Europak ere baditu bere mexikarrak

Zozoak beleari nola, hala dihardu Europako Batasunak migrazio politiken kritikan. AEBen eta Turkiaren aldean eredugarri eta hartzaile agertu nahi du, baina hark ere betoa ipini die «terrorismo» historia daukaten migratzaileei.

Berria, Samara Velte, 03-02-2017

Ezinezkoa zen jakitea zer ote zeukan buruan Angela Merkelek Recep Tayyip Erdoganen palaziora sartzen ari zela, Turkiako ustezko estatu kolpea gertatu zenetik lehenbiziko aldiz. Europaren ordezkari gisa zihoan, jakinik Bruselaren eta Ankararen arteko harremana goi tentsioko linea bat dela uneotan: udaz geroztik, gobernuak oposizioko politikariei eta kazetariei jazarri die, eta garbiketa egin du sektore publikoan, 120.000 funtzionario kaleratuz. Bestalde, Erdogani are botere gehiago emango dizkion erreferendum arriskutsu baten atarian dago Turkia. Bisitarekin, presidentearen aldeko kanpaina hauspotzea egotzi diote Alemaniako kantzilerrari.

Argazkietan ez zirudien inoren alde kanpaina egiteko gogoz. Haren aurpegian islatzen zen Europako Batasunaren deserosotasuna: ezinezkoa zaio bere mugen atarian gertatzen ari diren eskubide urraketak ez ikustea, baina, aldi berean, ez du haserrarazi nahi Ekialde Hurbileko aliatua. Azken batean, Ankarak egiten dizkio galbahe lanak Siriatik datozen migratzaileekin.

EBk eta Turkiak iazko martxoan sinatu zuten errefuxiatuei buruzko akordio polemikoa: deportatutako siriarrak jaso eta bere mugetako kontrola handitzea onartu zuen Ankarak, trukean 6.000 milioi euro eta hainbat abantaila politiko jasoz gero; besteak beste, bere herritarrek bisarik behar ez izatea EBn sartzeko. Neurria oraindik ez da indarrean sartu, Turkiak ez duelako bere terrorismoaren aurkako legea moldatu; estatu kolpeaz geroztik, are egoskorrago eusten dio.

Migrazioan eredu izan asmo

EBk nola edo hala eragotzi nahi du akordioa haustea, baina Ankarak aldiro-aldiro egin izan dio mehatxu: azkenekoz, joan den astean, estatu kolpearen ostetik Greziara ihes egindako soldadu turkiar batzuk bertan gera zitezkeela ebatzi zuenean auzitegi batek. NATOren bidez Alemanian dauden beste 40 bat militarrek ere asiloa eskatu dute bertan, estatu kolpearen ostean herrialdera itzuli behar ez izateko. Egoera zaila da EBrentzat: sinesgarritasun gutxi leukake Siriako iheslariei sartzen utzi bai, baina, aldi berean, Turkian epaiketa justurik jasoko ez luketen militarrak egotziko balitu.

Bere migrazio politikari eusteko ezinbesteko aliatuarekiko harremana tenkatuta eta AEBetako gobernu berriaren joera xenofoboaren presiopean, eskubide demokratikoen azken portu gisa agertu nahi du EBk munduan. Diplomazialari europarrek eskuak burura eraman zituzten Donald Trump AEBetako presidente berriak esan zuenean mexikarrak kanporatuko zituela «gaizkileak» zirelako, eta Bruselako diputatuek aste honetan bertan gaitzetsi dute Washingtonek zazpi herrialde musulmani ezarritako migrazio debekua. «AEBak izan dira beti aukeren eta itxaropenen lurraldea, baina orain Europa da munduak behar duen erreferentzia», egin du arrapostu Federica Mogherini EBko mandatariak. Bruselak ez ei du «nazioarteko babeserako eskubidea daukan inor bere herrialdera itzularaziko», hori «immorala, bidegabea eta legez kanpokoa» litzatekeelako.

Baina legeek, moralak bezalaxe, malgutasun harrigarria izan dezaketela frogatu dute migrazio eta babes gaietan. Asteartean bertan, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen zilegi dela atzerritarrei asilo eskubidea ukatzea baldin eta «talde terrorista» batean nahastuta egon badira. 1997tik Belgikan bizi den Marokoko herritar bati babesa kendu zion horrela. Marokoko Talde Borrokalari Islamista izeneko erakunde salafista bateko kide izateagatik, sei urteko espetxe zigorra jarri zioten 2006an; konspirazio kriminala, agiri faltsuen erabilera eta legez kanpoko egoitza leporatu zizkioten. Gizonak asiloa eskatu zuen, Marokora itzuliz gero jazarri egingo ziotelakoan. Atzerritarren Auzietarako Batzordeak arrazoia eman zion, gizonari ekintza zehatzik egotzi ezin zitzaiolako, eta, beraz, haren jokabidean ezin zitekeelako «Nazio Batuen helburu eta printzipioen aurkako» ezer antzeman. Luxenburgoko auzitegiak, ordea, babesa ukatzea erabaki du.

300 lagun, pasaporte gabe

Azken urteotan Europa erdialdean gertatu diren hainbat erasok halako neurriak justifikatzeko oinarria ematen dutela pentsa liteke: badaezpada kanporatu, ekintzarik gauzatu baino lehen. Argudio horren pean, Herbehereetako Gobernuak 300 herritar utzi ditu pasaporterik gabe azken bi urteotan; herrialdetik kanpo jaiotakoak dira guztiak. Praktikan, baina, babes eskubidearen murrizketa bat da Europako Justizia Auzitegiaren epaia. Marokoarraren antzera eragin diezaieke Europaren babesean bizi diren Latinoamerikako gerrillari ohiei edota PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izan duten kurduei. Trumpek bezalaxe, Europak ere badauzka bere mexikarrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)