Emakumeen salerosketan jarduten zen sare bat desegin dute Gipuzkoan
Prostituitzera behartutako bost emakume aske utzi dituzte. Lau lagun atxilotu ditu Poliziak, sexu esplotazioa eta droga trafikoa leporatuta
Berria, , 07-02-2017Espainiako Poliziak lau lagun atxilotu zituen atzo Gipuzkoan eta Kantabrian (Espainia), emakumeen sexu esplotazioa egotzita. Operazio berean, aske utzi zituzten prostituitzera behartutako bost emakume.
Poliziaren arabera, emakumeen salerosketaren aurkako telefonora eginiko dei anonimo batek abiarazi zuen operazioa: salatu zuten zenbait etxebizitzatan emakumeak sexu harremanak izatera behartzen zituztela. Horietako batean, biktimetako bat aurkitu zuten poliziek. Emakume horrek salatu zuenez, egunean 24 orduz behartzen zuten prostituitzera, eta zaintzapean egoten zen une oro. Poliziei esan zien beste hogei bat emakume ere egonak zirela egoera berean.
Deklarazio horren ostean, lau pertsona atxilotu zituzten. Familia berekoak denak: ama-alabak, eta horien bikotekideak. Poliziak zabaldutako oharraren arabera, hiru etxebizitza zituzten atxilotuek Gipuzkoan eta Kantabrian, eta bi etxe berri erostekotan ziren, Irunen eta Bergaran.
Droga trafikoa
Emakumeen salerosketa ez da, baina, lau atxilotuei leporatzen dieten delitu bakarra. Sexu esplotazioaz gainera, bezeroei droga saltzen zietela esan du Espainiako Poliziak. Familiaren hiru etxebizitzetan eginiko miaketetan, speeda, kalamua eta kokaina atzeman zuten poliziek, baita hiru balantza, zortzi sakelako telefono eta 21.595 euro ere.
Atzokoa ez da Euskal Herrian egin den gisa honetako operazio bakarra. Urtarrilean, Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu zituen Bilbon, emakumeen sexu esplotaziorako sare bateko kide izatea egotzita. Iazko abenduan, berriz, beste hogei lagun atxilotu zituzten Bilbon eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait hiritan, Nigeriako hainbat emakume prostituziora behartzea leporatuta. Europara etortzeko Saharako basamortuko eta Mediterraneoko zeharkaldia egitera behartu zituzten emakumeak. Italiara ailegatuta, agintariek etorkinentzako zentroetan sartu zituzten emakume horiek, eta sareko kideek handik atera eta Euskal Herrira ekarri zituzten.
(Puede haber caducado)