NPD alderdi ultraeskuindarra ez dute legez kanpo utziko

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak hartu du erabakia. Epaileen ustez, alderdiaren helburua da egungo ordena demokratikoa kentzea, baina konstituzioaren kontrakotzat jotzeko eskaerak ez ditu nahiko argudio alderdia debekatzeko.

Berria, , 18-01-2017

Ikusmin handia zegoen Alemanian, Konstituzionalak har zezakeen erabakiaren inguruan, 2003tik saiatu baitira NPD legez kanporatzen. 2003an eskaeraren forma-akatsak argudiatu zituen Kontituzionalak, eta orain ondorioztatu du argudioak ez direla alderdi bat debekatzeko modukoak. Epaileek argudiatu dutenez, NPD Alderdi Nazional Demokratikoaren ideia politikoek “gizakien duintasuna mespetxatzen dute, eta bateraezina da demokraziaren printzipioekin, baina ez dago zantzurik konstituzioaren kontra dituzen asmoek aurrera egin dezaketenik”.

Auzitegiak onartu du “ordena demokratikoa komunitatea etnikoki definitutako estatu autoritario batekin ordezkatu” nahi dutela. Onartzen du ere NPDko hainbat kidek jarrera kriminala izan dezaketela, baina uste du ezin duela eragin Alemaniako bizitza parlamentarioan, ezta koaliziorik sortu ere bere helburuak aurrera eramateko. Landerretako ordezkarien eskaeraren argudioaren arabera, NPD Adolf Hitlerren nazionalsozialismoaren “oinordeko ideologikoa da”.

NPD 1968an sortu zen, eta gaur egun ez dauka sortu zenean bezainbesteko indarrik. Hamar urtean militantziaren herena galdu du —5.000 kide dauzka—, baina eurodiputatu bat dauka. NPDko jarraitzaile asko eta asko AfD Alemaniarentzako Alternatibara joan dira. Datorren iraileko legebiltzarreko hauteskundeetan AfDk botoen %15 eskura ditzakeela iragarri dute hainbat inkestak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)