Azalpenik gabeko hilketa antzokian
«Thriller soziala» bezala aurkezten du antzezlana bere egileak, Patxo Telleriak, nahiz eta laster jakiten den nor den hiltzaileaTartean Teatroa konpainiak ostiralean taularatuko du 'Zergatik, Jamil?'
Diario Vasco, , 08-02-2017Normalean thriller baten istorioan hiltzailea nor den ez dakigu eta horren zain geratzen gara harrapatuta. Ostiralean Coliseo An – tzokira etorriko den antzezlanean aldiz, ez da hori gertatuko, azkar jakingo dugu nor den hiltzailea. Non dago interesa orduan? Izenburuak beste galdera bat luzatuko digu, ‘Zergatik, Jamil?’.
Antzezlana. ‘Zergatik, Jamil?’
Antzezleak. Mikel Martinez eta Eneko Sagardoy.
Testua. Patxo Telleria.
Zuzendaritza. Jokin Oregi eta Patxo Telleria.
Noiz. Ostiralean, otsailaren 10a, 20.30etan.
Non. Coliseo Antzokian.
Sarrera. 10 euro.
Eibarko Antzerki Jardunaldiak aste honetan aurkeztu dira baina horiek iritsi aurretik izango da zer ikusterik eszenatoki gainean. Tartean konpainiaren azken lana da ‘Zergatik, Jamil?’. Mikel Martinez eta Eneko Sagardoy dira aktoreak eta Patxo Telleriak idatzi du testua. «Thriller soziala da. Gure helburua jendea hunkitzea eta jendearen erraietara iristea da» ,dio egileak. Horretarako istorio gordina plazaratuko dute Tartean – ekoek. Jamil jatorri marokoar duen gazte bat da. Bere lana gizon elbarritu bat zain – tzea da, baina egun batean gaixoa hilda agertzen da eta froga guztiek Jamil izan dela diote. «Oso krimen krudela ematen du, elbarritu hori defentsarik gabe zegoen eta prin – tzipioz nahiko hilketa krudela dirudi. Gainera, honetan arrazagatiko aurreiritziak eta abar gehitzen dira», azaltzen du Telleriak.
Antzezlanean Jamilek hildakoarekin hitz egiten du, baina ez kontu esoteriko batengatik. «Hilketa burutu ostean, andamiotik behera jauzi eta horren ondorioz memoria galduta dauka. Hau da, berak ez du ezer gogoratzen eta berari ere sinesteko zaila egiten zaio gertatu dena. Horregatik bere buruari galdetzen dio zer gertatu den». Mikel Martinez aktoreak hildakoaren papera egiten du baina bere hitzak gaztearen pentsamenduak eta pixkanaka bueltatzen diren oroitzapenak dira. «Bere buruarekin egiten du dialogoa baina hildakoan gauzatzen da, antagonista bat da gertatu den guztia berreraiki ahal izateko». Patxo Telleriak istorio gordina idatzi zuen eta suspensea erreminta bezala erabiltzen du kasu honetan. «Toki askotan antzeztu da eta jendeak oso ondo erantzun du estimulu bietara. Alde batetik gozatzen du thrillerraren egiturak ematen duen jakin nahi horrekin, harrapatuta geratzen dira nahiz eta kasu honetan laster jakingo dugun nor den hiltzailea. Bestetik, eduki mamitsua ere ondo ailegatzen zaio ikuslegoari».
Aurreiritziak saihestea
Lau begik bik baino gehiago ikusten dutelako, antzezlana zuzentzeko orduan Patxo Telleria egileak Jokin Oregi soraluzetarra eduki zuen alboan. «Gure konpainian naturala da bion artean zuzentzea». Tartean – eko lan askotan Mikel Martinez eta Patxo Telleria elkarrekin aritu dira taula gainean. Komedia jorratu dute batez ere sona handiko antzezlanak eginda, eta beste arrazoi batzuez gain, horregatik geratu da kanpoan Telleria. «Aurreiritzi bat saihestu behar genuen, ‘Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak komedia bat eskainiko digute’. Oso arriskutsua da jendea espektatiba okerrekin joatea».
Gainera, antzezlanak pertsonaia gazte bat behar zuen. Horretarako Eneko Sagardoy aktorearekin lan egin dute lehen aldiz. «Berehala ikusi genuen hor aktore bat dagoela. Osoa gaztea da baina oso azkar ari da gora egiten ofizio honetan. Izugarrizko heldutasuna eta dohainak erakuzten ari da», dio Telleriak.
Sagardoyren antagonista ezaguna da konpainian baina normalean beste mota bateko paperetan. «Mikelekin erronka bat izan da. Publikoa oso ohituta dago bera komedia egiten ikustera. Nik esaten dut beti aktore komiko on bat aktore on bat dela. Komiko bat beti moldatuko da ondo drama edo egitura errealista batean. Kontrako bidean ez dut hain argi, zailagoa da barrea eragitea. Kasu honetan Mikelek erakusten du erregistro bietara ondo moldatzen dela», dio.
(Puede haber caducado)