INDARKERIA MATXISTA
Indarkeria matxista gainditzeko plana aurkeztu du Gipuzkoak
Prebentzioan jarriko du arreta foru aldundiak, eta genero ikuspegia landuko dute gazteekin. 'Denok zu' kanpaina abiatuko dute etzi
Berria, , 23-11-2016Emakumeen aurkako indarkeria gainditzeko, Aurre! plan «aitzindaria» aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lau ardatz nagusi izango ditu: prebentzioa eta sentsibilizazioa, biktimekiko arreta, prestakuntza eta ikerketa. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu du plana «berritzailea» dela, arreta prebentzioan jarriko duelako. Hiru helburu ditu: ikerketa sustatzea, formakuntza eskaintzea eta arreta indartzea. Erakundeen arteko lankidetza bultzatuko du, era transbertsalean. Aurten, 132 emakume izan dira biktimen harrera zentroetan, eta 532 biktimak jo dute arreta psikologikoa eskaintzen duen programara.
Legealdi hasieran aldundiak jarritako helburu «nagusi» bati erantzunez jaio da plana: «Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea nahi dugu», azaldu du Peñak. 70 ekintza garatuko dituzte; besteak beste, belaunaldien arteko estereotipo matxisten transmisioa eten nahi dute, eta udalekuetan genero ikuspegia landu. «Gazteengan jarri behar da arreta; genero ikuspegia landuko dugu haiekin», Miren Elgarresta Berdintasunerako Organoaren zuzendari nagusiak azaldu duenez.
Egun, indarkeria matxistaren biktimentzako telefono zerbitzu bat du aldundiak; aztertzen ari dira zerbitzu hori hedatzea lanean jazarpena jasaten duten emakumeei. Adituek, Gipuzkoako elkarteek eta alderdi politiko guztiek parte hartu dute; EIGE Europako Genero Berdintasunaren Institutuaren eta Norvegiako Gobernuaren laguntza ere izan dute. Hiru motatako laguntzak eskainiko dizkie indarkeria matxistaren biktimei —haurrak barne—: bakarkako edo taldekako arreta psikologikoa, arreta soziojuridikoa eta arreta psikosoziala.
Aldundiaren «lehen plana»
«Guk dakigula lehen aldia da aldundiak bere zeregintzat hartzen duela emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko estrategia bat abian jartzea», azaldu du Elgarrestak. Aldundiaren lehentasuna da indarkeria matxistari aurre egitea: «Premiazkoa da, ez dagoelako beste egoerarik hainbesteko kalte egiten dionik elkarbizitzaren kalitateari».
Udalekin lan egingo du Gipuzkoako Aldundiak, lurralde osorako balioko duen protokolo baten barruan: «Gero, erakunde bakoitzak hobetu ahalko du», zehaztu du Elgarrestak. Gipuzkoan dauden unibertsitateekin gai hori jorratzearen aldekoak dira.
Kanpaina bat abiatuko dute etzi, azaroaren 25ean, Denok zu lelopean. Egun horretan foru jauregian elkarretaratzera deitu dute, 12:00etan.
(Puede haber caducado)