Angela Davisen ekarpen bikoitza

'Emakumeak, arraza eta klasea' liburuarekin abiatu da, Katakrakek 'Askatasuna, etengabeko borroka bat' aurkeztu eta egun gutxira, Elkar eta Jakinen arteko 'Eskafandra' bilduma feminista

Diario Vasco, m. imaz, 04-12-2016

Angela Davisen argazki ohikoena da aurpegia ile beltz kizkur ugariak inguratzen dion emakume gazte batena. Pantera Beltzen garaiko posterra da zenbaitentzat, aspaldikoa, baina 1944 urtean Alabaman jaiotako Angela Yvonne Davis ekintzaile, irakasle eta pentsalaria ez da iraganeko kontua, gaur egungo arazoei 60.eko hamarkadan bezain zuzen eta zorrotz begiratzen dien emakumea baizik. Kaliforniako Santa Cruz unibersitatean Kontzientziaren historiako departamentuan garatzen duen lan akademikoa eta ekarpen teorikoak egunerokotasunari zeharo lotutako aktibismoarekin uztartzen jarraitzen du Davisek.

Egun gutxi batzuen tartearekin, haren bi lan ekarri dira euskarara. Joan den astean ‘Angela Davis. Askatasuna, etengabeko borroka bat. Ferguson, Palestina eta mugimendu baterako oinarriak’ liburuarekin egin zuen Iruñeko Katakrak espazioak – kale Nagusian kokatutako liburutegi bat da, baina ez hori bakarrik – argitaletxe gisako lehen urratsa. ‘Freedom Is a Constant Struggle. Ferguson, Palestine, and the Foundations of a Movement’ da, hain zuzen Davisen azkeneko liburua, aurreko urteetako ekarpenak bilduz aurten bertan argitaratua.

Aurkezpen edo sarrera moduko hiru testu ditu liburuak, bat argilatxearena, beste bat Cornell West filosoko eta aktibista estatubatuarrarena eta hirugarrena Frank Barat kazetari, idazle eta aktibistarena. West eta Davis baino gazteagoa izanagatik, haiek bidetik doa Barat, Palestinaren eta palestinarren eskubideen aldeko defentsan nabarmendu delarik. Hain zuzen ere, 2014 urteko zenbait hilabetetan zehar Baratek Davisi posta elektronikoz egindako elkarrizketa batek zabaltzen du liburua, eta horren ondotik beste bederatzi pieza datoz, azken urteetan sortuak eta mota desberdinetakoak, zenbait gairi buruzko (arrazismoa eta indarkeria AEBetan, feminismoa, Palestina…) gogoeta eta proposamenak biltzen dituztenak. Testuak Amaia Apaolaza Ollok, Iñigo Roque Eguzkitzak eta Garazi Ugalde Pikabeak euskaratu dituzte.

‘Eskafandra’ bilduma berria

Orain gutxi, Jule Goikoetxeak zuzentzen duen ‘Lisipe’ bilduma, saiakera feministari emana, aurkeztu zuen Susa argitaletxeak. Atzo bigarren bat aurkeztu zen Durangon, ‘Eskafandra’ izenekoa, Elkar eta Jakinen lankidetzatik sortua. Lorea Agirre (@katuajea) ‘Jakin’ aldizkariko zuzendariak iragan maiatzeko txio batean aurreratu zuen bezala, «oxigeno nahikoa ez denean, arnas emateko tresna, arnas emateko emakumeari eta euskarari» sortu da bilduma, eta Angela Davisen liburu ‘klasiko’ batekin estreinatu da, 1983ko ‘Women, Race, & Class’ lanarekin hain zuzen.

Liburu honekin abiatu da bilduma berria.

‘Emakumeak, arraza eta klasea’ Danele Sarriugartek ekarri du euskarara. Azokako Areto nagusian egin zen aurkezpenean hartu zuen parte Sarriugartek, Eider Rodriguez, Idurre Eskisabel, Anari Alberdi, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio, Lorea Agirre eta Olatz Osarekin batera.


Liburu horretan, argitaletxeak igorritako oharrak dioenez, «Davisek emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izatean dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz Emakumeak, arraza eta klasea liburuan. Esklabotza sistema, mugimendu abolizionista eta sufragista, abortua edota etxeko lanak problematizatzen ditu, eta, horrekin, ordura arteko feminismoa, hau da, feminismo zuria arraza eta klase menperakuntzekiko itsu izan zela agerian utzi».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)