AEB-ak
Albright: "Trumpen politikak beldurrean oinarritzen dira, ez egitateetan"
Berria, , 01-02-2017Clintonekin Estatu idazkari izandakoak gogor kritikatu du immigranteen aurkako dekretua, eta ohartarazi sinesmen jakin bat “jomuga” gisa aurkezteak, “arriskuan” jartzen dituela guztiak. Txekian jaio zen Madeleine Albright, baina oraindik haur zela heldu zen AEBetara naziengandik ihesi. “Errefuxiatu gisa herrialde honen eskuzabaltasunaren onuradun izan nintzen”. Gerora egin zen ezagun, Bill Clintonen agintaldian (1997 – 2001) Estatu idazkari kargua hartu zenean. Azken urteetan, dena den, bizitza publikotik urrun izan da Albright, orain arte.
Politikari demokratak gogor egin du Donald Trumpek bultzatutako dekretuaren aurka eta salatu iheslarien aurkako neurriak ez direla egitateetan oinarritzen, “beldurrean” baizik. “Neurri krudela da, Amerikak bereak dituen balioetatik kolpetik urruntzen gaituena. Harro egoteko moduko tradizioa dugu indarkeriatik eta jazarpenetik ihesi doazenei aterpe ematen, eta beti izan gara liderrak errefuxiatuak birkokatzerakoan. Agindu honek tradizio hori amaituko du, eta baztertu egingo ditu Siriako gerra zibil ankerretik ihesi doazenak”.
Iritzi artikuluan Estatu idazkari ohiak ukatu egiten du errefuxiatuak “arriskutsuak” direla, eta nabarmentzen du horiek beste edozein bidaiari baino “sakonago” ikertuak direla AEBetara heldu aurretik ere. “Egia hauxe da, Amerika gai dela gure mugetako eta herritarren segurtasuna bermatzeko, eta aldi berean, beste inora joaterik ez dutenei ongi etorria emateko tradizioari eusteko. Helburu horiek ez dira elkarren aurkakoak. Aldiz, immigranteek eraikitako herrialde baten eginbeharrak dira”.
Albrightek gogorarazten du errefuxiatuek asko egin diotela herrialdearen alde: “Errefuxiatuen beste belaunaldi batzuk —tartean nireak— egin zuten gauza bera egiten ari dira. Eta ez dut zalantzarik, aukera emanez gero, Amerikako industriaren oinarrizko zati bilakatuko direla”. Bide batez, politikari demokratak ohartarazten du gehiengo musulmana duten herrialdeetako biztanleei sarrera debekatuz, sinesmen jakin bat jartzen dela “jomugan” eta horrek “arriskuan” jartzen dituela estatubatuarrak.
(Puede haber caducado)