Europan preso, kanporatu arte

Europako Batzordeak eskatu du paperik gabeko pertsonen atxiloaldia luzatzeko deportatu bitartean, ihes egin ez dezaten. Europako Batasunean 1,1 milioi pertsona daude egoera horretan

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 03-03-2017

Europan legez kanpo joan-etorrian dabiltzanen kopurua jasanezina egiten ari zaio Europako Batasunari, kontrolaezin, haren hitzetan, «arriskutsu», iristen eta geratzen direnak oraindik ere gehiago baitira, kanporatzen dituenak baino. Horregatik, estu lotu nahi du hartzeko prest ez dagoen kanpotarra, bere herrira itzularazten duen arte, giza eskubideak urratu behar baditu ere. Itzultze Zuzentaraua da eskubide urratzaileen adibide argia gobernuz kanpoko erakundeentzat, eta atzo, Europako Batzordeak araudiari zuku guztia ateratzeko premia dagoela esan zien estatukideei. Errefuxiatu estatusa ez dutenak lehenbailehen kanporatzeko mekanismo gisa proposatu du.

2005ean hasi ziren lantzen zuzentaraua, eta 2008an onartu zuten, Europako Legebiltzarra eskuinerantz egiten ari zela, eta krisi ekonomikoa eskuin muturra hauspotzen. Itzultze Zuzentarauari zuzentarau lotsagarria izena jarri zioten immigranteen eta giza eskubideen aldeko elkarte eta erakundeek, pertsonen oinarrizko babes eta bermeak urratzen zituelako. Kanpainak ere egin zituzten neurrien kontra. Zuzentarauaren arabera, estatukideek legez kanpokotzat dituzten pertsonak hemezortzi hilabetera arte eduki ditzakete atxilo, kanporatze aginduak tramitatu bitartean. Eta behin kanporatuta, ezingo dute bost urtean Europara itzuli. Adingabeak ere ez dira baldintza horietatik salbuetsita geratzen, eta berdin dio lagunduta edo bakarrik dauden. Atxilotu eta kanporatu berdin-berdin egin ditzakete.

Europako Batzordearentzat deportazioak azkartzeko modu eraginkorrena da. Espainian eta Frantzian, besteak beste, praktikan bi hilabete izaten dituzte gaur egun atxilo, eta maiz denbora hori ez da nahikoa izaten itzultzeko tramitea bideratzeko. Europako Batzordeak uste du, gaur egun gutxi gorabehera 1,1 milioi pertsona daudela egoera horretan Europan, alegia, kanporatze agindua edo asiloa tramitatu bitartean ahal duten moduan bizitzen, baina zentro batean egon gabe. Kopuru horretatik kanpo leudeke beren egoera legeztatzeko eskaerarik egin ez dutenak: ez dakite zenbat diren.

Dimitrios Avramopolulos Immigrazio komisarioak horrela arrazoitu du batzordearen gomendioa: «Errefuxiatu estatusa izateko eskubidea ez dutenak itzularazi egin behar dira, eta, bien bitartean, lekuren batean egon behar dute, baldintza duinetan, ihes egitea saihestu dezagun».

Ihes arriskua neurtzeko hainbat irizpide erabiltzea proposatu du Avramopolulosek: dokumentazio faltsua daramatenak, indarkeria erabili dutenak, poliziekin lankidetzan aritu nahi ez dutenak eta zentroren batera joateari uko egin diotenak dira Bruselarentzat arriskutsuak.

Atxilo zentroak zer diren ere argitu du: «Ez dugu esaten kontzentrazio esparruak eraiki behar direnik. Leku duinak behar ditugu, babeslekuak». Baina Europan atzerritarrentzat propio dauden zentro gehienak espetxe itxura handiagoa dute babeslekuenak baino. Herrialdearen arabera, izena ezberdina izaten dute: CIE, IEC, CRA, baina izaera antzekoa, eta besteak beste, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian eta Grezian, protestak egin izan dituzte egoera tamalgarria salatzeko.

Zentroetan fitxatuta edukitzeaz gainera, deportazioetarako administrazio lanak azkartzeko mekanismoak jarri nahi dituzte, eta, borondatezko kanporatzeak bultzatzeko ere bai. Ekainaren 1etik aurrera plan berezia jarriko dute martxan. EBk hamazazpi herrialderekin dauzka aberriratze hitzarmenak eginda, baina gehienetan ez dira ongi betetzen, herrialdeetako egoera ere ez delako samurra.

AIren kritikak

Atxilo zentroen gordintasuna gizatasunez janzteko, mehatxu bat egin die Bruselak estatukideei: asilo eskatzaileak hartzeko konpromisoa betetzen ez badute espedientea zabalduko diete. 2105eko irailean Europako Batasunak konpromisoa hartu zuen bi urtean 160.000 asilo eskatzaile herrialdeetan banatzeko. Orain arte 13.546 bakarrik hartu dituzte, eta 2.500 bidean dira.

AI Amnesty Internationalentzat ,«hipokrita da konpromisoak betetzeko eskatzea, ez dituztelako beteko, eta ez delako ezer gertatuko horregatik»; hala salatu du Iverna McGowanek erakundearen izenean. Era berean, atzerritarrak kanporatu arte neurririk gabe atxilotzeko gomendioa «krudela» iruditzen zaio: «Europako Batzordeak presio egiten du bitarteko guztiak erabiltzeko immigranteeen aurka, baina pertsonarik zaurgarrienak dira haiek, laguntza behar dute, eta ez jazarpena eta mespretxua. Haiek gauez atxilo hartzea ez da zilegi, gizarte langileei eta medikuei esku hartzeko eskatzea ere ez». Eta «benetan larria» umeekiko jarrera dela uste du: «Atxiloketa erregimenean sartzeak erakusten du norainokoa den Europako Batasunaren gainbehera».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)