Tarajalen tiroz hildako errefuxiatuen auzia berriz zabaldu du auzitegi batek

Guardia zibilek hamabost errefuxiatu hil zituzten 2014ko otsailaren 6an. Ceutako instantziako epaitegiak 2015eko urrian artxibatu zuen auzia

Berria, , 13-01-2017

Tarajalgo tragediako erantzuleak zigortu ahal izateko zirrikitu bat zabaldu da, gertaeraren hirugarren urtemugaren atarian. Ceutako Auzitegiak auzia berriz zabaltzeko agindu du, eta zehaztu ikerketa «azkenera arte» eraman behar dela. Ceutako Lehen Instantziako Epaitegiak 2015eko urrian artxibatu zuen auzia ondorioztatuz guardia zibilek ez zutela erantzukizunik izan eta uretan zeuden immigranteak ez zeudela arriskuan eta ez zitzaiela zertan lagundu behar. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek, baina, helegitea jarri zuten, eta auzia berriz ikertzea erabaki du auzitegiak. Epaileek auziaren izaera «humanoa, soziala eta juridikoa» nabarmendu dute. Orotara, hamasei guardia zibil daude inputatuta.

Heldu den otsailaren 6an beteko dira hiru urte tragedia hartatik. Ceutara sartzeko ahalegina egin zuten goizalde hartan 200 bat errefuxiatuk, horietako batzuek hiri autonomoa babesten duen kai muturretik, itsasotik. Igerian ari zirela, guardia zibilek gomazko pilotekin eta ke poteekin egin zieten tiro immigranteei. Orotara, hamabost lagun hil ziren uretan. Marokoko uretan agertu ziren hamar errefuxiaturen gorpuak, eta beste bostenak, berriz, Espainiakoetan. Bost horien heriotzagatik inputatu zituzten guardia zibilak. Marokok ez du erantzunik eman gobernuz kanpoko erakundeek auzia ikertzeko egindako eskaeren inguruan.

Gobernuaren jarrera

Espainiako agintariek, hasieran, guardia zibilek izandako jokaera ukatu zuten, baina gerora aitortu behar izan zuten istiluen aurkako materiala erabili zutela. Marokoko Polizia egin zuten hasieran erantzule, baina, lekukoen arabera, guardia zibilen indarkeria haien parekoa edo handiagoa izan zen.

Espainiak jakinarazi duenez, iaz 2.564 immigrante sartu ziren Marokotik Ceutara. Aurreko urtean, 2.138 izan ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)