Munduko janariak jateko aukera gaurko ibilbide gastronomikoan
Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteko tabernariek antolatu dute
Diario Vasco, , 16-01-2017Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteko tabernariek antolatuta ekimen berri bat izango da gaur goizean herrian. Pasa den urtea amaitu aurretik frontoian eta Artzabalen ‘Bizi Kalea’ ekimeneko bi azoka burutu ostean, gaurkoan formato zaharrera itzuliko dira, Tipi-Tapa formatora hain zuzen ere.
Gaur goizean zehar herriko zenbait tabernetan ibilbide gastronomikoa egiteko aukera izango da, beraz, eta oraingo honetan munduko janariak dastatu ahal izango dira Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Guria, Txiriboga eta Txirristra tabernetan. Bakoitzak prestatutako pintxoak eskuratu ahal izango dira, edariarekin batera (urteko ardoa, txakolina, sagardoa, zuritoa edo ura) eta mokadutxoa, 2 euroren truke.
Arratsaldeko 15:00ak arte bidaiatu ahal izango da munduko jaki desberdinen ibilbide gastronomikoan eta ordu horretan zozketatuko dute 150 euroko erosketa balea.
Gaurko ekimenaren ostean berriz ere azoka formatoarekin itzuliko dira otsailean. Izan ere, otsailaren 4rako, larunbaterako, iragarria dute hurrengo ekimena. Egun horretan azoka egingo dute frontoian.
Odol emanaldia
Bihar urteko lehen odol emanaldia izango da herriko osasun zentroan. Gabonak pasatzearekin batera, Usurbilgo Odol Emaileen elkartea berriz ere lanean hasi da, eta gaur odola emateko aukera izango dute usurbildarrek arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara bitartean.
Aurrez odola eman izan dutenetako batzuk elkarteko honetako deia jasoko zuten dagoeneko beraien txanda dela gogora arazteko, baina gainontzeko herritarrak ere ekitaldi honetara gonbidatuta daudela gogorarazi nahi du Odol Emaileen elkarteak.
Gutxienez 18 urte eta gehienez 70 urte beteta izatea, eta osasun arazorik ez izatea dira eskatzen diren oinarrizko baldintzak.
Ekitaldi bakoitzean mediku bat egon ohi da kezka edo zalantza guztiak argitzeko eta lau hilabetetik behin lagun urkoari ordu bat eskaintzea besterik ez dute eskatzen.
Odola emateko bete behar diren baldintza mediko eta legezkoak bete ondoren, odola ematea oso gauza erraza da, ez du minik ematen, eta 10 minutu eskas behar dira hori egiteko. Emanaldi bakoitzean 450 cc odol ateratzen da gutxi gorabehera.
(Puede haber caducado)