errefuxiatuen krisia
Errefuxiatu bat hil da Lesbosen, astebetean hirugarrena
Berria, , 30-01-2017Pakistango 20 urteko gazte bat da hildakoa, eta kanpin denda barruan aurkitu dute hilotz. Joan den astean 22 urteko egiptoar bat eta 46 urteko siriar bat hil ziren, kea arnastuta. Gaur goizean aurkitu dute Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpalekuan 20 urteko pakistandarraren gorpua. Astebetean hil den hirugarren errefuxiatua da, eta horrek Greziako errefuxiatuen kanpalekuetako bizi baldintzen inguruko kezka piztu du. Moriako kanpalekuan hil da hirugarren errefuxiatua. Ostegunean eta larunbatean hil ziren aurreko biak.
Greziako Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Bere izen – abizenak eman nahi izan ez dituen poliziaburu batek baztertu egin du bortxaz hil dutenik. “Kezka badago, eta erne gaude gertatzen ari dena ikertzeko”, gaineratu du. Aurreko bi errefuxiatuak berogailu baten kea arnastuta hil zirela argitaratuko dute Greziako hedabideek, baina agintariek ez dute hori baieztatu edo ukatu.
Lesbosen dauden bi kanpalekuetan 4.800 migratzaile bizi dira, nahiz eta soilik 1.000 hartzeko prestatuta egon. Morian baldintzek okerrera egin dute. Grezia osoan 60.000 baino gehiago daude, gehienbat Siriakoak, Irakekoak eta Afganistangoak. Greziak euren asilo eskaera erabaki bitartean daude errefuxiatuentzako kanpalekuetan. Horietako askok elurte eta izozteei aurre egin behar izan diete urte hasiera honetan Grezian, baita Lesbosen ere, hotz bolada dela eta.
(Puede haber caducado)