Errefuxiatuak

"Berriz egingo dugu"

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 07-01-2017

Eguerdian heldu dira Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaileak Loiuko aireportura (Bizkaia). Harrera beroa egin diete gertukoek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek. Taldeak dei egin dio gizarteari Euskal Herriko herri eta auzo bakoitza “harrera gune” bihur dezan. Elkartasuna ez da delitu. Nik ere egingo nuke zioten pankarta horiak eskuetan, ehundik gora lagun bildu dira gaur egerdian Loiuko aireportuan. 12:00etarako espero zituzten Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaileak eta txalo artean hartu dituzte. Atenastik heldu dira biak, Frankfurten galdialdi laburra egin ostean.
Zuluaga eta Huarte joan den astean atxilotu zituzten Igumenitsan, zortzi iheslari ezkutuan Greziatik ateratzen saiatzeagatik. Bi delitu leporatu dizkie fiskalak: “Legez kanpoko immigrazioa sustatzea” eta “arduragabekeria larria” egitea, errefuxiatuak eramateko erabilitako autokarabanak beharrezko segurtasun neurriak betetzen ez zituelakoan. Epaileak ezarritako bermea ordainduta, ordea, aske dira biak.
Harro eta pozik agertu dira egindakoaz, gertatutakoak “gizatiarrago” sentiarazten dituela esanez, eta ohartarazi dute prest daudela berriz gauza bera egiteko. “Batzuk ez dira oraindik iritsi. Natasha, Ali, Awais, Rahin, Behrouz, Basil, Morteza, Muaied… falta dira. Horiengatik guztiengatik aurrera jarraituko dugu”, esan du Huartek. Harekin bat etorri da Zuluaga: “Eskubidea dugu bidegabekerien aurrean desobedientzia erabiltzeko”.
Herritarrei deia
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak agerraldia baliatu du gizarteari mugitzeko deia egiteko. “Gure helburuekin bat egiten duten pertsonei dei egiten diegu bil daitezen taldeetan, eta gure bandera horia eskegi dezaten lehio eta balkoietan, herri eta auzo guztiak harrera gune bihur daitezen”.
Desobedientzia ez dela bidea esan duten instituzio eta erakundeei ere zuzendu zaie plataforma, eta alternatibak aurkezteko eskatu die. “Zergatik ez dituzte beste bide horiek behingoz martxan jartzen? Ez dago itxaroterik. 2016an, Mediterraneoan, 5.000 pertsonatik gora hil dira, Europara iritsi nahian”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)