Kanarietara zihoazen 18 etorkinen gorpuak aurkitu dituzte itsasoan

Beste 123 etorkin iritsi dira; Europako Batzordeak ordezkari bat bidaliko du, egoera aztertzeko

Berria, 16-03-2006

erredakzioa

Mauritaniatik gertu, Kanariar Uharteetara zihoazen 18 etorkinen gorpuak aurkitu zituzten atzo. Itsasoko Itxaropena erietxe – ontziko marinelek aurkitu zituzten, Kanarietatik 400 miliatara. Ontziak Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugatik gertu jarraitzen zuen atzo arratsaldean, gorpu gehiagoren bila. Ustez, zihoazen txalupa iraulita hil ziren 18 etorkinak. Hori dela eta, hildako gehiago egon daitezkeen beldur dira erietxe – ontziko kideak. Horretaz gain, beste 123 etorkin iritsi ziren atzo Tenerifera, bi txalupatan. Horiek horrela, Espainiako Defentsa Ministerioak Kanarietan dituen instalazio militarrak agintarien esku utzi zituen.

Europako Batzordea, bestalde, kezkatuta agertu zen atzo Kanarietara iristen ari den etorkin oldea dela eta. Horregatik, egoera aztertzeko ordezkari berezi bat bidaliko zuela iragarri zuen. Espainiako Gobernuak, berriz, ordezkaritza bat bidali zuen Mauritaniara. Gaur bilduko dira hango agintariekin. Europako Garapenerako Laguntzarako eledun Amadeu Alfanajen esanetan, ordea, etorkinen jatorrizko herrialdeetako arazoak konpondu ezean, «alferrik da beste guztia».

Espainiak Mauritanian duen enbaxadoreak azaldu zuenez, herrialde horrek ez du kostaldea zaintzeko nahikoa baliabiderik, eta, beraz, ia ezinezkoa da jakitea zenbat diren itsasora ateratzeko prest daudenak: «Fenomeno hau berria da Mauritaniarentzat».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)