Trumpen lehen lurrikara

Obamak manifestazioak babestu ditu, eta ohartarazi du «balio amerikarrak» arriskuan daudela. Herritar, diplomazialari, epaile eta politikariek kritikatu dituzte AEBetan sartzeko Etxe Zuriak ezarritako mugak

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 31-01-2017

Herrialde musulman batean jaiotze hutsa nahikoa da AEBetan ez sartzen uzteko, baita han bizi eta lan egiten duten herritarren kasuan ere, salbuespenik gabe, eta segurtasunaren izenean. Musulmanei AEBetara sarrera debekatuko ziela esan eta betetzen ari da Donald Trump, nahiz eta mundu mailako lurrikara eragin duen. Horren adierazgarri da Barack Obamaren jarrera. Presidente ohiek ez dute adierazpen politikorik egiteko ohiturarik AEBetan, baina Obamak isiltasuna hautsi du, «balio amerikarrak» arriskuan daudela ohartarazteko.

Joan den ostiralean hartu zuen erabakiaren ondorioak aireportuetan nabaritu ziren lehenik, dekretuan aipatzen zituen zazpi herrialde musulmanetako bidaiariak herrialdera ezin sarturik geratu eta atxilotu zituztenean. Aireportuetatik hirietara zabaldu dira protestak, eta mundura, erlijioagatik sarrera debekatzeko erabakiak herrialde hartako konstituzioa eta nazioarteko hitzarmen oro hausten dituelako.

Baina Trumpi ez dio axola munduak dioena. Gertatutakoa manifestarien errua izan da, haren ustez, eta, Delta konpainiarena, arazo informatikoen ondorioz, hegaldiak atzeratu edo bertan behera geratu behar izan zutelako, eta hala ere, 109 bidaiari soilik geratu dira ez aurrera eta ez atera, Trumpek txio batean azaldu duenez. Haren ustez, alarma pizten da Chuck Schumer demokrata bezalakoen «malkoengatik».

Esaldi friboloz eman dio erantzuna, ohitura duen bezala, auzi gatazkatsuari. Schumer senatuko ordezkariari emandako erantzuna ikusi besterik ez dago. Demokratak esan zuen bere esku dagoen guztia egingo duela bertan behera uzteko presidentearen neurri «zekena».

Baina Trumpentzat ez du zerikusirik islamofobiarekin. Segurtasunarekin du zerikusia Libia, Siria, Somalia, Sudan, Irak, Yemen edo Irango herritarrek AEBetara sartzeko aukerarik ez izateak. «Terrorearekin du zerikusia, eta gure herrialdea seguru mantentzearekin». Ez du kezkatu behar zer ezkutatzekorik ez duenak, Trumpek dioenez. «Bisatuak emango ditugu berriz, datozen 90 egunetan politikak berrikusi eta neurri seguruagoak ziurtatzen ditugunean». Errefuxiatuei herrialdera sartzeko 120 eguneko debekua ezarri die agindu exekutiboak, eta zazpi herrialde horietako kide ororen sarrera 90 egunez galarazi du.

Epaileak, kontra

Erabakiak izan duen errakzioa ikusi besterik ez dago haren larritasunez ohartarazteko. Hamar egun nahikoak izan dira Obamak lehen adierazpena egiteko. Haren bozeramaileak esan duenez, herrialdeko komunitateek «erakutsitako konpromisoagatik adoretua» dago. AEBetan protestak nonahi eta egunero gertatzen ari dira, eta politikariak eta epaileak lanean jarri dira Trumpen asmoak geldiarazteko.

Kaliforniako, New Yorkeko eta Pensilvaniako hamasei fiskalek adierazpen bateratua egin dute, esanez, tresna guztiak erabiliko dituztela konstituzioaren kontrako lege horren kontra. Ann Donelly New Yorkeko epaile federala izan zen lehena aginduari aurre egiten, eta 200 bat deportazio saihestu zituen, baina epaileek soilik gelditu ahal izan dituzte erabakia hartzerakoan bidaiatzen ari zirenen pertsonen kasuak. Bidaiatzeko asmoa zuten milaka eta milaka pertsonen egoera ez da aldatzerik izango, izan errefuxiatu edo izan AEBetan bizi eta lan egiten duten jaioterri horietako herritarrak.

Politikarien artean, berriz, errepublikanoen kritikak ere sortu ditu. John McCainek eta Lindsay Grahamek salatu dute terrorismoaren aurka egiten den lana zapuz dezakeela, kontrako erreakzioa eragin dezakeela. «Ezin dugu green card bat dutenen sarrera oztopatu, edo gure soldaduen itzultzaile izan direnena, edo inolako arriskurik ez duten errefuxiatuena». Trumpentzat, berriz, bi senatariok III. Mundu Gerra pizten saiatzen ari dira. Demokratek, berriz, denek egin dute bat erabakiaren aurka. Atzo AEBetako Auzitegi Gorenaren aurrean egin zuten protesta.

100dik gora diplomazialarik ere idatzi bateratu bat plazaratu dute. «Neurri honek ez ditu ekintza terroristak saihestuko, eta AEBen filosofiaren kontra dago».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)