«Mundu globalizatu honetan kultura bakoitzeko ezaugarriak arriskuan daude»
Aniztasunaren aldarrikapena ardatz, Gorka Sesmak 'Pixi Post eta opari-emaileak' Gabonetan oinarritutako filma zuzendu du
El Correo, , 28-12-2016Bizarzuria eta Errege Magoak, Errusiako Ded Moroz eta bere iloba Sneguroxka, Hoteiosho japoniarra eta Olentzero, alegia; baita guretzat zeharo ezezagunak diren beste hainbeste pertsonaiak ere. ‘Pixi Post eta opari – emaileak’ pelikulak Gaboneko protagonista guztiak batzartu ditu ‘Gora dibertsitatea!’ mezua bildaltzeko. «Aniztasunaren aberastasuna islatu nahi genuen; hortaz, gauza lokal batean geratu ordez, munduko herri tradizio guztiak batu genituen», adierazi du Gorka Sesma filmaren zuzendariak.
Globalizazioak dakartzan – edo ekarri ditzakeen – ondoriei buruz ohartarazten du istorioak. «Mundu globalizatu honetan kultura bakoitzeko ezaugarriak arriskuan daude, lausotu egiten baitira. Izan ere, jeinu ezberdinak aurkitzea kostatu zaigu, esaterako, Hoteiosho. Japonian dauzkagun lagunek ez zuten ezagutzen, eta entzunda bazeukaten beste zerbaiti lotzen zuten», aldarrikatu du zuzendariak. Etiopiako pertsonaia ere badago, baina asmatutako beste zenbait ere. «Helburu nagusia mundu osoa nolabait ordezkatuta egotea zen, kolore eta kultura anitzen bidez, eta xede horri heltzeko batzuk irudikatu egin ditugu». Kultura masiboaren eta jeinuak publizitaterako erabiltzearen eragin kaltegarria azpimarratu du Sesmak. «Herri askotan Santa Clausi eskatzen diote opariak. Ez diogu berari errua bota nahi, baina egia da filman izaera maltzurra eta monopolizatzailea egokitu diogula», aitortu du.
Gabonen oinarria kristautasunean egon arren, erlijioa ez da ia aipatzen ostiralean estreinatu zen pelikulan. «Erlijioaren gainetik pasatu dugu. Gaur egungo umeek ez dakite ia ezer fedeari buruz eta, halere, denak emanda bizitzen dute jai egun hauek. Gure belaunaldiko ohiturak aldatzen ari dira. Ondorioz, Gabonetako istorio bat baino ez da».
Jeinuak kobazulo batean elkartzen dira urtero, baina aurten bat falta dela ohartu dira. Susmagarri nagusia Biltzarratik duela asko kanporatutako Monopolish gaiztoa da, Jeinu Bakarra izaten saiatu zelako. Geroztik, behin betiko plana bilbatu du: beste guztiak iragarki bihurtzea. Bere helburua ezerezteko Pixi Post elfoa, Gabonen Zaindaria, bidaliko dute gizakien mundura. Gure heroi gaztea neska bat da. «Zergatik ez?», galdetu zion Sesmak bere buruari. «Pertsonaia indartsua nahi genuen, konplexua, eta gizonak horrelakoak izan ahal diren arren, xehetasun aberatsagoak eskaini zitzakeela iruditu zitzaigun».
Etorkizuna
Kontaketan ‘Eraztunen Jaunaren’ zertzeladaren bat aurki daiteke – batzarra adibidez – , baina animazio filmak gogoko dituztenei bat – batean etorriko zaizkie burura Pixar egindako ‘Sinestezinak’, batez ere, Pixi Post heroiaren jantzian. «Asko gustatzen zaigun pelikula da eta, diseinuari dagokionez, haren antza badu, nolabaiteko kutsua igartzen da. Ez zaigu axola, omenalditxo bat baita. Hala eta guztiz ere, alderdi originalak ere baditu: irudien azkenengo akabera, koloreak, teknika berriak erabili ditugu… Hortaz gain, kontatzen duguna ez du zerikusirik».
Ideia Juanjo Elordiri eta Edorta Barruetabeñari bururatu zitzaien eta azkenego hau aritu zen gidoilari lanetan. Egileak, berriz, Somuga, Bitebilau eta Digitz Films dira. Sesmarentzat bigarren filma da zuzendari moduan, ‘Olentzero eta oparien ordua’ 2008an egin ondoren. Biak jai egun hauetan kokatzen dira. Kasualitate hutsa. «Proiektuak niregana etorri dira. Halere, umeen ilusio eta magiaren sinesmen hori gustatzen zait, ezagutzeko, jolasteko eta, zergatik ez, aberasteko. Interesgarria den eremua iruditzen zait».
Bere ibilbide guztian zehar, animazio lanetan jardun duenak horrelako filmak badaukatela bere aukera Euskal Herrian ziurtatu du. «Ez dugu amerikarrekin lehiatu behar ehun urte baitaramatzate animazioa egiten; guk, ordea, 30 urte baino ez. Euskaraz egindako lehenengo istorioa ‘Kalabaza tripontzia’ izan zen, 1985.en urtean. Dena den, hemen talentua badago eta baita gauzak kontatzeko gogoa ere. Baina onartu behar dugu kulturalki beste garai batean egon ez ezik, aurrekontuak ezin direla alderatu. Pixarek, esaterako, 200 milioko inbertsioa du; guk, aldiz, bizpahirukoa. Gure lanak kutsu erromantikoa du». Nahiz eta gehiegizko konparaketa izan, «gure ahotsa aurkitu behar dugu, gauzak kontatzeko gure begirada», adierazi du. Izan ere, Gorka Sesmaren esanetan «atzerrian gure sormen lana balioztatzen dute, originalak garelako. Alde horretan amerikarrak industrializatuagoak daude». Gainera, euskaraz egindako edukiak beharrezkoak direla azpimarratu du. Hortaz, «aberats bihurtuko ez garen arren, indarra egin eta horretan jarraitu behar dugu».
(Puede haber caducado)