Asilorik ez duten iheslari gehiago kanporatuko ditu Alemaniak

Berria, , 10-02-2017

Alemaniako kantziler Angela Merkelek erabaki du herrialdean dauden asilo gabeko errefuxiatu gehiago kanporatzea. Herrialdeko estatu federaletako lehen ministroekin adostu du deserritzeak kudeatzeko plana, eta 200.000 atzerritarrengan izango du eragina. Atzerritartasun zerbitzuek errefuxiatu horien sakelako telefonoen memoria aztertzeko baimena izango dute, dokumentazioa aurkezten ez badute identifikatzeko. Errefuxiatuen auzia hilabeteotan asko politizatu den gaia da, batez ere irailaren 24an egingo diren hauteskunde orokorrei begira.

Errefuxiatuen eskubideen aurka ere, Hungariako Gobernuak jakinarazi du iheslarien mugimendu askatasuna mugatuko lukeen lege proiektua prestatzen ari dela. Janos Lazar Gobernantzarako ministroaren ustetan, Europako mendebaldean izandako gertaerek «terrorismoaren mehatxua areagotu» dute, eta, horri aurre egiteko, irtenbide egokia da errefuxiatuen askatasuna mugatzea. Viktor Orban presidenteak aitortu du erabakia Europako Batasunaren aurkakoa dela.

Haur errefuxiatuak

Erresuma Batuan eztabaida sortu du Amber Rudd Barne ministroaren azken erabakiak: Dubs Scheme delakoa bertan behera utzi du. Calaisko eta Dunkerqueko (Frantzia) kanpalekuetan haur asko daude bakarrik, eta, mafien arriskuaren jakitun, iheslari horiek Erresuma Batura eramateko plana osatu zuen Londresek. Orain, ordea, Ruddek atzera bota du plana, eta diputatu askoren kritikak jaso ditu; uste dute 50 bat haur jada mafien esku daudela. 350 iritsi ziren soilik Erresuma Batura plan horren bitartez.

Libiak, berriz, nazioarteko komunitateari eskatu dio Afrika erdiko herrialdeetan inbestitu dezala, errefuxiatuen fluxua gelditzeko. Presidentetza Kontseiluko presidenteorde Ahmed Maiteegek uste du herrialde horietan dagoen «aukera urritasunak» eragiten duela fluxua. Beste aukera bat hezkuntza hobetzea litzateke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)