AEBetako migrazio dekretua
Trumpen migrazio dekretuaren aurka bozkatu du Apelazio Auzitegiak
Berria, , 10-02-2017Aho batez erabaki du Konstituzioaren aurkakoa dela zenbait herrialde musulmanetako herritarrei AEBetan sartzea ukatzea. Donald Trumpen agintaldiaren lehen egunak ez dira izaten ari hark eta haren boto – emaileek nahiko luketen bezalakoak. Bart kolpe gogorra jaso du AEBetako presidenteak. AEBetan sartzea debekatu zien zazpi herrialde musulmanetako herritarrei, eta Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Seattleko epaile batek neurri horren aurka hartutako erabakia. Apelazio Batzordea hiru epailek osatzen dute —demokratak bi eta errepublikanoa bat—, eta aho batez blokeatu dute Trumpen neurria.
Trumpek salatu du erabakia politikoa dela, eta epaileak bere aurka lerratuak dituela adierazi du. “Auzitegietan ikusiko dugu elkar! Gure herrialdearen segurtasuna arriskuan dago!”, idatzi du hizki larriz Twitterren. Gaineratu du bere gobernuak irabazi egingo duela borroka hori, eta iragarri du helegite gehiago jarriko dituela bere neurria bertan behera utzi duten erabakien alde.
AEBetako Justizia Departamentuak Auzitegi Gorenean aurkez dezake orain beste helegitea bat. Zortzi epaile daude hor, eta, Senatuak Trumpek izendatutako legelaria baieztatu bitartean (Neil Gorsuch), lau dira progresista eta lau kontserbadore. Justizia Departamentuaren helegitea bozkatzeko garaian berdinduz gero, aurretik hartuta dagoen erabakia gailenduko litzateke, Apelazio Auzitegiarena, alegia. Nicolas Navas departamentu horretako bozeramaileak, berriz, bart gaueko erabakiaren berri izan ostean adierazi du aukera desberdinak ari direla aztertzen.
Interes orokorrekoa
Apelazio Auzitegiko epaileek argudiatu dute interes orokorraren mesedetan oztopatu dutela Trumpen debekua. “Gizartearen interes orokorreko kontu bat da segurtasun nazionala. Baina herritarren zirkulazio librea ere interes orokorrekoa da, familiak ez banatzea eta ez baztertzea”, azaldu dute 29 orrialdeko epai batean.
Erabakia ezagutu eta berehala, Trumpen aurka daudenek euren poza adierazi dute. “3 – 0”, txiokatu du Hillary Clinton presidentegai demokratak, Apelazio Batzordeak erabakia aho batez hartu duela azpimarratuz. Bernie Sandersek esan du erabaki horrek nolabait erreparatu egiten duela Trumpek AEBen ospeari egindako mina: “AEBen historiari buruzko lezio bat eman diezaioke erabaki horrek Trumpi, baita gure demokraziak nola funtzionatu beharko lukeen ikasteko lezio bat ere”.
Trumpek duela zenbait aste hartu zuen mugak ixteko erabaki hori. Zehazki, bisekin sartzeko aukera ere kendu zien Libiako, Sudango, Somaliako, Irakeko, Irango eta Yemengo herritarrei, eta beste herrialdeetako errefuxiatuei 120 egunez sartzea —siriarrei, eguna jarri gabe—. Berehala, neurri horren kontrako erabakiak hartu zituzten zenbait epailek, baina garrantzitsuena James Robart Seattleko epaile federalak hartu zuen, neurria bertan behera utziz, Washingtongo eta Minnesotako fiskalek eskatuta —biak demokratak—. Trumpen neurria indarrean egon zen bitartean, zazpi herrialde horietako hainbat herritarrek atzera buelta egin behar izan zuten, AEBetara iritsi eta berehala; zenbait kasutan, hegaldien jatorri ziren aireportuetan hegazkinera igotzen ere ez zieten utzi. Neurria bertan behera utzi zutenez geroztik, ordea, bisa eskura zuten herritarrek sartu ahal izan dira.
(Puede haber caducado)