Alderantzizko bidaia Alepora
Berlindik Aleporako oinezko bidaia hasi dute ehunka ekintzailek, Siriako gerraren krudeltasuna salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Aurten 5.000 errefuxiatu baino gehiago hil dira itsasoan
Berria, , 28-12-2016Siriako eta Ekialde Hurbileko beste gerretatik ihesi, milaka eta milaka pertsonak bidaia arriskutsua egin behar dute leku seguru baten bila. Europan saiatzen dira aterpe bat eskuratzen, baina, horretarako, garraiatu ahal dituzten ondasunak bizkarrean, milaka kilometro eta makina bat muga igaro behar dituzte lehendabizi. Halere, Europara iristean ez da amaitzen haien sufrikarioa, kanpaleku inprobisatuetan, gehienetan bizi baldintza kaskarretan itxaron behar baitiote gehienetan ukatzen dieten asiloari. Siriako gerran zibilek sufritzen duten oinazea salatzeko, errefuxiatuek egin ohi duten aurkako bidea hartu dute ehunka ekintzailek, Anna Alboth kazetariak bultzatuta. Sare sozialetan babesa bildu du blogariak, eta Aleporen aldeko martxa zibila antolatu du. Herenegun atera ziren Berlindik, Alepora bitarteko 3.400 kilometroak betetzeko helburuarekin. «Ezin dugu Siriari buruzko albisteak entzuten jarraitu ezer egin gabe. Ekintzetara jo behar dugu», idatzi du Facebook sare sozialean argitaratutako manifestu batean. Gerraren krudeltasuna salatu, eta siriarrei esperantza izpi bat ematea da Albothen helburua.
Tempelhof aireportu zaharrean hasi dute martxa. Gune sinbolikoa da aireportua; Gerra Hotzean Mendebaldeko Berlin hornitzeko erabiltzen zuten. 2008. urtetik ez da erabiltzen aerodromoa, baina beste eginkizun bat du egun: Alemaniako errefuxiatuen harrera lekurik handiena da; 2.000 asilo eskatzaile inguru bizi dira hangarretan.
Denera, 2.700 pertsonak eman dute sare sozialetan atxikimendua martxako punturen batean parte hartzeko. Bideak aurrera egin ahala, gutxienez 5.000 pertsona mobilizatuko dituela uste du Albothek.
Herritarrek gauzak aldatzeko boterea dutela sinetsita dago ekintzailea. «Herrialde seguruetan bizi garenok ezin dugu gehiago jasan, eta gauzak aldatzeko aukera gisa ikusten dugu martxa hau», kontatu dio BBC Erresuma Batuko telebistari. Polonian jaio, baina Berlinen bizi da kazetaria, familiarekin eta lagun batzuekin. Krisia piztean, Alemaniara iritsitako Siriako errefuxiatuak laguntzen hasi zen, eta bizipenak eragin handia izan zuen harengan. Siriako errefuxiatu bat ere hartu du etxean.
Arriskua eta hotza
Siriarrenganako elkartasun uholde bat sortu nahi du Albothek. «Jende askok galderak egiten ditu Sirian zer gertatzen ari den jakiteko. Baita errefuxiatuei buruz ere, haien bizitza nolakoa den jakiteko». Albisteak entzuteari utzi eta elkartasunezko ekintzetan murgilarazi nahi ditu herritarrak.
Oraindik ez dute ibilbidea erabat zehaztu, baina Alemania, Txekia, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Grezia eta Turkiatik barrena dute Siriara iristeko asmoa. Egunean hogei bat kilometro egingo dituzte, eta hiru hilabete eta erdian iristea aurreikusten dute. Herrialde bakoitzean abokatu talde baten laguntza izango dute, mugak igaro ahal izateko.
Bidaia gogorra izango dela iragarri du Albothek. «Hotza egingo du, eta gauza asko hartu behar ditugu kontuan. Baina egoera berbera igaro dute errefuxiatuek».
Helburua bururaino eramateko erabaki irmoa hartu du Albothek. «Ez bagaituzte geldiarazten, Aleporaino iritsiko gara. Bai, arriskutsua da, baina jarri gara harremanetan gobernuz kanpoko erakundeekin, eta haien aholkuak jaso ditugu».
Hain zuzen ere, errefuxiatuek Europara iristeko egin ohi duten bidea egingo dute, baina alderantzizko noranzkoan. Haatik, badira hilabete batzuk iheslariak aterpe bila jotzeko bide are arriskutsuagoak hartzera behartuta daudela. Izan ere, martxoan Greziaren eta Turkiaren arteko muga hermetikoki itxi zuten, Ankarak eta Bruselak akordio bat izenpetuta. EB Europako Batasunak gotortzeko bidean egindako pausorik nabarmenetakoa da, itun horrekin asilo eskubidea lurperatu baitu guztiz; Grezian sartzen diren iheslariak Turkiara kanporatzen ditu. Trukean, Turkiako herritarrei EBn sartzeko bisatuak liberalizatzeko promesa egin dio Bruselak. Eta EBk ez ikusiarena egiten dio Ankarak oposizioaren eta gutxiengoen aurka hasitako errepresio kanpainari.
Mediterraneoa bide bakarra
Balkanetako bidea zuten iheslariek Mediterraneoko zeharkaldi arriskutsua saihesteko alternatiba. Baina ibilbideko herrialdeak mugak itxiz joan dira, Schengen zirkulazio askeko eremuaren printzipioei bizkar emanda. Mazedonia izan zen azkena muga ixten, maiatzean. Ondorioz, milaka eta milaka errefuxiatu harrapatuta geratu ziren Grezian.
Europa iparraldeko eta erdialdeko herrialdeetara iheslariak irits ez daitezen EBk sakrifikatutako herrialdea da Grezia. Errefuxiatuak beste herrialdeetan kokatzeko sistema hutsegite handia izan da: bi urtean 160.000 banatzea aurreikusi zuten, baina uztailean 3.105 baino ez zituzten jaso.
Ardura guztia Atenasen bizkar utzi du EBk, nahiz eta krisi ekonomiko gogorra ari den jasaten. Hain justu, EBko herrialdeak dira Greziaren hartzekodun nagusiak, murrizketak eta pribatizazioak egitera behartzen dutenak. Nazioarteko erakundeen jarrera ere ezbaian geratu da; giza eskubideen aldeko erakundeek NBE eta EB salatu dituzte, iheslarientzat bildutako dirua xahutzeagatik. Horietako asko kanpadendetan bizi dira oraindik.
Balkanak itxita, Afrika iparraldetik Italiara zeharkaldia egitea beste erremediorik ez dute iheslariek. Europak lortu du helburua: itsasoz iritsi direnak gutxiago dira—milioi bat ziren iaz, 350.000 aurten—. Baina albo ondorioak izugarriak dira. NBEren arabera, 3.700 bat pertsona hil ziren iaz itsasoan. Aurten, 5.000 baino gehiago izan dira hildakoak.
(Puede haber caducado)