Merkel, «Alemania sendoaren» eta xenofobiaren arteko muga finean
CDUren kongresu federalean, agerian geratu da Alemaniako kantzilerraren eta bere alderdiaren arteko tentsioa. Hegoaldeko estatuek gogorrago jokatzeko eskatu diote migrazio gaietan
Berria, , 09-12-2016Urrunetik begiratuta CDUk izate homogeneo bat eman dezakeen arren, aintzat hartzeko moduko distantzia dago Angela Merkelen eta bere alderdiaren artean. Alemaniako kantzilerrak etxe barruan dauzkan presio eta zailtasunak agerian geratu dira azken bi egunotan, Batasun Kristau-Demokratak Essenen (Ipar Renania-Westfalia) egin duen kongresu federalean. Merkelek babesa badauka datorren urteko hauteskundeetan lehiatzeko, baina alderdiko ordezkariek gogorrago jokatzeko eskatu diote, bereziki migrazio auzietan.
Alemania hegoaldeko kristau-demokratak eta CSU, CDUren Bavariako senidea, dira Merkelen etxe barruko kritikari nagusiak: estatu federatu horiek jasotzen dituzte iheslari gehienak Alemaniara lurrez sartzen direnean. Kongresuaren atzoko saioan, guraso migratzaileen seme-alaba alemaniarrei nazionalitate bikoitza eragoztea adostu zuten CDUko ordezkari gehienek. Gehiengo justuarekin irabazi zuten bozketa: 319 ordezkari zeuden alde, 300 aurka. Merkelek Alemaniako Gobernuan sozialdemokratekin daukan koalizio handiaren lorpen nagusietako bat izan zen nazionalitate bikoitza onartzea; guraso turkiarrak izanik, Alemanian jaio diren ehunka mila gazteri eragiten die gai horrek. CDUren sektore eskuindarrenak badaki ez duela parlamentuan babesik topatuko itun hori desegiteko; horregatik, atzoko botoa Merkelen jarduerarekiko protesta gisa baino ezin liteke ulertu.
Migrazio politika berria
Iheslarien auziak berebiziko garrantzia hartu du Alemaniako eztabaida publikoan: 2015etik, milioi bat babes eskaera baino gehiago jaso ditu Berlinek. Merkel, orain arte, Alemaniara heldu direnei tratu egokia ematearen alde agertu izan da. Iazko kongresuan ohartarazi zuen iheslariak ez zirela «uholde, olatu edo masa bat», eskubideak dituzten norbanakoak baizik; eta oraingoan ere gogora ekarri die alderdikideei zer esan nahi duen CDUren sigletako C hizkiak: balio kristauak dituen alderdia dela, pertsona bakoitzaren duintasuna zaintzen duena, jatorria, erlijioa edo sexu aukera edozein izanik ere. Nolanahi ere, Merkelengan geroz eta joera handiagoa sumatzen da alderdian hedatuta dagoen protekzionismorantz. Iheslariei Balkanetako bidea itxi izana gaitzetsi egin zuen bere garaian; orain, txalotu egin du. Alemaniako legea «xariaren gainetik» dagoela nabarmentzeko beharra ere sentitu du; eta orduantxe jaso du txalo gehien.
CDUren zuzendaritzak kongresurako prestatu duen txostenean ere antzeman daitezke bilakaera horren zantzu batzuk. Bertan proposatzen da Alemaniako mugan «trantsiziorako gune» batzuk ezartzea, asiloa ukatu zaien migratzaileak prozedura bizkor baten bidez berriz kanporatu ahal izateko. Oro har, mugak ahalik eta urrutien ezartzeko asmoa suma dakioke agiriari: Mediterraneoan uretatik ateratakoak Italiako kostara eraman ordez, Afrika iparraldeko estatuekin akordioak egin nahi dituzte —Turkiarekin adostutakoaren antzera—, migratzaileak zuzenean hara eraman ahal izateko.
Jada Alemaniara sartu eta asilo ebazpenaren zain dauden iheslarientzat, aldiz, «egonaldiak irauten duen bitartean behar-beharrezkoak» dituzten beharrak bermatu behar liratekeela dio CDUren bide orriak. Hau da: lanerako baimenik ez, ezta ikasketak egiteko aukerarik ere. Errefuxiatuak kontratatzen dituzten enpresariek, berriz, ohiko soldatetatik beherako diru sariak emateko aukera izango lukete, gutxieneko soldata errespetatzen duten bitartean.
Babestuta, baina deseroso
CDUren datorren urterako asmoak biltzen dituen txostenaren izena bera ere esanguratsua da oso: Orientazioa, garai zailetan — Alemania eta Europa arrakastatsu baterako. Alderdiaren deserosotasuna salatzen du, ekimena galtzearen beldurra daukalako. «Alemania batu zenetik hauteskunde zailenak» izango direla ohartarazi zuen Merkelek astearteko saioan, berriro alderdiko buru izendatu zutenean. Bere agintaldiko babes apalenetakoa jaso zuen: ordezkarien %89,5. «Lagundu behar didazue» errepikatu zien hiru bider alderdikideei.
Guztiaren atzean, AFD Alemaniarentzako Alternatibarekiko izua dago. Eskuin muturreko alderdiaren izena behin ere ahoskatu ez duten arren, suma daiteke: Merkelen hitzen atzealdean, alderdiko ordezkarien txaloetan, bide orriaren lerro artean. CDUren txostenak ohi baino aipamen gehiago dakartza herritarren erlijio ohiturei buruz, eskuin muturraren lengoaia gogorarazten duen adierazpen batzuk kalkatuz: islamaren «erabilera okerra» gaitzesten du, eta «gorrotoaren predikariak» herrialdetik kanporatzeko proposatu.
Kantzilerra jabetzen da eskuin muturrak bere alderdiarengan daukan eraginaz, eta hura apaltzen ahalegindu da, AFDren formak gaitzetsiz: «Batzuetan ematen du betidanik Alemanian bizi izan direnek behar dutela integraziorako ikastaro bat». Baina, gaur-gaurkoz, CDU galtzen ari da bataila hori: boto emaile etsi ugari eskuin muturrarekin ari dira berriz bozkatzera ateratzen. Hori saihestea izango da kristau-demokraten erronka nagusietako bat 2017ko hauteskundeetan. Bigarrena, sozialdemokraten, berdeen eta ezkerraren arteko aliantza saihestea izango da: «Lortu behar dugu ez dadin egon CDU gabeko gobernu posiblerik». Azken urteotako asmoak nabarmen apaldu ditu gobernuko alderdiak.
(Puede haber caducado)