Erresistentziaren aroa
Berria, , 13-12-2016Giddens eta Beck soziologoek honela zehaztu zituzten garai berrien ezaugarriak, 1990eko hamarkadaren hasiera aldean: gure sistemen opakutasuna —ez dakigu nola dabiltzan hainbat gailu gero eta konplexuago—; arriskuaren garrantzia —objektiboa, gauzek huts egiten dutelako, eta subjektiboa, geure egintzen eta besteenen kontzientzia gero eta handiagoa dugulako—; globalizazioak areagotu egiten du konplexutasuna —eta, beraz, opakutasuna— eta larrialdi sentipena —globalak dira arriskuak, eta berehalakoak ondorioak—; uste izateko beharra ezen gauzek huts eginagatik eta arriskuan egonagatik ere kalterik gabe aterako garela azkenean. Eta osagarri horiek, elkar konbinaturik, lau erantzun mota zekartzaten: errealitatearen onarpen pragmatikoa; fede eta baikortasun itsua; ezkortasun zinikoa; eta aurkakotasun erradikala.
Manuel Castellsek, berriz, zera zioen Era de la Información liburuan (1997): espazioaren eta denboraren hausturak markaturiko mundu batean areagotu egingo zela ziurgabetasuna, identitate gailena ataka larrian jartzeraino, alegia, statu quo-a legezkotzen duena, erakunde tradizionalak buru dituela —sindikatuak, elizak, alderdiak eta estatu burokrazia—, zeintzuen logika oinarrizkoa baita errealitatearen onarpen pragmatikoa —«ez dagoela alternatiba» neoliberalik—. Ziurgabetasun hori areagotu egin da nazioarteko finantza krisiaren eraginez, zeinak azaleratu egin baitu erakunde tradizionalak ez direla gai herritar gehienak ordezkatzeko baina bai finantza elitea erreskatatzeko. Harrezkero, aginteko eliteak, kapitalismoa birdefinitu ordez —Sarkozyk hitzemanda bezala—, sendotu egin du bere alderik erradikal eta neoliberalena politika austerizidak baliatuz. Hala eginik, erakunde tradizionalek —batez ere, ezkerreko eta eskuineko alderdiek—, ez daukatenez kemenik —edo asmorik— finantza elite harrapakari bati aurre egiteko, beren suizidio lagundua eragin dute.
Krisi eta ziurgabetasun testuinguru halakoan, konfiantza galerarekin batean, erantzun bat sortu da, Castellesk 1997an iragarri bezala. Hainbat erresistentzia identitate ahaltsu agertu dira, eta globalizazioa dela-eta arrisku (objektibo edo subjektiborik) handienean dauden sektoreak egituratu dituzte, elkarren erabat aurkako bi modu baliatuz: estrategia erreaktiboa, lubakiak eratzean oinarritua; eta estrategia proaktiboa edo proiektua, zubiak eraikitzean oinarritua. Identitate eta mugimendu horiek presente zeuden 1997an ere, baina ez ziren nahikoa sendoak. Esate baterako, identitate erreaktibo gisa aipatuak zituen Castellesek milizia paramilitar amerikarrak; eta identitate proaktibo gisa, berriz, Chiapasko zapatistak. Eta hegemonikoak baziren ere legezkotze identitateak eta talde tradizionalak, hamar urte hauetan bi mugimendu ikusi ditugu erakunde tradizionalen gainbeherarekiko paraleloak.
Hasieran, ikusi genuen nola indartu ziren zenbait proiektu, hala nola Udaberri Arabiarra —gogora dezagun laikoen, koptoen eta musulmanen arteko ituna— eta M-15a. Halaber, orbita horretan —legezkotze identitatearen eta proiektuaren identitatearen arteko erdibidean— koka genezake lehenbiziko Syriza; eta, legezkotzearen logika hori erresistentzia proaktibora egokitzeko ahalegin gisa, Obamaren «Yes we can» ezaguna. Halako erantzuna ikusirik, finantza eliteen logika bi premisatan oinarritu da, eta horiek babestu dituzte legezkotze erakundeek —sozialdemokraziak eta eskuin tradizionalak—. Batetik, iraunaraztea sistema bidegabe bat —kapitalista—, eta horretan sakontzea austerizidio politiken bidez. Bestetik, erabat baztertzea herritarren eskabideak: Udaberri Arabiarra zapaldu egin dute, edo/eta bertan behera utzi; Syriza umiliatu egin dute; ez dute aintzat hartu M-15aren ezein eskabide; Obama ez da gai izan hitzemandakoa betetzeko, eta horrek itxaropena zapuztu du.
Erresistentzia proaktiboko identitateak kale itsu baterantz bultzatzen diren aldi berean —horrexegatik, hain zuzen ere—, sendotu egin dira identitate erreaktiboak, milurtekoaren amaiera aldean gutxiengoa ziren haiexek —eskuin muturra, integrismo islamikoa, sekta erlijiosoak, matxismoa…—. Kasu batzuetan, lehenbizikoei —mugimendu matxistei, xenofoboei eta integristei— erantzuteko, zeintzuk izan baititu abiaburu Trumpen garaipenak ere. Baina hark ez du irabazi bakarrik aurkakotasun erradikal horretan oinarrituriko sektoreen laguntzarekin. Emakume, enplegurik gabeko, eta pertsona ez-zuri askok eta askok eman diote botoa, ezkortasun zinikoaren logikaz: emakumeek misogino bati botoa emanda, latinoek arrazista bati botoa emanda, edota pobreek aberats handi-mandi bati botoa emanda. Eta ez diote botoa eman ezjakinak direlako edo erotuta daudelako, baizik eta Trumpek ederki konbinatu dituelako ezkortasun zinikoa eta baikortasun itsua —«Amerika berriro handi egiteko» mantran oinarritua—. Trumpek erresistentzia erreaktibo bat gauzatu du, zeina hegemoniko bihurtu baita ziurtasuna ematen dielako herritar arrazistei eta misoginoei —statu quoa-aren erabat kontrako direnez—, eta emakume, langile eta graduatu askori —beren baikortasun itsuarengatik—. Zer ikasbide atera dezakegu? Ez dela egia moderazioaren diskurtsoak eustorma gisa balio dezakeelakoa. Arazoa ez dela Trump, baizik eta sintoma bat dela Trump, gaixorik dagoen sistema batena. Hala ere, legezkotze erakundeen erakusgarririk okerrena izan da Trumpi aurre egin dion alternatiba bakarra. Clinton —emakumeen eta gutxiengoen alde ariturik identitate-proiektu gisa mozorrotu bada ere— aginteko elitearen haragitzetzat hartu dute, zeina irensten ari baita orain finantza elitea —beldur izpirik gabe— hark kapitalari zerbitzu baliotsuak eman eta gero. Horregatik, erakunde tradizionalek ospea galdua duten testuinguru halakoan, eustorma bakarra balia daiteke: eredu horren aldean sistemaren erabat aurkako beste bat jartzea, baina irekitasunaren logikan oinarriturik, eta ez lubakiak eraikitzean. Bernie Sanders argi mintzatu da: alderdi demokrata Wall Streeten alde dagoen bitartean, ez da alternatibarik egongo, eta erantzun bakarra izango da aurkakotasun erradikala agertzea Trumpen politika xenofobo eta matxistei, sistema ekonomiko bidegabe bat eraldatzeko lehenbiziko urrats gisa.
( Erredakzioan itzulia )
(Puede haber caducado)