Espainiak immigranteak atzeman ahal izateko ontziak eskaini ditu
Kanariar Uharteetara 180 etorkin iritsi dira azken bi egunotan
Berria, 17-03-2006erredakzioa
Mauritaniak bi mila kilometro kosta ditu. Itsasbazter zabal hori ikuskatu ahal izateko, baina, ontzi bakar bat du. Nuadibu hirian itsasoa zeharkatzeko zain dauden hamabi mila immigrante baino gehiago daude. Mendebaldeko Sahararekin muga egiten duen hiria immigranteen babesleku bihurtu da bidaia abiatu aurretik. Saharaz hegoaldeko immigranteak dira. «Oso urduri nago. Ez dakit igerian. Nire gurasoengan, senideengan eta lagunengan pentsatzen dut. Marokotik saiatu nintzen duela hiru urte baina deportatu egin ninduten. Estrategia aldatu behar izan dugu eta orain are arriskutsuagoa da bidaia. Espainiak dirutza eman zion Marokori. Mauritaniarekin gauza bera egingo du. Gobernu ustelak gure kontura aberasten ari dira eta gu, bien bitartean, gure bizitza arriskuan jartzen dugu». Senegaldar baten hitzak dira. Nuadibun dago ontzi bat hartzeko zain.
Espainiako Gobernuko ordezkariek laguntza eskaini zioten atzo Mauritaniari. Ely Uld Mohamed Vall koronelarekin bildu ziren eta etorkinak antzeman ahal izateko ontziak eskaini zizkioten iazko abuztuan estatu kolpea eman zuen koronelak. Espainiako Atzerri Gaietarako Estatu idazkari Bernardino Leonek «nazioarteko arazoa» dela adierazi zuen: «Mauritania igarobidea da egun euren bizitza arriskuan jartzen duten pertsona askorentzat eta itsasoan hil daitezkeenak asko dira». Kanariar Uharteetara azken aldian iristen ari den immigrante uholdea eteteko bi herrialdeen arteko harremanak sendotzeko konpromisoa hartu zuten. Kanarietarako bidean 2.500 lagun baino gehiago antzeman dituzte aurten. Herenegun eta atzo bitartean ehun eta laurogei immigrante iritsi ziren uharteetara sei ontzitan. Ilargi Gorriak ohartarazi duenez, hirurogeita hamar immigrante dituen ontzi bat galduta dago itsasoan. Mauritania eta Kanariar Uharteen artean mila kilometro inguru daude eta ontziek bost egun behar izaten dituzte tarte hori egiteko. Itsasoa zakarra izan ohi da zonaldean. Tenerife uhartearen inguruan, berriz, hogeita hamazazpi immigrante salbatu zituzten atzo.Espainiari eta Europako Batasunari laguntza eskatu zieten atzo Kanariar Uharteek. Adan Martin presidenteak berehalako neurriak hartu ezean immigrazioaren arazoak hondamendia eragingo duela ohartarazi zuen: «Azken sei egunotan mila immigrante baino gehiago iritsi dira gurera».Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vega bihar da uharteetara joatekoa eta «hegoaldeko muga blindatu» beharra dagoela adierazi zuen.