Trump: "Hondamena ekarriko du Merkelek errefuxiatuei ateak zabalduta egin duen hutsegiteak"
Aste honetan bertan hartuko du AEBetako presidentetza Trumpek, eta iragarri du herrialdearentzako merkataritza akordio "bidezkoagoak" lortu eta mugak sendotuko dituela. Haren iritziz, errefuxiatuen auzia izan da Erresuma Batua Europako Batasunetik irteteko arrazoi nagusia.
Berria, , 17-01-2017Erresuma Batuko Times eta Alemaniako Bild egunkariei emandako elkarrizketan zehaztu ditu Donald Trump presidente hautatuak bere nazioarteko politiken ildo nagusiak izango direnak: AEBentzako merkataritza itun “bidezkoagoak” lortzea eta mugak “sendotzea”. “Jendeak ez du nahi atzerritarrak etorri eta haien herrialdea suntsitzea”, nabarmendu du buruzagi estatubatuarrak. Haren esanetan, gainera, Bruselak EBko kideak errefuxiatuak hartzera derrigortu ez balitu, ez zen brexit-ik izango. “Herrialdeek euren nortasunari eutsi nahi diote, eta uste dut alde horretatik Erresuma Batuak urrats egokia egin duela. Gehiagok ere bide berari jarraituko diotela uste dut”.
Alemaniako kantziler Angela Merkelen politikak kritikatu ditu Trumpek. “Alemaniarentzako tresna bat da Europako Batasuna, eta, beraz, Merkel da EBko buruzagi nagusia. Horregatik diot hark hondamena ekarriko duen hutsegitea egin duela paperik gabeko pertsona horiek guztiak hartuta”.
NATO “zaharkitua dago”
Nazioarteko segurtasun politikei dagokienez, NATO izan du Trumpek hizpide, eta ohartarazi du “zaharkitua” dagoela hura ahalbidetu duen ituna; “estatu gehienek ez dute jartzen behar luketen diru kopurua; soilik bost ari dira ituna betetzen”. Hori aintzat hartuta, Errusiarekiko balizko akordio batez hitz egiten hasteko prest agertu da, baina zehaztu du horretarako Vladimir Putin presidenteak “nabarmen murriztu” beharko lituzkeela arma nuklearrak, eta trukean AEBek zigorrak arinduko lituzketela.
Ekialde Hurbilaz galdetuta, berriz, Irakeko inbasioa “inoiz hartutako erabakirik okerrena” izan zela esan du Trumpek, eta gaineratu du “eremu seguruak” sortu beharko liratekeela Sirian, eta horretarako baliabideak AEBen aliatu diren Golkoko estatuek jarri beharko lituzketela.
Obamaren osasun programa amaituko da
Etxera itzuliz, Obamacare deritzon programa bertan behera geratuko dela iragarri du Trumpek, eta haren tokian “guztientzako osasun aseguru pribatuak” eskuragarri jarriko dituela iragarri. “Estatubatuarrek ezin dute onartu jendea kalean hiltzea”. Hala, esan du farmazia enpresek salneurriak jaitsi beharko dituztela Medicare eta Medicaid programetara egokitzeko —aseguru pribatuak ordaindu ezin dituztenentzako programak dira horiek—.
(Puede haber caducado)