Gauza bera, beste modu batera

Donald Trump AEBetako presidenteak lehen hitzaldia eman du Kongresuan. Ohikoa baino tonu lasaiagoa erabili du, baina kanpainako mezua berretsi du, plan zehatzik proposatu gabe

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 02-03-2017

Dekretu bidez agindu du Donald Trump AEBetako presidenteak 40 egunean, Etxe Zurian dagoenetik, baina, immigranteen kontrako neurri polemikoez harago, Amerika handi eta zuri baten promesa egiteaz gain, plan ekonomiko, politiko eta sozial gutxi eman ditu haren agintaldiak, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak eztabaidatu eta onartzeko egitasmo landurik ez. Kongresuari mintzatuz egin duen lehen diskurtsoak betikoa erakutsi du, modu neurritsuagoan eta solemneagoan emana izan bada ere.

Etxe askotako telebistak bereganatu zituen haren diskurtsoak. Kongresuaren aurrean egindako lehen hitzaldia izanagatik, interes berezia sortu zuen proposa zezakeenak. Hainbat egunkaritako kazetariak etxe horietako batzuetara sartu ziren herritarrek zer inpresio jaso zuten jakiteko. Bat zetozen kronika guztietan. Presidentearen kontra eta alde bozkatu zutenek baieztapen bera egin zuten: «Inoiz baino presidenteago egon da». Ohikoa duen tonua baretu zuen, eta estatubatuar guztientzat hitz egin, Amerika batzeko aldarria ere egin zuen, errepublikanoen txaloen artean. Bestelako soinua zuten esaldiek, baina gauza bera esan zuten: ahazturik egon den estatubatuarrarentzat eraikiko du Amerika handia, hesi bikain-bikain baten atzean.

Egitasmoen ikusmina ikusmin da oraindik ere. The New York Times egunkariak editorialera eraman zuen izenburuak, Trumptopiaren ikuskerak, ezin hobeto laburbiltzen du haren jarduna: kanpainan egin zuen promesa berresten duela: ekonomiak eta Washingtonek jipoitu dituzten emakume eta gizonen ordezkaria izango dela. Globalizazioaren kontrako agendaren hamaikagarren diskurtsoa izan zen, esan gabe nola egingo duen legez kanpoko immigrazio amaitzeko, herrialdeko barne egiturak eraikitzeko, armada berregituratzeko, eta Obamacare aldatzeko. Agindu zuen presidente kargua hartu eta lehen gauzetako bat osasun erreforma bertan behera uztea izango zela, baina ez du halakorik egin. Aurrekontuen zirriborroan ere arlo horretan ez ditu errepublikanoek ohikoak dituzten murrizketak barneratu.

Immigrazioaz

Immigrazio politikari dagokionez ere, nahasgarria izan zen atzoko mezua argigarria baino gehiago. Hitzaldia baino ordu batzuk lehenago, komunikabideei iradoki zien esku gogorra alde batera utzi eta bidea aurkituko zuela deliturik ez duen legez kanpoko immigrantea legeztatzeko. Diskurtsoan ere esan zuen demokraten eta errepublikanoen artean bide bat aurki daitekeela, hamarkadetan izan den hutsunea betetzeko. Baina, jarraian, kanpainaren ildoak berreskuratu zituen: «Hitz egiten ari garen bitartean, narkotrafikatzaileak eta kriminalak mugitzen ari gara, gure komunitateak eta gure herritarrak zelatatzen eta mehatxatzen dituzten horiek. Gaiztoak joaten ari dira hitz egiten ari garen bitartean, eta agindu nuen bezala».

Estatubatuar langileentzako Amerika handia eraikitzeko, berretsi du Mexikoko mugarako pentsatua daukan hesi erraldoia aurreikusitakoa baino lehen jarriko duela.

Hitzalditik onik atera dela diote inkestek, eta kritikak zehaztugabetasunetik etorri zaizkio. Horregatik, beharbada, «hitzaldiaren arrakasta» baliatu nahi du presidenteak bere agendaren urrats zehatzak egiteko, Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak azaldutakoaren arabera. Ez dirudi, hala ere, oraingoz urratsak herri musulmanen betoarekin zerikusirik izango duenik. «Ez gaude hor oraindik».

Izan ere, ordu batzuk lehenago, gehiengo musulmaneko zazpi herrialdeei AEBetara sartzeko ezarritako beto polemikoaren bertsio gaurkotua sinatuko zuela esan zuten hainbat egunkarik, gobernuko iturri anonimoak aipatuz. Urtarrilaren amaieran sinatu zuen erabakia, eta, berehala, auzitegiek geldiarazi egin zuten, Konstituzioa urratzen duelako zantzuak argitu bitartean. Auzitegi Gorenak erabaki beharko du, baina, deliberazioak luze jo dezakeela eta, hura moldatzekotan dabiltza, eta egunotan sinatuko dutela egunerokoa bilakatu da.

Zazpi herrialde jarri zituen jomugan Trumpek: Siria, Iran, Irak, Yemen, Sudan, Somalia eta Libia, eta orain, filtrazioen arabera, Irak zerrenda beltzetik aterako dute. Herri horietako jatorria izan arren, AEBetan bizitoki finkoa dutenak ere kanpoan utziko ditu dekretu berriak, baita bisa lortua dutenak ere.

Herrialde horietako herritarrei AEBetara sartzea debekatu zien 90 egunez, eta 120 egunez errefuxiatu programaren barruan sartzen direnei. Siriarrei, berriz, betiko debekatu zien sarrera. Oraingoan, siriarrei ezarritako betoa ere kendu du. Horrez gainera, dekretua sinatuta egonda ere, ez da berehalakoan indarrean sartuko, aurrekoak sortu zuen kaosa saihesteko.

Zinkeren izendapena

Ryan Zinke izendatu zuen atzo Senatuak Barne idazkari. Lurralde federalak, parke naturalak eta indigenen erreserbak kudeatzea egokituko zaio. Zinkek ez du ukatzen klima aldaketa, baina zalantzan jartzen du gizakiaren esku hartzea. Ekologistek gogor kritikatu zuten atzo haren izendapena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)