Elhadji Ndiayeren heriotza argitzeko eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak
Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian hildako senegaldarraren auziari buruzko adierazpen instituzionala onartu du Mahai eta Eledunen Biltzarrak, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoekin. Kontra bozkatu du PPk. Senegalen telebistan eman dute bere kasua.
Berria, , 29-11-2016Elhadji Ndiayeren “atxiloketaren eta heriotzaren inguruan gertatutako guztia” argitzeko eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak, adierazpen instituzional baten bidez. Gobernua babesten duten lau indar politikoek aurkeztu dute adierazpena, eta horien botoei esker egin du aurrera egitasmoak, UPNk eta PSNk abstentziora jo baitute, eta PPk, berriz, kontrako botoa eman du.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albaren agerraldia ere eskatu dute, azalpenak eman ditzan, heriotza Espainiako Poliziaren zaintzapean gertatu baitzen.
Ez da legebiltzarrak Albaren agerraldia eskatzen duen lehen aldia. Orain arte, baina, azalpenak emateari uko egin dio gobernu ordezkariak. Espainiako Kongresuan ere eskaera egina dute taldeek.
Iragan larunbatean, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Iruñean, Ndiayeren heriotzaren argitzea eskatzeko. SOS Arrazakeria, Paperak eta Eskubideak Denontzat, Sare Antifaxista, EH 11 Kolore, Nafarroako senegaldarren komunitatea eta beste hainbat elkartek antolatu zuten protesta, “Bizitza da handiena” lelopean.
Albistea, Senegalgo telebistan
2sTV izeneko kateak (Senegalgo bigarren telebista kate nazionala) Ndiayeren kasua aipatu du bere albistegian. Haren senideak elkarrizketatu dituzte, eta “Espainiako erakundeek emandako informazio eskasa” aipatu dute.
(Puede haber caducado)