IHESLARIAK

Durangoko etxe batean daude, onik, Elorrion topatutako zazpi iheslariak

Berria, Berria, 03-03-2017

Euskal Herrian geratzea eskainiko die Bizkaiko Aldundiak Elorrion topatutako zazpi errefuxiatuei. Kamioi baten atoian ezkutatuta zihoazen zazpi pertsona atzeman zituzten atzo arratsaldean, Elorrion, Bizkaian: hiru heldu —bi emakumezko eta gizonezko bat— eta lau adingabe. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, ez zeramaten dokumentaziorik soinean, baina gerora jakin da errefuxiatu kurduak direla. Ertzaintzaren zaintzapean geratu ziren atzo iluntzean; bertako iturriek adierazi dute osasun arreta eman zietela, baina ez dute zehaztu zer gertatuko den haiekin datozen orduetan, hau da, errefuxiatuentzako programaren batera bideratuko dituzten ala ez.
Bi familiako kideak dira, eta onik daude denak, Durangoko etxebizitza batean, bertako udalak Europa Press agentziari jakinarazi dionez. Aitziber Irigoras alkatea eta Pilar Rios Gizarte Ekintzako zinegotzia bertara joatekoak dira, udalaren baliabideak eskaintzeko. 13:00erako Bozeramaileen Batzordera deitu du udalak. Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu eta Berdintasun diputatuak jakinarazi du Euskal Herrian gelditzea eskainiko dietela zazpiei.
Auzia udalaren eta diputazioaren esku dago, eta oraingoz ez dute Jaurlaritzaren beharrik, Gizarte Politikako Sailak jakinarazi duenez. Hala ere, sail horretako iturriek adierazi dute giza eskubideek “beste ezeren gainetik” egon behar dutela.
CEAR Euskadi errefuxiatuei laguntza emateko elkarteko zuzendari Patricia Barcenak ere hizpide izan du gaia. Nabarmendu du zazpi lagunek “harrerarako eta babestuak izateko eskubidea” dutela. Uste du zuzen jokatu dutela Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak: “Pertsona bat egoera horretan topatzen duzunean, egin beharreko lehenengo gauza da leku seguru batera eramatea eta bere osasunaz eta segurtasunaz kezkatzea”.
Segurtasun Sailaren arabera, ibilgailuaren gidariak berak aurkitu zituen, Elorrioko biltegi batean, zama kamioitik ateratzera zihoala, 16:30 aldera. Pertsona bat atoian ezkutatuta ikusi zuen, eta Ertzaintzari deitu zion berehala; poliziek topatu zituzten beste seiak. Kamioia Valentziatik (Herrialde Katalanak) heldu zen Euskal Herrira, baina gidariak eta poliziek ez dakite non eta noiz igo ziren zazpi pertsonak ibilgailuko atoira.
Paperik gabeak atzeman ostean, herritarren babeserako patruila bat joan zen Elorriora, eta haien ardurapean geratu ziren zazpiak, Poliziaren egoitza batean. Osasun arreta jaso zuten, Ertzaintzak nabarmendu duenez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)