Diplomazian ere bada harresia
Peña Nieto Mexikoko presidenteak bertan behera utzi du Trump AEBetakoarekin asteartean egitekoa zuen bilkura. Merkataritza itunaren negoziazioa arriskuan dago
Berria, , 27-01-2017AEBen eta Mexikoren arteko mugaldean Washingtonek ezarri nahi duen harresiak bi herrialdeak fisikoki bananduko ditu, baina beste oztopo asko ere jarriko ditu, ikusiezinak horietako asko. Diplomazian ere sentitu da harresia, beste koska bat igo baita bizilagunen arteko tentsioa: Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak bertan behera utzi du Donald Trump AEBetakoarekin asteartean egitekoa zuen bilkura. Trumpek kargua hartu zuenetik azkar gaiztotu da harremana, eta aspaldiko txarrena da dagoeneko. Mexikoko Atzerri eta Ekonomia ministroak Etxe Zuriko funtzionarioekin bildu ziren herenegun, bisita ofiziala prestatzeko eta bi herrialdeen arteko harremanak suspertzeko. Trumpen aldetik jasotako purrustadak, ordea, ezinezkoa egin du harremanari eustea. Bi herrialdeen artean harresia eraikitzeko dekretua sinatu zuen Mexikoko ordezkariak iritsi ziren egun berean, eta berretsi zuen Mexikori ordainaraziko ziola. Azkenean, atzo hautsi zen soka, Trumpen Twitter bidezko hamaikagarren mehatxuaren ostean: «Mexiko ez badago prest horma ordaintzeko, hobe litzateke bilera ez egitea».
Gero eta presio handiagoa zuen Peña Nietok bilerara ez agertzeko. Oposizioko alderdiez gain, intelektualek eta artistek ere eskatua zioten hitzordua bertan behera uzteko. PRI alderdiaren barruan ere entzun dira bilkuraren aurkako ahotsak. Orain arte AEBen aliaturik gertukoenetarikoa izan da Mexiko, eta merkataritza harreman handia dute —AEBetara esportatzen du Mexikok gehien—.
Atzo arte bilkurari eusten saiatu zen Mexikoko agintaria; herenegun Trumpek harresia eraikitzea agindu izana gaitzetsi zuen Peña Nietok, baina ez zuen ezer esan bilkurari buruz, eta iradoki zuen AEBekin negoziatzen jarrai zezakeela. Atzo, ordea, Twitter bidez jakinarazi zuen ez dela Washingtonera joango. Trumpek errepublikanoek Filadelfian egindako biltzarrean hitz egin du auziari buruz: «Mexikoko presidentearekin adostu dut bilkura ez egitea. Antzua izango litzateke Mexikok AEBak errespetuz tratatu ezean».
AEBetako Gobernuko kideek aurrekoetan egin bezala, Trumpek piztutako sua itzaltzen saiatu da Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramailea; bi herrialdeen arteko liskar diplomatikoa beheratzen saiatu da, eta esan du aurreragorako hitzartuko dutela bilkura. «Komunikazio harremanak irekita utziko ditugu». Spicerren arabera, «garrantzi handikoa» da bi herrialdeen arteko harremana. Bozeramailearen esanetan, 12.000 eta 15.000 milioi dolarren artean —11.200 eta 14.000 milioi euroren artean— kostatuko da harresia,nahiz eta analista independenteek esan garestiagoa izan daitekeela. Mexikoko ondasunei %20ko zerga jarri nahi die Trumpek harresia finantzatzeko, baina, horretarako, merkataritza akordioa moldatu behar du.
Kritika gogorrak jaso ditu Peña Nietok Trumpekiko hartutako jarreragatik. Abuztuan jaso zuen Mexiko Hirian, orduan presidentegaia zela, baina Trumpek harresia eraikitzeko asmoa berretsi zuen. Umiliatuta sentitu ziren orduan mexikar asko: elkarlanerako keinua egin zuen gobernuak, baina bizkarra eman zion errepublikanoak. Abuztuan gertatutakoaren errepikapena ikusi dute askok bi agintarien arteko bilkuran. Mexikoko presidentearen onarpena minimoetara jaitsi da inkestetan.
Merkataritza akordioa
Harresia eta etorkinak kanporatzeko Etxe Zuriaren politikak bakarrik ez, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna berrikusteko asmoak ere kezkatzen du Mexiko. AEBek, Mexikok eta Kanadak sinatu zuten akordioa 1994an, baina haren aurkakoa da Trump. Ituna berriro negoziatzeko ziren elkartzekoak bi agintariak. «AEBek 60.000 milioi dolarreko [56.200 milioi euroko] defizita dute Mexikorekin», esan du Trumpek. Mexikok harresia ordaindu ezean, Trumpek mehatxatu du itunetik aterako dela.
Azken 25 urteetan bi herrialdeen arteko harremanak onak izan dira, baina astebete bakar bat besterik ez du behar izan administrazio berriak hori zapuzteko. Hain zuzen, merkataritza askeko akordioarekin hasi zen bien arteko harremana egonkortzen. Azken liskar diplomatiko larria 1985ekoa da. DEA Drogen Aurkako Departamenduaren agente bat bahitu eta hil zuten Mexikon, eta muga aste betez itxi zuten AEBek. Narkotrafikoaren aurkako borrokan lagundu izan du Washingtonek, Mexikoko Gobernuaren babesa bermatzeko.
(Puede haber caducado)