Arrazakeria, indarkeria matxista, euskal gatazka eta bizikidetzan heztea izango dira gai nagusiak 'Elkarrekin bizitzen ikasi' programan

El Correo, SERGIO EGUÍA, 08-02-2017

Aste honetan hasiko da udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak antolatutako “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren denboraldi berria, zeinaren helburua baita “hirian elkartzeko eta elkarrekin bizitzeko guneak sortzea, herritarrak kritikoagoak eta konstruktiboagoak izan daitezen, hiriko kontuetan parte aktiboa hartzeko”, gogoratu du Nerea Melgosa zinegotziak. Herritarrei zabaldutako hainbat jarduera antolatuz, “elkarren artean trukatzeko eta ikasteko zein komunikatzeko guneak eraiki nahi dira, oraingo denboraz haratago doan bizikidetza-eredua eraikitzeko erronkari erantzun ahal izateko“, azpimarratu du zerbitzuaren ardura duen zinegotziak datozen hilabeteetarako programazioa aurkeztean, Juan Ibarrondorekin batera.

Dibertsitate funtzionala, arrazakeria, indarkeria matxista, euskal gatazka eta bizikidetzan heztea izango dira gai nagusiak “Elkarrekin bizitzen ikasi” programazio berrian. Hain zuzen ere, ostegunean, otsailak 9, ekingo dio jarduerari berriro, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendari Jon Mirena Landak emango duen “Arrazismoaren aurkako borroka penala” hitzaldiarekin. San Martineko udal bulegoen eraikineko ekitaldi aretoan izango da, 19:00etan, jende ororentzat.

Jon Mirena Landak modu ulergarrian eta teknizismorik gabe aztertuko du zein tresna penal dagoen arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko, tresna horiek egokiak eta eraginkorrak ote diren, eta horien benetako aplikazioa. Halaber, EAEan eta Estatuan errealitate horren inguruko datuak zertan diren sakonduko du.
PUBLICIDAD

Hurrengo ostiralean, otsailak 17, “Arenas de silencio” metraje luzeko film dokumentala emango da, eta ondoren solasaldia izango da Chelo Álvarez-Stehle zuzendariarekin; sari asko jasotzen ari da nazioarteko zenbait zinemalditan, besteak beste, Malagan eta Malibun, eta Bartzelonako FADA 2017 Saria ere jaso du. Artium museoaren entzunaretoan izango da, 19:00etan.

Zinemagilea Logroñokoa da, baina gaur egun Kalifornian bizi da, eta harreman estua dauka Euskadirekin. Filmean, sexu trafikotik bizirik ateratako bi emakumeren eraldaketa dokumentatzen ari dela gertaera horrek inspiraturik, egileak ere bere bizitzan pairatutako sexu jazarpenaren inguruko isiltasuna urratu du. Filmaren ardatza emakumeen salerosketa da, eta bortizkeria matxistaren baitan kokatzen da gaia, gure gizarteko gaitz handienetakoa baita.

Irantzu Lekue arte plastikoak, bere aldetik, instalazio artistiko batean parte hartzera gonbidatuko ditu berriro gasteiztarrak: “Sentitu” izenburua du, eta dibertsitate funtzionala du gaitzat. Martxoaren 11n (larunbata) izango da, 11:00etatik 13:00etara. Horretarako hariz, globoz eta soinuz osatutako ibilbide batzuk sortuko ditu, eta bertara parte hartzeko asmoz hurbiltzen direnei horietan barrena ibiltzeko gonbitea egingo zaie, ikusmenik gabeko esperientzia batean sakontzeko, entzumenaren bidez, soinuaren dardara somatuz, eta ukimena eta usainaren bidezko pertzepzioaz.

Apirilean, RELATOS (KONTAKIZUNAK) izeneko hitzaldi-solasaldia izango da “Elkarrekin bizitzen ikasi” programaren barruko jarduera nagusia: Bernardo Atxaga, Lourdes Oñaderrra eta Antonio Altarriba idazleek euskal gatazkaren inguruko oroimen ariketa egingo dute, adierazpen literarioaren ikuspuntutik. Hizlari bakoitzak, bere ikuspegi sortzaile, pertsonal eta politiko propiotik, euskal gatazkarekin nolabaiteko lotura duen pasarte bat irakurriko du, idatzi zen mementoaren testuinguruan kokatuko du, eta testua eragin zuten emozio eta motibazioen inguruan jardungo du. Azkenik, publikoarekiko solasaldia egingo da.

Aurrekoan Janeren ibilaldiak Zabalgana auzoan izandako arrakastaren ondoren, maiatzaren 13an (larunbata) esperientzia errepikatuko da Errota Zaharra auzoan. Erdialdeko auzoa da, kultura askok osatua, eta elkartegintzan historia interesgarria izan duena. Janeren ibilaldien funtsa hirian zehar ibiltzea da, eta aldi berean begiratzea, hiriak eskaintzen digun errealitatetik ikasten saiatuz, gure inguruan zer dabilen ondo eta zer gaizki begiratuz.

Jane Jacobsek sutsuki defendatzen zuen auzoan bertan bizi direnak direla hobekien dakitenak auzoek nola funtzionatzen duten, zein diren hango arazoak, eta zein diren konponbiderik onenak. Aldabeko gizarte etxetik abiatuko da ibilaldia, eta 11:00etatik 13:00etara iraungo du.

Maiatzaren 27an (larunbata) Irantzu Lekuek hirugarren arte-instalazioa aurkeztuko du: Eraiki. Bakearen eta giza eskubideen inguruko proposamen parte-hartzailea da, giza eskubideen mapa elkarrekin eraiki dezagun.

Ekainaren 2an (ostirala), Zanguango Teatro taldeak aniztasunaren alfonbra gorria zabalduko du Salburuan. Arabako hiriburuko erdialdean arrakasta handiz estreinatu zuten FLUX lana, zeinean egoera iragankorrak eta halabeharrezko ibiltariak irudikatzen baitituzte, gizakien arteko portaera eta harremanen inguruko gogoetak ahalbidetzen dizkiguten irudiak, jolasetik, umoretik eta absurdotik jorratuak.

Ekainaren 17an (larunbata) Janeren ibilaldien beste saio bat egingo da, dibertsitate funtzionalaren alorreko elkarteen eskutik, aniztasun funtzionala duten pertsonek eguneroko bizitzan topatzen dituzten trabak egiaztatu ditzagun “elkarren menpeko ibilbidea” eginez. Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 11:00etan.

“Elkarrekin bizitzen ikasi” zikloa amaitzeko, Santiago Alba Rico filosofoak “Islamofobia. Gu geu, besteak, beldurra” hitzaldi-eztabaida gidatuko du. Santiago Alba Rico Espainiar Estatuko pentsalari handienetakotzat jotzen dute, mundu arabiar eta musulmaneko aditu jantzia, eta Tunezeko Unibertsitateko etika irakaslea. Bere jardunean islamofobiaren inguruko gogoeta egingo du, zenbait arlotan: politika, hedabideak, gizartea, kultura; publikoarekiko solasaldian partekatuko ditu bere hausnarketak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)