854 lagunek lortu dute azken bost egunetan Ceutako hesia gaindituta Espainian sartzea
Rabatek hil hasieran ohartarazi zuen «mugazain» izateari utziko ziola Marokoren eta Europaren arteko itunak hautsiz gero. Gainezka egin du Ceutako CETIak
Berria, , 21-02-2017356 lagunek lortu zuten atzo goizaldean Maroko eta Espainia banatzen dituen hesia gainditu eta Ceutara sartzea. Guztira, beraz, 854 migratzailek lortu dute 72 orduan jauzia egin eta Europara iristea. Izan ere, atzokoa ez zen izan azken astean egindako lehenengo hesi jauzi masiboa; ostiralean ia 500 pertsonak lortu zuten Ceutara heltzea. Orain arte, sei metro garai den hesia gainetik pasatuta lortzen zuten Marokotik Espainiara igarotzea. Azken saioetan, berriz, hesiaren ate batzuk apurtuta lortu dute muga igarotzea. Inoizko jauzialdi jendetsuenak izan dira horiek.
Europako Mugetako eta Kostetako Guardiaren Agentzia Frontexen arabera, 2016an 10.700 pertsona saiatu ziren Espainiara iristen. Azken egunetan, berriz, 1.200 pertsonatik gora saiatu dira Ceutako hesia gainditzen. Melillan ere egin zuten saiakera joan den astean 200 bat lagunek. Horietatik 20k soilik lortu zuten Espainian sartzea.
Oraingoan, eguraldi kaskarra dela eta, immigranteen etorrerak ezustean harrapatu zituen mugazainak eta Guardia Zibila atzo goizaldean. Ordea, erakunde ugarik salatu izan dute Marokok Europari presio egiteko erabiltzen duela muga. Aziz Ajanuch Marokoko Nekazaritza eta Arrantza Ministroak berak hilabete hasieran ohartarazi zuen Marokok Afrika eta Europa arteko «mugazain» izateari utziko ziola batasunaren eta Marokoren arteko merkataritza ituna hautsiz gero. «Nola nahi duzue Marokok immigrazioa geldiaraztea Europak ez badu gurekin lan egin nahi?» galdegin zuen Ajanuchek otsail hasieran hedabideei egindako adierazpen batean. Era berean, «immigrante olatuak» blokeatzea «kostu handikoa» dela adierazi zuen ministroak, eta hori Europak «kontuan hartu» beharko lukeela azpimarratu zuen.
Hain zuzen ere, Marokok eta Europako Batasunak 2012an sinatu zuten lankidetzarako ituna. Hitzarmenean, Marokok batasunera arrantzako eta nekazaritzako lehengaiak esportatzeko baldintzak zehaztu ziren. Joan den abenduaren 21ean, ordea, Europako Auzitegi Nagusiak itunaren legezkotasuna zalantzan jarri zuen, eta ukatu egin zion Marokori Mendebaldeko Saharako lurraldeetan ustiatutakoa Europari saltzeko baimena. Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erresumaren parte argudiatu zuen sententziak. Orduan, Marokoko Gobernuak ohar egin zuen: «Ondorio handiak ekar ditzake merkataritza ituna erabat ez betetzeak». Nekazaritza ministroak berak ere esan zuen ondorioak merkatu arloan edo migrazio politikan antzemango zirela.
Epaia atera eta bi hilabetera, bost egunean 854 pertsonak gainditu dute hesia. Marokoko Gobernuak, ordea, ez du esan ituna haustearen ondorio izan denik gertaera. Are gehiago, gobernuak prentsa ohar baten bidez adierazi zuen ostiralean bertan 250 laguneko hesi jauzi masiboa etetea lortu zuela. Mugak Ibiliz erakundeko kideek, ordea, baieztatu dute Poliziaren presentzia txikiagoa izan dela azken saialdietan. Espainiako Gobernuak ere ez dio errurik bota Marokori, eta horrelako egoerak eragozteko Rabatek «ahal duena» egiten duela adierazi du.
Muturreko egoera
Ugari izan dira zauritutakoak 1.200 lagunetik gorako saialdi horietan, eta dozenaka migratzaile artatu behar izan dituzte Ceutako ospitalean. Gainera, gainezka egin du CETI Etorkinak Behin-behinean Hartzeko Zentroak. Izatez, 512 pertsonentzako lekua du guneak, baina, azken bost egunetako gertakarien ostean 1.400 lagun daude pilatuta.
Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute Gurutze Gorriak eta zenbait gobernuz kanpoko erakundek. Ceutako Gobernuak, aldiz, laguntza eskatu dio Espainiako armadari egoerari aurre egiteko. CETIan lekurik ez dutenentzako kanpadendak jarriko dituzte aparkaleku batean. Ez da horrelako egoera bat gertatzen den lehen aldia. Guneak gainezka egin zuen joan den abenduan ere, eta lekua egokitu behar izan zuten pertsona gehiago jaso ahal izateko.
(Puede haber caducado)