AEBETAKO TRANTSIZIO POLITIKOA. TRUMPEN AGERRALDIA

'Trump eredua', Etxe Zurirantz

AEBetako presidente hautatua negozioetatik «bakartuko» dute agintaldiak iraun bitartean, indar guztiak ekonomian jartzeko: «Jainkoak inoiz sortu duen lanpostu sortzailerik handiena izango naiz»

Berria, Adrian Garcia, 12-01-2017

Donald Trump AEBetako presidente hautatuak iazko uztailean eman zuen azken prentsaurrekoa. Orduan, Errusiari eskatu zion Alderdi Demokrataren posta elektronikoa gehiago hackeatzeko. Ia sei hilabete igaro dira ordutik, baina gai berbera ibili da bueltaka Trump dorreko prentsa aretoan, New Yorken. Hedabideetara filtratu dituzten zerbitzu sekretuen txostenak alde batera utzi ditu Trumpek, hauteskundeez geroztik egin duen lehen prentsa agerraldian. Haren bozeramailea arduratu da «albiste faltsuak eta baieztatu gabeko informazioak» gezurtatzeaz. Ekonomian jarri du indarra hurrengo presidenteak, eta lanpostuak sortzeko bidea zehaztu du: haren enpresa sarea arrakastatsu egin duen eredua eramango du Etxe Zurira. «Jainkoak inoiz sortu duen lanpostu sortzailerik handiena izango naiz».

Ondora bildu duen kolaboratzaile taldea da eredu horren adibide. Atzo Senatuan itaundu zuten Trumpek proposaturiko Estatu idazkaria, Exxon Mobile petrolio enpresako kontseilari ordezkari ohi Rex Tillerson. «Inoiz bildu den talderik onena da. Oso jende azkarra da», esan du Trumpek. Haren arabera, AEBek «mila milioika dolar» galtzen dituzte urtero merkataritza akordioetan. «Ez ditugu tratu onak egiten; horregatik behar ditugu onenak». Ez Trumpek, ez Tillersonek ez dute eskarmenturik aginte postuean.

Langile klasea bereganatzeko eraginkorrak izan zaizkion mezuei eutsi die Trumpek, eta legealdiko helburu nagusia ekonomian finkatu du. «Jardunean egon naiz hauteskundeetatik», esan du, autogintza konpainia handiei Twitter bidez egindako ohartarazpenei erreferentzia eginez. «Zure lantegia Mexikora lekualdatu nahi baduzu langileak kalean uzteko… Ez da halakorik gertatuko. Prest egon muga zerga handiak ordaintzeko».

Mehatxua beste sektoreetara zabaldu du presidente hautatuak, batez ere farmazia industriara. «AEBetan asko saltzen dute; ekoitzi, ordea, gutxi. Hori aldatu egin behar dugu».

Interes gatazkak

Nolanahi ere, inperio ekonomiko erraldoi baten jabe izatea kezka iturri bihurtu da haren aholkularientzat, ia ezinezkoa izango baitzaio Trump sendiari interes gatazkak saihestea. Bostehun enpresa baino gehiagoren jabe da, eta enpresa horiek inbertsio eta interes ugari dituzte atzerrian. Haatik, AEBetako konstituzioak oztopo gutxi ezartzen dizkio. Edozein kargudun publikok interes gatazkak sor diezazkiokeen ondasunak baztertu behar ditu legez, baina presidentea eta presidenteordea salbuetsita daude. «Gai izango nintzateke nire negozioak aurrera eramateko presidente izan bitartean. Baina ez dut hori egin nahi», adierazi du Trumpek.

Sheri Dillon abokatu fiskalak azaldu ditu sendiak hartutako neurriak, «presidentearen eta Trump erakundearen artean horma bat eraikitzeko». Dillonen arabera, Trump negozioetatik «bakartuko» dute. Horrela, haren seme Eric Trumpek eta Donald Trump semeak hartuko dute erantzukizuna familia negozioetan. «Presidente hautatuak egunkarien bidez izango du bere enpresen tratuen berri». Ez dute enpresa sarea salduko, Dillonen hitzetan, «zailagoa» litzatekeelako, eta handiagoak liratekeelako interes gatazkak. «Ezin dugu espero berak sortutako konpainia deuseztatzea».

Etika aholkularitzako talde bat batuko da Trump erakundearen zuzendaritza taldera. Horrez gain, negozio berriak egiteko orduan mugak izango dituzte. Trumpen agintaldiak iraun bitartean, atzerrian ez dute traturik egingo —dagoeneko saldu dituzte AEBetatik kanpo dituzten interesak—. Eta gaizki-ulertuak uxatzeko, atzerriko gobernuak Trump hoteletan ostatu hartzen dutenean ateratzen dituzten irabaziak AEBetako Gobernuari emango dizkiote. Izan ere, konstituzioak debekatu egiten die gobernuko kideei atzerriko gobernuen opariak jasotzea.

Agiri mordoa eskuragarri utzi du presidente hautatuak, kazetariek bere enpresei buruzko xehetasunak jakin ditzaten. Eta enpresak kudeatuko dituzten semeei ohartarazpena egin die: «Bueltatzean gauzak okerrago badaude, kaleratuak izango zarete».

Atzerri politika

Trumpen hauteskundeetako garaipen hitzaldia entzunda, askok pentsatu zuten kanpainako jarrera erasokorra baretuko zuela presidente kargua hartzerako. Baina ez du jokamoldea aldatzeko zantzurik eman agintea hartzeko astebete pasatxo falta dela.

Guztiz kontrako aldartea erakutsi du Barack Obama presidenteak; elkartasuna eta aniztasuna goraipatuz egin du agurra. Trumpek, ordea, ongi baino hobeto identifikatu ditu arerioak: atzerritarrak. Japonia eta, bereziki, Txina eta Mexiko jarri ditu jopuntuan, «AEBez aprobetxatu direlako».

Kanpainako proposamen izarra eta polemikoa betetzen tematuta dago presidente hautatua: «Lehenbailehen hasi nahi dut horma eraikitzen. Ez dut itxaron nahi». Berretsi du Mexikoren kontura eraikiko dutela harresia. «Era batera edo bestera, ordainduko dute. Ordainketa baten bidez ez bada, zergen bidez».

Auziak eztanda egin zuenetik lehen aldiz, errepublikanoak aitortu du Mosku dagoela zibererasoen atzean. «Mundu osoak hackeatu ditu AEBak». Eta demokratak egin ditu erantzule, defentsa neurriak ez hartzeagatik. Edonola ere, agintea hartzean nazioarteko jokalekua aldatuko duela uste du Trumpek. «Errusiak eta Txinak askoz gehiago errespetatuko dituzte AEBak ni presidente naizenean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)