Gasteizko erroldatik 489 etorkin botatzeko agindua baliogabetu dute

EAEko Auzitegiaren epaiak kontrakoa esan arren, Udalak etorkinen erroldatzea trabatzen jarraituko du

Berria, 17-03-2006

estitxu ugarte – GASTEIZ

Gasteizko PPko udal gobernua tematia da. Etorkinen erroldatzea zorrotz zelatatzen jarraituko du, eta SOS Arrazakeriaren egoitzan edo antzeko toki batean erroldatzea trabatuko du. Antza, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia ez du kontuan hartuko.

Arabako SOS Arrazakeriaren arduradun Fede Garciak atzo azaldu zuenez, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Gasteizko erroldatik 500 etorkin inguru ateratzeko Udalak hartutako erabakia. 2004. urtean bidali zituen PPko udal gobernuak etorkinak erroldatik. Guzti – guztiak SOS Arrazakeriaren Gasteizko egoitzan erroldatuta zeudela, eta hori «iruzur» egitea zela argudiatu zuen.SOS Arrazakeriak helegitea aurkeztu zuen erabakiaren kontra, eta iragan hilean jaso zuen epaia. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, Gasteizko Udalak ez zituen tramiteak behar bezala bete, eta ondorioz, aginduak ez du balio eta bertan behera utzi behar da. 2003ko uztailaren 2an erabakia hartu eta etorkinak bidaltzeko espedientea abiatu zuen Udalak, baina 2004ko maiatzaren 20a arte ez zuen espedientea gauzatu. «Nahitaezko epeahiru hilabete aise gainditu zuen Udalak, eta ondorioz espedienteak balioa galdu zuen», dio epaiak.

Forma arazoek eragin dute baliogabetzea

Garciak aitortu bezala, epaia ez da SOS Arrazakeriak aurkeztutako helegitearen edukietan oinarritzen, baizik eta forma arazoetan. Hala ere, Garciaren irudiko, «garrantzi handiko» epaia da, PPko udal gobernuak erroldatik bota zituen herritar guzti horiek erroldatu behar dituelako berriro. Gainera, etorkinak botatzeko agindua eman ostean, azken hiru urteetan, elkarteak bildu dituen 600 eskaera tramitatuko dituztela adierazi zuen.

Udal agintariak, baina, ez daude prest EAEko Auzitegi nagusiaren epaia onartzeko, eta aurrerantzean etorkinak SOS Arrazakeriaren egoitzan erroldatzen uzteko. PPko alkateorde Javier Marotok azaldu zuenez, etorkinak berriro ere erroldatik bidaltzeko espedientea «lehenbailehen» abiatuko dute. «Ez dugu iruzurra onartuko».Espedientea zabalduz gero, SOS Arrazakeriak bide judizialari ekingo diola iragarri zuen. «Epaileak auziaren edukietan sartzeko irrikan gaude», esan zuen Garciak.Dena dela, hurrengo egunetan idazkia bidaliko dio elkarteak Gasteizko alkate Alfonso Alonsori, epaia betetzeko eskatuz. «Egun batetik bestera etorkinen gizarteratzearen lehendabiziko pausoa hautsi zuen alkateak, eta orain exijitu nahi diogu pertsona horiekin dituen ardurak betetzeko». Era berean, udal talde politiko guztiei dei berezia egin zien Garciak «orain arte erakutsitakoa baino jarrera zabalagoa» izateko.Bestetik, Gasteiz Izan plataforma epaiarekin pozik agertu zen atzo bidalitako ohar batean. Nolanahi ere, epaiak etorkinen arazo legalak ez dituela konpontzen nabarmendu zuen. «Are gehiago Udalak beste espediente bat abiatuko duela jakin ostean». Etorkinekiko udal politika errotik aldatu behar dela esan zuen.

Sei eskaera Gasteizko Udalari

SOS Arrazakeria taldearekin bat egin zuten Gasteizko sindikatuetako eta herri mugimenduetako kide ugarik atzoko agerraldian. Etorkinak erroldatzearen harira eta immigrazioaren fenomenoa jorratzeko orduan honako eskaera hauek egin zizkieten udal agintariei:

Epaia bete: Udalak SOS Arrazakeriak eginiko etorkinen erroldatzeak onartu behar duela esan zuten, epaiaren ondorioak aintzat hartuz.

Bazterturik dauden lagunen erroldatzearen ardura hartu: Etorkinen erroldatzea bere gain hartu behar duela Udalak, eta gizarte zerbitzuek baztertuta dauden lagunak egokien deritzoten tokietan erroldatu.

Immigrazioaren errealitatea onartu: Azken urteotan immigrazioaren fenomenoarekiko ezarri den politika aldatu behar dutela udal agintariek. Etorkinek Gasteizko gizartean duten papera onartu, kolektibo horrekin begirunez jokatu, eta ez susmagarritzat hartu.

Erroldatzeko eskaera berriak onartu: SOS Arrazakeria elkarteak Gasteizen erroldatzeko jaso dituen 600dik gora eskaera berriak onartzeko eskatu zuten. Gizarte Zerbitzuak eta udal talde politiko guztiek azken hiru urteetan jaso diren erroldatzeko eskaeren inguruko zehaztasun guztiak dituztela azaldu zuten.

Udal Immigrazio Plana gaurkotu: Egun, Gasteizen bizi diren etorkinen beharrak asetzeko Udal Immigrazio Plana gaurkotu eta egokitu behar dela nabarmendu zuten. Benetako errealitatea udal bulegoetatik urrun dagoela esan zuten, eta gainera, udal agintariek sistematikoki arbuiatzen dutela. Halaber, pertsona ororen eskubideak babestu eta bermatu behar dituela Gasteizko Udalak, bertakoak izan edo atzerritarrak izan.

Gizarte eragileen lana begirunez hartu: Zentzuz jokatzeko dei berezia luzatu zioten udal gobernuari, eta gizarte eragileek asmatu ez duten errealitateari arrazoizko konponbidea ematea galdegin zioten. Elkartasuna adierazteko eta bazterturik dauden pertsonak laguntzeko prest egon diren elkarteak eta pertsonak zigortzeko eta baztertzeko politika alde batera uzteko eskatu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)