Emakumeen salerosketan jarduten zuen sare bat desegin dute Bilbon
Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Bizkaian, eta bertze hiru Herrialde Katalanetan
Berria, , 05-01-2017Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Bilbon, emakumeen sexu esplotaziorako sare bateko kide izatea egotzita. Herrialde Katalanetan bertze hiru lagun atxilotu ditu, eta Poliziak erran du zazpi emakume askatu dituela sare horren menpetik. Iturri horrek dioenez, bai biktimak, bai sarearen arduradunak Nigeriakoak dira, eta emakumeak, lan eskaintza batekin Euskal Herrira erakarri ondoren, prostituziora behartu zituzten. «Biktimek ez zuten inolako askatasunik, eta asteko egun guztietan esplotatzen zituzten hamalau ordu baino gehiagoko lanegunekin, haien osasun egoera eta kaleko eguraldiaren baldintzak kontuan hartu gabe», adierazi du Poliziak ohar batean.
Bederatzi atxilotuetatik sei espetxera bidali ditu epaileak. Poliziaren arabera, Nigeriako hiru emakume dira sarearen buruak, eta erakundeak azpiegitura zuen Afrikako eta Europako herrialde gehiagotan. Bilbon hiru etxe miatu dituzte, eta bertze bi Benidormen (Herrialde Katalanak). Poliziak dioenez, bi hiri horietan behartzen zituzten emakumeak prostituziora. «Etxetik atera zitezkeen bakarrik beharrezko produktuak erosteko edo prostituzioan aritzeko. Ez zeukaten giltzarik, eta irteera eta sarrera guztiak kontrolatzen zizkieten».
Espainiako Poliziak Bilbon hasi zuen ikerketa. «Giza salerosketaren balizko biktimak aurkitzeko dispositibo bat» ezarri zuen «ohiko prostituzio guneetan», eta Nigeriako emakume batek bere egoeraren berri eman zien. Poliziak dioenez, esplotazio sarea Nigerian bertan paratu zen harremanetan emakumeekin, eta Europan lanpostu bat izateko aukera eskaini zien.
Sarearekin zorretan
Europara etortzeko, Saharako basamortuko eta Mediterraneoko zeharkaldia egitera behartu zituzten emakumeak; hau da, Saharaz hegoaldeko errefuxiatuek Europara ailegatzeko egin ohi duten bide berbera. Poliziaren arabera, prostituzio saretik askatutako bi emakumeren ontzia Libiako kostatik gertu hondoratu zen, eta erreskate talde batek atera zituen uretatik. Iaz, 5.000 lagun baino gehiago hil ziren itota Mediterraneoko zeharkaldia egin nahian, nazioarteko hainbat erakundek egindako zenbaketaren arabera —12.000 baino gehiago, azken hiru urteotan—.
Libiatik Italiara ailegatuta, agintariek etorkinentzako zentroetan sartu zituzten emakume horiek, eta sareko kideek, handik atera, eta Euskal Herrira ekarri zituzten. Bilbora ailegatu ondoren, emakumeei erran zieten sarearekin zorretan zeudela bidaia ordaintzeko, eta zorra kitatzeko prostituziora behartu zituzten.
Duela bi aste, Espainiako Poliziak bertze hogei lagun atxilotu zituen Bilbon, eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait hiritan, Nigeriako hainbat emakume prostituziora behartzera leporatuta.
(Puede haber caducado)