hainbat neurri proposatu zituen UEMAk 2015eko irailean, UEMAko kide diren eta errefuxiatuak hartuko dituzten udalerrietan kontuan hartzeko». Proposatu zuen, besteak beste, «errefuxiatuei hasieratik ezagutzera ematea gure herrietako errealitatea, hauetan erabat errotzeko euskara ikastearen garrantzia nabarmenduz» eta haur eta gazteen kasuan, «eskolaratzea ahalik eta samurrena izan dadin, euskara ikasteko errefortzu ikastaroak bermatzea, herrietan horretarako baliabideak jarriz edo indartuz».
Helduen kasuan, berriz, helburua da «doako euskalduntzea bermatzea, hala badagokio horretarako berariaz salbuespen neurriak onartuta». Horretarako, egokia litzateke «aldez aurretik herriko euskaltegiekin biltzea eta lanerako protokoloa zehaztea, bai euskaltegiak horretarako prestatuz eta bai mintzalagun sareak indartuz». «Etorri berrien euskalduntzeak duen garrantziaz ohartuta, UEMAk bere baliabideak jarri zituen udalen eskura, gai honen inguruko zalantzak argitzeko edota egin beharreko urratsetan laguntzeko», azaldu du Mankomunitateak.
Bazterketa arriskua
UEMAko kide ez diren udalei dagokienez, berriz, UEMAk eskaera zuzena egin zien errefuxiatuen etorrera koordinatzen ari ziren Euskal Herriko erakunde publikoei, errefuxiatuei euskara ematearen garrantziaz ohartu eta horretarako bitartekoak jar zitzaten lehen egunetik, «gure hizkuntza eskaintzea osasun arreta, aterpea eta elikagaiak ematea bezain beharrezkoa delako».
Orain, 18 hilabete geroago, errefuxiatuen harrerari buruzko protokoloaren proposamena aurkeztu die Eusko Jaurlaritzak erakunde publikoei. Lehendakaritzaren baitako Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak otsailean egindako proposamenean, ordea, ez da euskararen inguruko neurririk zehazten erakunde publikoei dagokien ekarpenetan.
Areago, laguntza entitateei dagokien ekarpenari dagozkien ardatzetan, zehazki, honakoa ere aipatzen da: «Gaztelaniaren ikaskuntzaren ardura hartuko dute, udalekin itaunduta». UEMAko lehendakari Josu Labakaren ustez, «larria» da «udalerri euskaldunetara eta Euskal Herriko gainerako herrietara helduko diren errefuxiatuei euskara ez ematea, asilo eskaera egiten duten horiek guztiak berriro ere baztertzea dela sinetsita».
Proposamena zuzendu nahian, UEMAren zuzendaritza batzordeak pasa den astean erabaki zuen bai Eusko Jaurlaritzari eta bai gai honetan eskumena duten foru aldundiei, udalei eta erakunde publikoei «eskaera ofizialak bidaltzea, erakunde publikoen, entitate homologatuen, udalen eta laguntza entitateen ekarpenei dagozkien puntuetan, berariaz, ‘Euskararen ikaskuntzaren ardura hartuko dute, udalekin itaunduta’ gehitzea eta horretarako neurriak hartzea» eskatuz, gaur egun UEMA osatzen duten 82 udalen eta 240.000 biztanle baino gehiagoko lurgunearen izenean.
(Puede haber caducado)