Fronteak areagotu zaizkio

AEBetako fiskal nagusiak uko egin dio Trumpen migrazio dekretua defendatzeari, eta kargutik kendu du Etxe Zuriak. Demokratek erasora jo dute, eta gobernukideen izendapenak boikotatu dituzte

Berria, , 02-02-2017

Migrazioaren aurkako dekretuak hautsak harrotu ditu AEBetan, eta gizarte zibila mobilizatu egin da Donald Trumpen agindu polemikoari aurre egiteko. Baina erakundeetatik ere hasi dira trabak jartzen. Baita gobernu barrutik ere: Sally Yates jarduneko fiskal nagusiak herenegun gauean Justizia Departamentuari agindu zion ez defendatzeko dekretua jarritako helegiteetatik. Jeff Sessionsen Trumpek proposaturiko fiskal nagusiaren izendapena onartzekoa da egunotan Senatua, baina Yates berehalakoan kaleratu du Etxe Zuriak. Beste fronte asko ere ireki zaizkio presidenteari, abian jarritako migrazio politika baztertzaileak direla eta. Demokratek kontsentsua lortzeko ahalegin oro utziko dute, eta erasora jo dute: gobernukideen izendapenak blokeatzen hasi dira Senatuan.

«Ez dakit nire erantzukizunekin bat egiten duen agindu exekutibo hori defenditzeak. Ez nago konbentzitua agindu exekutiboa legezkoa denik», adierazi du Yatesek ohar batean. Zazpi herrialdetako —Siriako, Irango, Irakeko, Libiako, Somaliako, Sudango eta Yemengo— herritarren sarbidea debekatu, eta errefuxiatuak hartzeko programa guztiak bertan behera utzi ditu Trumpek. «Ni fiskal nagusia naizen heinean, ez dut agindu exekutibo hori defendatzeko argudiorik aurkeztuko», esan du fiskal nagusi ohiak. Barack Obama aurreko presidenteak izendatu zuen Yates.

Ez du luze iraun karguan fiskal nagusiak; ordu batzuetara iritsi zaio Etxe Zuriaren oharra, kargua kendu diotela jakinarazteko. «Obama administrazioaren hautetsia da, oso ahula mugei eta legez kanpoko migrazioari dagokionez. Bada garaia serio jartzeko eta herrialdea babesteko».

Sessionsen izendapena berretsia izan arte, Dana Boentek beteko du kargua. Dagoeneko bertan behera utzi du Yatesen agindua, eta Justizia Departamentuko langileei dei egin die «presidentearen bidezko dekretuak» defendatzera.

Hain zuzen, atzo hasi zuen Sessionsek izendapena berresteko eztabaida Senatuko Justizia Batzordean. Trumpen hautua oso kritikatua izan da, iraganean ateraldi arrazista ugari egin dituelako, eta eskubide zibilen aldeko ekintzaileak auzipetu dituelako. Ganbera osoak onartu beharko du izendapena, aste honetan.

Yates postutik egotzita, eta Sessionsek kargua hartuta ere, Etxe Zuriak ez du erraza izango dekretua aurrera ateratzea. Izan ere, eskubide zibilen aldeko abokatuek hamaika helegite jarri dizkiote herrialde osoan. Virginia estatuan jarri duten salaketa baten arabera, dozenaka pertsonari egoiliar baimena ematera behartu dituzte. Los Angelesen ere antzeko salaketa bat jarri dute. Washington estatuko fiskal nagusiak ere helegitea jarri dio, konstituzioaren aurkakoa delakoan. Lehen estatua da migrazio debekuaren aurka egiten. Microsoft eta Amazon multinazionalek ere babestu dute estatuaren helegitea.

Demokraten boikota

Demokraten estrategia aldaketa ere bultzatu du Etxe Zuriaren migrazioaren debekuak. Elkarlanerako keinua eta akordioetarako prestasuna agertu zuten Trumpek kargua hartzean, baina hainbat frontetan presioa egiten hasi dira. Dekretuaren aurkako protestak antolatu dituzte, gobernukideen izendapenak berresteko eztabaidak boikotatzen hasi dira, eta Auzitegi Goreneko presidentearen hautagaia baztertzen saiatuko dira. Presidentearen politiken aurkakoak diren errepublikanoak bereganatu nahi dituzte demokratek.

Izan ere, gutxiengo dira demokratak Kongresuan, baina badute izendapenak atzeratzeko gaitasuna. Atzo, Osasun departamentuko eta Diruzaintzako zuzendarien karguak berretsi behar zituen Senatuak; Tom Pricerena eta Steven Mnuchinena, hurrenez hurren. Baina ordezkari demokrata bat bera ere ez zen agertu bozketa saioetara, eta atzeratu egin behar izan dituzte.

Trump atzo gauean zen Auzitegi Gorenerako hautagaia jakinaraztekoa. Bi ganberetan gehiengo dira errepublikanoak, eta, horrenbestez, segurtatua dute gehiengo kontserbadorea auzitegian. Bizi guztiko kargua dute Goreneko epaileek, baina Obamak ezin izan zuen epaile moderatu bat izendatu azkena iaz hil zenean.

NBEren ohartarazpena

Etxe Zuriak kritikoak lasaiarazi nahi izan ditu, eta oroitarazi du neurria «behin-behinekoa» dela. John Kelly Segurtasun Nazionaleko idazkariak esan duenez, aste honetan 872 errefuxiatu iritsiko dira AEBetara. «Hau ez da debeku bat, eten bat besterik ez». Siriako errefuxiatuen sarrera mugarik gabe eten du Washingtonek, eta gainerakoak, 120 egunez. Zazpi herrialde musulmanetako herritarrak, ordea, hiru hilabetez ezingo dira sartu. Kanpotarren sarbidea onartzeko prozedura berriak garatzen ari da bitartean Trumpen taldea.

Herrialdeko eskubide zibilen erakundeek ez ezik, NBEk ere ohartarazi dio Etxe Zuriari mugak ezin dituela kudeatu «nazionalitate, etnia edo erlijioaren araberako bazterketa» eginez. «Itsuan hartutako neurriak ez dira eraginkorrak», adierazi du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)