Dozenaka errefuxiatu hil ditu Nigeriako armadak, kanpaleku bat bonbardatuta
Mugarik Gabeko Medikuek salatu dutenez, 50 baino gehiago dira hildakoak. Militarrek aitortu dute «hutsegitez» egin dutela erasoa
Berria, , 18-01-2017Sarraskia eragin du Nigeriako armadak herrialdearen ipar-mendebaldeko errefuxiatu kanpaleku batean. Gobernuak berak aitortu duenez, «hutsegitez» bonbardatu du abiazioak iheslarien gunea, eta dozenaka hil ditu. Giza laguntza ematen duten erakundeen langileak daude biktimen artean. Gobernuak ez du eman hildakoen kopuru ofizialik, baina MSF Mugarik Gabeko Medikuen erakundearen arabera, gutxienez 52 dira. Zaurituak, berriz, 120.
Rann herrian izan da bonbardaketa. Lucky Irabor armadako komandanteak prentsa agerraldia egin du Maiduguri hirian. Haren arabera, gerra hegazkin batek egin du erasoa goizean, Boko Haram talde islamista sunitako kideak inguruan bildu zirela jakin baitzuten. «Zoritxarrez erasoa gertatu da, eta inguruetan zeuden zibilei eragin die». Militarrek aitortu dute hildakoen artean MSFko eta Gurutze Gorriko kideak daudela. Nigeriako presidente Muhammadu Buharik dolua adierazi du, eta lasaitzeko deia egin du.
MSFk «onartezintzat» jo du sarraskia. «Pertsona kalteberen aurkakoa da. Dagoeneko asko sufritutakoak dira, eta muturreko indarkeriatik ihes egin dute», adierazi du ohar batean Jean-Clement Cabrolek,erakundeko operazio zuzendariak. «Zibilen segurtasuna bermatu behar da».
Zaurituak artatu eta ebakuatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio erakundeak gobernuari. «Gure baliabideak Txaden eta Kamerunen prest daude zaurituak hartzeko».
Rann inguruko iheslarien gunea Kamerungo mugaldean dago, Borno estatuan. Boko Haramen helburu izan ohi dira hango herritarrak. 2009. urtean hasi zuen erasoaldia muturreko talde islamista sunitak, eta 20.000 pertsona baino gehiago hil ditu ordutik. Bi milioi eta erdi pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute gatazkaren ondorioz.
Nigeriak, Kamerunek, Txadek eta Nigerrek nazioarteko koalizio bat osatu dute talde jihadistari aurre egiteko, eta Txad lakuaren inguruan erasoaldia hasia dute, lau herrialdeen arteko mugaldean. Boko Haramek hainbat porrot militar izan ditu azken urteetan, baina oraindik indartsu dago. Azken asteetan, Nigeria iparraldean erasoak egin ditu zibilen aurka. Estatu islamiko bat sortzea da taldearen helburua.
(Puede haber caducado)