Paperik gabeko zazpi pertsona atzeman dituzte kamioi batean

Elorrion aurkitu dituzte; tartean daude lau adingabe. Ertzaintzaren ardurapean daude; osasun arreta jaso dute

Berria, , 03-03-2017

ELORRIO. Kamioi baten atoian ezkutatuta zihoazen zazpi pertsona atzeman zituzten atzo arratsaldean, Elorrion (Bizkaia): hiru heldu —bi emakumezko eta gizonezko bat— eta lau adingabe. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, ez zeramaten dokumentaziorik soinean; hedabide batzuek zabaldu dute errefuxiatu kurduak direla. Ertzaintzaren zaintzapean geratu ziren atzo iluntzean; bertako iturriek adierazi dute osasun arreta eman zietela, baina ez dute zehaztu zer gertatuko den eurekin datozen orduetan, hau da, errefuxiatuentzako programaren batera bideratuko dituzten ala ez.

Segurtasun Sailaren arabera, ibilgailuaren gidariak berak aurkitu zituen, Elorrioko biltegi batean, zama kamioitik ateratzera zihoala, 16:30 aldera. Pertsona bat atoian ezkutatuta ikusi zuen, eta Ertzaintzari deitu zion berehala; poliziek topatu zituzten beste seiak. Kamioia Valentziatik (Herrialde Katalanak) heldu zen Euskal Herrira, baina gidariak eta poliziek ez dakite non eta noiz igo ziren zazpi pertsonak ibilgailuko atoira.

Paperik gabeak atzeman ostean, herritarren babeserako patruila bat gerturatu zen Elorriora, eta haien ardurapean geratu ziren zazpiak, poliziaren egoitza batean. Osasun arreta jaso zuten, Ertzaintzak nabarmendu duenez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)