Errefuxiatuentzat korridore bat jarri nahi du Urkulluk, zuzenean iristeko
Erkidegoek gai horretan zuzeneko eskumena edukitzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Kokatze programaren bitartez, 46 errefuxiatu soilik jaso ditu orain arte. Beren kabuz heldu dira gehiago: 570
Berria, , 03-02-2017Hankamotz geratzen ari da errefuxiatuak hartzeko plana. Argiak dira zenbakiak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du mila bat lagun hartzeko moduan direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 307 leku sortuak daudela jada; Espainiako Gobernuaren programarekin, ordea, 46 pertsona soilik iritsi ziren iaz. Gehiago iritsi dira beren kabuz, programa horretatik kanpo: 570 pertsona iaz. Egoera horren aurrean, eta Mediterraneoan errefuxiatuen krisia indartzen ari dela ikusita, erkidegoetara iheslariak zuzenean ekartzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak, eta giza korridore bat sortzea ere proposatu du.
Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak joan den astean aurkeztu zion proposamen hori Espainiako Gobernuari, Immigrazio eta Emigrazioko Idazkaritza Nagusiari. Gogoan izatekoa da Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusia, Jonan Fernandez, Italian izan zela orain hiru aste, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera; besteak beste, Sant’Egidioko komunitateko ordezkariekin batzartu ziren. Errefuxiatuentzako giza korridore bat antolatua du komunitate horrek, eta, besteak beste, giza eskubideen Rene Cassin saria eman zioten iaz, lan hori goraipatzeko.
Fernandezek agerraldi bat egin zuen atzo, eta jakinarazi zuen horrelako proiektu pilotu bat martxan jarri nahi duela Jaurlaritzak, Sant’Egidioko komunitatea bidelagun dela. Italiako Gobernuarekin hitzarmen bat du komunitateak, eta errefuxiatuak «legez eta modu seguruan» eramaten dituzte beste herrialde batzuetara. Hor ikusi du heldulekua Jaurlaritzak. Fernandezek azaldu duenez, «bisa humanitario bat» ematen diete errefuxiatuei. Proiektu horri ekiteko baliabideak jada badaudela nabarmendu du Jaurlaritzak.
Kudeaketa eta euskara
Hutsuneak daude kudeaketan, ordea. Fernandezen esanetan, Espainiako Gobernuak ez du aldatu kudeaketa modua: «goitik behera» funtzionatzen du, Madrilek egiten baitu banaketa. Jaurlaritzak dioenez, ordea, «ezohikoa» da oraingo egoera, eta, beraz, beste bide batzuk hartu behar dira. Erkidegoek eskumenak izatea planteatu du Urkulluren gobernuak, dena Espainian bideratu beharrean. «Alde anitzeko kudeaketa» behar dela, alegia. Presa aipatu du: «Segurtasunez eta seriotasunez egin behar dira prozesuak, baina hemen larrialdi bat dago, eta ezin gara aritu erabakiak atzeratzen eta atzeratzen».
Kudeaketa «goitik beherako» hori iraultzeko bidean lanean hasiak direla azaldu du Jaurlaritzak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioekin eta udalekin aztertzen hasiko dira zer baliabide dauden errefuxiatuak hartzeko; finean, herri bakoitzean zenbat hartu ahalko lituzketen. Errefuxiatuen krisia lehertu zenean egin zuten neurketa bat —mila lagun hartzeko moduan zirela jakinarazi zuen Jaurlaritzak orduan—, eta hura «gaurkotu» egin nahi dute.
Herri bakoitzera zenbat bideratu daitezkeen jakiteko, hiru aldagai izango dituzte kontuan: zenbat etxe egoki dauden prest, aski gizarte zerbitzu dagoen eskaintzeko eran, eta gaztelania ikasteko «berehalako baliabide bat» ba ote dagoen. Prozesu horretarako euskara aintzat hartu ote duten galdetuta, Fernandezek erantzun du «epe erdira» aurreikusi dutela euskararen irakaskuntza. «Oinarrizko baliabide batzuk eman behar zaizkie berehala, martxan hasteko, eta erdaraz emango dira urgentziazko baliabide horiek».
Neurri horiek martxan noiz jar litezkeen ez du zehaztu Jaurlaritzak. Batetik, Espainiako Gobernuaren onespena behar delako; aurreko astean aurkeztu zioten proposamena, eta «harrera ona» izan zuen, Fernandezen arabera, nahiz eta oraindik ez duten erantzunik jaso. Bestetik, espero dute hilabeteren buruan prest edukitzea herri bakoitzeko gaitasunaren azterketa. Jaurlaritzak aurrekontuetan diru sail bat jasoko duela jakinarazi du Fernandezek; errefuxiatuak hartzen dituzten udalei eta haiekin aritzen diren elkarteei lagunduko diete. Elizarekin ere harremanetan dira, eta, Fernandezen arabera, «prestasun osoa» agertu du laguntzeko.
(Puede haber caducado)