AEBetako fiskal nagusia kargutik kendu du Trumpek
Sally Yatesek iragarri zuen Justizia Departamentuak ez zuela musulmanen kontrako dekretua defendatuko, konstituzioaren kontrakoa delako. Barack Obamak izendatu zuen kargurako, eta behin-behinean zegoen.
Berria, , 31-01-2017Zazpi herrialde musulmanetako herritarrak AEBetan sartzeko debekuak hautsak harrotzen jarraitzen du, zer esanik ez AEBetako justizia eta politikagintzan. Sally Yates izan da Donald Trumpen azken biktima. Demokratak gogor ari dira Trumpen azken erabakiaren kontra, eta nor bere botere gunea baliatzen ari da errepublikanoei kontra egiteko, baina Yatesen behin-behinekotasuna moztu egin du errotik Trumpek. Yatesek Justizia Departamentuko burua izaten jarraitu behar zuen, Jeff Sessions fiskal berriak Senatuaren onespena jaso bitartean, baina kendu egin du, eta Dana Boente fiskalak ordezkatu du.
Yatesek bere kargupean daudenei agindu zien ez zezatela dekretuaren defentsa prestatu, arduradun zen aldetik, Departamentuaren ekintzak zaintzea baitzegokion, eta haren ustez, “agindu batek bateragarria izan behar du bidezkoa eta justizia defendatzearekin, eta ez nago ziur agindu exekutiboa legezkoa denik”.
Idatzi hori atera eta denbora gutxi behar izan dute Etxe Zuritik kargutik kendu dutela iragartzeko. “Justizia Departamentuari traizio egitea” leporatu diote, “AEBetako herritarrak babesteko sortu den legezko agindua ez betetzeagatik”. Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramailearen ustez, “Departamentuko funtzionarioek gobernuaren programa barneratu behar dute, bestela alde egin”.
Orain, ikusteko dago Jeff Sessions noiz izendatuko duten kargurako. Sessions oso ezaguna da bere iragan arrazistagatik, eta demokratak saiatzen ari dira hainbat errepublikano bere aldera jar daitezen, Senatuan gehiengorik izan ez dezan. Badira Trumpen agindu berria kritikatu duten errepublikanoak, besteak beste, John McCain eta Lindsay Graham. Atzo kontra hitz egitera atera zen azkena Dick Cheney izan zen, George Bushen presidenteordea, zeinak Irakeko inbasioa bultzatu zuen. Beste kontu bat izango da, ordea, zenbat senatari errepublikanok egingo duten Jeff Sessionen kontra.
(Puede haber caducado)