Liskarrak Frantzian, Poliziak borraz gazte bat bortxatu eta gero
Hirugarren gauez segidan, istiluak izan dira Paris kanpoaldean. Lau polizia auzipetu dituzte.
Berria, , 08-02-2017Aulnay-sous-Boisen atxilotu zuten Theo izeneko 22 urteko gazte bat, ostegun gauean. BFMTV telebista kateari azaldu zionez, Poliziak hainbat lagun jarri zituen paretaren kontra, eta biktima jotzen hasi ziren. Horietako batek borra hedagarri bat sartu zion uzkitik, eta gazteari ebakuntza egin behar izan zioten.
Horrek haserrea piztu du, eta hiru gauez istiluak izan dira. Bart, bost autori eta zenbait edukiontziri su eman diete, eta 26 lagun atxilotu dituzte. Prefekturaren arabera, polizia ugari inguratu zituzten protestan ari zirenek, eta horiek balak airera tiro eginez erantzun zuten.
Lau polizia auzipetuta daude; bati bortxaketa egotzi diote, eta beste hirurei, “indarkeria boluntarioa”. Frantziako Barne Ministerioak igandean iragarri zuen lau poliziak kargugabetu dituztela. Francois Hollande Frantziako presidenteak bisita egin dio gazteari erietxean, eta agindu du “amaieraraino” joango dela auzia.
(Puede haber caducado)