«Gu» deitzen diogun aurpegi hori

Berria, 21-03-2006

roberto marro ibarra

eusko jaurlaritzako immigrazio zuzendaria

Bidaia hartan ez neraman pasaporterik, baina inork ez zidan galdetu zein naziotasun edo erlijio nuen, ez eta nongoa nintzen ere; gaur egun hori pentsaezina litzateke, hatz – marken, bisatuen eta polizia – txostenen mundu honetan». Stefan Zweig.

Martxoaren 21a Arrazakeria – mota guztiak desegiteko Nazioarteko Egun izendatu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 1960an Hegoafrikan apartheiden kontrako manifestazio batean eraildako 70 manifestarien omenez. Harrezkero, tolerantzia, eskubide berdintasuna eta aniztasunaren errespetua aldezteko ikur bilakatu da egun hori.

Azken urteotan, bestelako kultura duten herrialde urrunetako pertsonak etorri dira Euskal Autonomia Erkidegora. Ezaugarri fisiko desberdinak dituzte, orain arte gure gizartean oso ohikoak izan ez direnak. Pertsona horiek gehienbat Latinoamerikako eta Magreb – eko herrialdeetakoak dira, nahiz eta Afrikako eskualde azpisahararrekorik ere baden.

«Atzerritarrei buruzko legea» deritzonak gizartean baztertutako pertsonak sorrarazten ditu, administrazioaren aurrean irregulartasun – egoeran daudenak. Lege horrek argi eta garbi uzten du historiak ez duela zertan gizateriaren aurrerabidearen norabide berean joan, askatasun eta berdintasunerako guneak sortuz, alegia ez doala askatasunerantz.

Kulturaren eta atzerritartasunaren arteko harremana bazterketa – modu berri baten gisa agertzen da, eta etorkin, errefuxiatu eta oro har beste estatu batzuetakoengan eragiten du. Aniztasuna eta kultura desberdintasunak mehatxutzat hartuz gero, arrazakeriak piztutako gatazkak eta jarrerak sortzen dira, eta jarrera horiek bazterketa – modu berriak sorrarazten dituzte.

Hala ere, gu ziur gaude aniztasunak aberastasun handia dakarrela eta kulturen arteko trukea eta mestizajea oso garrantzitsuak direla. Kultura guztiek errespetua merezi dute, guztiak onartu egin behar direlako eta bizikidetza eta giza harremanak sustatzen lagundu dezaketelako. Ildo horretatik, kulturen arteko elkarrizketa eta desberdintasunen errespetua funtsezkoak dira gizarte kohesionaturik lortuko bada.

Horregatik guztiagatik, guk ondotxo dakigu lanean jarraitu beharra dagoela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako berdintasun – printzipioak gauzaturik ikusteko. Pertsona guztien funtsezko askatasunak errespetatu behar dira, zernahi dutelarik arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, joera politikoa edo bestelako joera, jaioterria edo gizarte – maila, egoera ekonomikoaÉ

Baina arraza – bereizkeriaren molde berriak sortu dira; ez dago dudarik. Teknologia berriek, zehatzago Internetek, lagundu egiten du mezu arrazistak eta xenofoboak zabaltzen. Mezu horien egileak beren ustezko arraza edota kultura – nagusitasunaz harrotu egiten diren talde edo antolakundeak izaten dira. Jokabide horrekin, atzerritarren edo bestelako ezaugarri etnikoak dituzten pertsonen kontrako jarrera baztertzaileak bultzatzen dituzte.

Bestalde, irailaren eta martxoaren 11ko atentatuen ildotik terrorismoaren kontrako borroka areagotu denez, gero eta jende gehiago hasi da etsai modura ikusten musulmanak eta oro har tradizio islamikoa duten herrialdeetako pertsonak.

Alde horretatik, kontuan hartu behar da elkarren arteko orekan egon behar dutela adierazpen askatasunak eta pertsonen identitateak eta kulturak eta erlijio tradizioak errespetatu beharra. Bi eskubide horien arteko mugak arestian izan dira eztabaidagai, Muhammaden karikaturak Danimarkako berripaper batean argitaratzearen ondorioz.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, arraza – bereizkeriak ukatu egiten ditu giza eskubideak, funtsezko askatasunak eta justizia, eta giza duintasunari eraso egiten dio. Hori dela eta, gaur egun jarrera arrazistak kezka – iturri emankorrak dira, oso sarri gertatzen baitira arraza – bereizkeria ezaugarritzat duten ekintzak, eta askotan ez da jakin ere egiten ezeren berri. Eguneroko ekintza ez oso nabarmen baina bai oso mingarri diren horiei bestelako ekintza batzuk gehitu dakizkieke, gizartean oihartzun handiagoa duten ekintza bortitzak alegia.

NBEk azpimarratzen du jarrera arrazistek eta xenofoboek eragindako delituak zigorrik gabe utziz gero, Zuzenbide Estatuak eta demokraziak indarra galtzen dutela eta delitu horiek behin eta berriro gertatzeko bidea ematen dela. Jarrera horiek errotik mozteko zorrotz jokatu beharra dago, NBEren iritziz.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du Giza Eskubideak benetan bete daitezen. Horretarako, bere eskumenen barruan, tolerantzia aldezten duen kultura, gizonen arteko berdintasuna, aniztasunaren errespetua eta kulturen elkartrukea sustatzen ditu. Immigrazioari buruzko Euskal Planak etorkinen gizarteratzeari buruz honako hau aipatzen du: «Dauden identitateak berdin eta libre garatzeko aukera eman behar da, identitate horiek elkarren artean eragiteko eta elkarrekin lotzeko» zeren eta «kulturartekotasunaren helburua ez baita identitate mistoak eratzea edo beste identitate batzuetako kide derrigor egin behar izatea, identitate konplexuak eta konposatuak sortzea baizik, identitate horien bitartez bateragarri egingo dira – eta guztion mesedea eta guztion nortasunaren garapen librea».

Seguru asko Kulturartekotasuna izan liteke arrazakeriaren sendagaia. Hala iradokitzen du Octavio Pazek bere maitasun – olerki batean: «… ez naiz ni / ez dago nitasunik / beti gu gara… / azkenean erakutsi zure bisaia / nire benetako aurpegia ikus dezadan / besteren aurpegia baita / gure aurpegia…»

Bukatzeko, eskertu eta goretsi nahi dut elkarteen bitartez arrazakeria eta xenofobiaren kontra eta Euskadin bizi diren etorkinak baztertzearen kontra lanean ari den gizarte – zibilaren esfortzua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)