AEBAK. DONALD TRUMPEN AGINTALDIA
Mexikoko harresia eraikitzeko dekretua sinatu du Trumpek, «mugak berreskuratzeko»
Kanpainako promesa bete du presidenteak, eta esan du Mexikori ordainaraziko diola horma. Migratzaileak babesten dituzten udalerriak funtsik gabe utziko ditu
Berria, , 26-01-2017Astebete ez da kargua hartu zuela Donald Trump AEBetako presidenteak, baina atsedenik ez du hartu Barack Obama aurreko agintariaren legatua hankaz gora jartzeko. Migrazio politiken txanda izan zuen atzo, eta hauteskunde kanpainako promesa izarretako bat bete zuen: Mexikoko mugan harresia eraikitzeko dekretua sinatu du. Horrekin batera, migrazio politikak are gehiago estutuko ditu, eta jopuntuan jarriko ditu migratzaileak deportatzeari muzin egiten dieten tokiko hautetsiak. Neurri gehiago hartzekoa ere bada presidentea: AEBetako prentsara filtratutako zirriborro baten arabera, errefuxiatuei asiloa emateko programak bertan behera utziko ditu, eta herrialde musulmanetako migrazioa oztopatuko du. «Gaurtik aurrera, AEBek beren mugak berreskuratuko dituzte».
Mexiko eta migrazioa egin ditu Trumpek etsai, eta horiei bueltaka ardaztu du bere diskurtsoa. Lehenbailehen nahi du hasi harresia eraikitzen. «Fisikoki egin daitekeen azkarren. Hilabeteetan esango nuke. Plangintza oraintxe hasiko dugu», esan du presidenteak ABC News kateari emandako elkarrizketan. AEBetako zergapekoak hasiko dira Trumpen proiektua ordaintzen, nahiz eta presidenteak sinetsi Mexikoren kontura egingo dutela. «Dirua gero itzuliko digute, Mexikorekin egingo dugun edozein tratutan». AEBetako prentsak kontsultatutako analisten arabera, 20.000 milioi dolar —18.600 milioi euro inguru— kostatuko da harresia.
Hurrengo astean dira biltzekoak Trump eta Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea. Hain zuzen, atzo iritsi zen Washingtonera Mexikoko Atzerri ministro Luis Videgaray, bisita ofiziala prestatzeko. Ministroak dagoeneko aurreratu ditu Mexikoren marra gorriak: harresia eta diru bidalketak. Trumpen arabera, harresiak ez du bien arteko harremana gaiztotuko. «Gure harremana Mexikorekin askoz hobea izango da».
Nolanahi ere, Trumpek ez du hutsetik hasiko harresia. Izan ere, bi herrialdeak banatzen dituen 3.000 kilometroko mugan badaude 1.050 kilometro inguruko hormak eta hesiak. Eta eraiki gabeko guneetan oso zaila da hesi bat egitea, orografiagatik. 1990. hamarkadan hasi ziren hesia eraikitzen, Bill Clintonen agintaldian, eta George W. Bush presidentearen garaian osatu zuten.
Adituek askotan ohartarazi dute harresiak eraginkorrak ez direla migrazioa geldiarazteko; asko jota, oztopatu egiten dutela. Migratzaileen bizitza are arrisku handiagoan jartzen dute. Narkotrafikatzaileek, kontrara, erraz bilatzen dituzte bide eta metodo alternatiboak. Horrez gainera, ingurumenari kaltea eragiten dio eraikuntzak, baita mugaldeko lur jabeei ere, lurrak kendu behar baitizkiete. Bi herrialdeen arteko merkataritza harremana handia da, eta harresiak ezinbestean kalte egingo dio bi aldeetako ekonomiari.
DHS Barne Segurtasunerako Departamenduaren egoitza nagusian bi dekretu sinatu ditu Trumpek, bigarrena legez kanpoko migrazioaren aurkakoa. Bisitatzen duen bigarren segurtasun agentzia da; CIAko egoitzan izan zen asteburuan. Izan ere, presidentearen kanpainak haizatu dituen beldur asko segurtasunari buruzkoak izan dira: Trumpen ustetan, legez kanpoko migrazioa kontrolik gabe dago, eta herrialdearen segurtasunari eta babesari mehatxu egiten dio. Baina hauteskundeen ondoren ere, delinkuentzia eta migrazioa lotzen jarraitu du magnateak. Atzo, legez kanpoko migratzaileek hil dituzten hainbat senidek lagundu zuten Trump ekitaldian; kanpainan askotan eduki ditu ondoan.
Segurtasuna obsesio
Legez kanpoko migratzaileak atxilo hartzeko zentro gehiago eraikiko ditu gobernuak, eta horiek deportatzeko oztopo oro kenduko ditu. Hainbat herritako hautetsiek muzin egin diote kanporatze aginduei, baimenik gabekoak babestuz. Hiri santutegi gisa ezagunak dira, eta errepublikanoen helburu amorratua izan dira urteetan. Trumpen dekretuarekin, Washingtonek udalerri horiei funts publikoak kentzeko aukera izango du.
Migrazio politikak are gehiago gogortzen jarraituko du administrazio berriak, neurri zabalagoak hartzekoa baita presidentea. Washington Post egunkariari filtratu dioten zirriborroaren arabera, musulmanei herrialdera sartzea galarazteko urratsak egingo ditu Etxe Zuriak; Irakeko, Irango, Libiako, Somaliako, Sudango, Siriako eta Yemengo herritarrei bisak helaraztea debekatuko du, prozedura berriak garatu arte. Legezko migrazioa ere ez da salbu: iheslariak jasotzeko programa bertan behera uzteko asmoa du, Siriakoak barne.
Obamaren gobernuak bultzatu zuen DACA legeari buruzko neurriak erabakitzeko ditu oraindik Trumpen taldeak. Lege horri esker, adingabe zirenean iritsi ziren 700.000 pertsonek lan egiteko bisak eskatu ahal izan dituzte. Baina Trumpek esana du bertan behera utziko duela. «Arazoa larria dela ulertzen du presidenteak», esan du Sean Spicer Etxe Zuriko bozeramaileak. «Familia gizona da, eta bihotz handia du».
(Puede haber caducado)