Munduko gozoak, euskaraz prestatuak
Anitz-Lan proiektuaren eskutik, euskara praktikatzeko eta euren herrialdeetako produktuak erakusteko aukera dute atzerritik etorritako zenbait herritarrek
Diario Vasco, , 19-12-2016Anitz – Lan proiektuak xede, alde eta parte – hartzaile asko ditu, eta emaitza oso konkretu bat: Mexiko, Errumania eta Marokoko pasta eta gozoz betetako kaxak, tamaina desberdinetakoak, 3, 5 eta 10 eurotan salgai daudenak.
‘Munduko gozogintza, kaxa txiki batean’ egitasmoak, hain zuzen, bi ardatz nagusi izan ditu: euskara eta elkarlana. Lakari Kooperatibak eta Banaiz Bagara elkarteak jarri zuten abian elkarlanean, La Caixa Fundazioaren babesarekin, jatorri anitzeko pertsonek euskaraz lan egiteko aukerak izan ditzaten. Beste bidaide bat ere izan du, Kaixomaitia euskaldunon harremanetarako gunea, Enpresarean ekintzailetza azokan egindako Arin – arin saioan lortutako sariaren erdia proiektu honen komertzializazioan laguntzera bideratu baitu.
Egitasmoak bi fase izan ditu. Aurrenekoa Astigarragako Udalak eta Banaiz Bagara Elkarteak eskainitako hizkuntza ikastaroa izan zen. Zehazki, atzerritarrei lanerako euskarazko konpetentziak irakasteko helburuz sortutako ostalaritza ikastaroa egin zuten parte – hartzaileek. Ondoren, ikasleetako batzuek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute, eta Lakari Kooperatiban ari da gauzatzen da proiektuaren bigarren fasea.
Etorkinen kultura eta produktua gehiago ezagutaraztea ere izan da Anitz – Lanen helburuetako bat eta landu diren errezetak parte hartzaileek euren herrialdeetatik ekarri dituzte. Honen bidez, etorkinek gure gizartean eta ekonomian ekarpen handia egin dezaketela erakutsi nahi du Anitz – Lan proiektuak: laneko konpetentziak, produktu berriak, kultura ezberdinak… eta aldi berean hemengo lan egiteko era eta hizkuntza – euskara – partekatu nahi izan dira haiekin.
Proiektuan parte hartu duten Hector, Abdellatif eta Adriana Astigarragako herritar langabetuek proiektu honek eman dizkien gaitasunen bitartez – euskara eta sektoreko ezagutza, besteak beste – etorkizunean lan aukera gehiago izatea espero dute.
(Puede haber caducado)