INDARKERIA MATXISTA. ANA MURCIA. GARAIPEN EMAKUME TALDEKO KIDEA

«Espazioak ireki behar dira bizirik irten diren emakumezkoentzat»

Andrazkoa, eta etorkina; indarkeria matxistaz aritzen denean, zirkuluz bete ohi ditu paperak, erakusteko indarkeria sistema askok estutzen dutela, usuegi, bizitza. Guztien gainetik jauzi egitea aldarrikatzen du.

Berria, , 23-11-2016

Maindire batzuk lixatzen, edo memoria aspaldi lausotua duen adinekoren baten kontuak —eta arrangurak— behin eta berriro entzuten, edo beren semea edo alaba ez den neskato edo mutikoren baten lainezaren aurrean ez ikusiarena egiten. Halaxe eta beste hainbat jardueratan egongo ziren, seguruenera, Euskal Herriko ehunka etxetan hainbat emakume lehengo ostiralean Ana Murciak —Garaipen emakume taldeko kidea, El Salvadorren 1964an sortua— Emakumeen Mundu Martxak antolatutako Indarkeria matxista birpentsatzen: feminismotik erantzunak martxan! jardunaldien hasierako hitzaldia eman zuenean, eta, hain justu, andrazko horientzat izan zen haren lehenbiziko mezuetako bat: «Etxeetan egoiliar lanean daudelako etorri ezin izan diren guztientzat». Izan ere, indarkeria matxistaz jardutean, «biolentzia sistema» asko daudela oroitaraztea gustatzen zaio Murciari, eta badaki sistema horietako askok estuki mehartzen dutela emakumezko horien —gehienak etorkinak dira, bera bezala— bizitza.

Biribil ugari egiten dituzu bortxa sistemez jarduteko orduan. Eta etxeko langileak —gehienak emakumezkoak izaten dira— hartzen dituzu, besteak beste, horren inguruko adibidetzat…

Nire helburua da zapalkuntza sistemen inguruan kontzientzia harraraztea, eta adieraztea ez daudela airean, baizik eta gure gorputzetan mamitzen direla. Neoliberalismoa, orain, hemengo pertsonak pobretzen ari da; baina, lehenago, beste hainbat herrialde gabetu zituen, eta herrialde horietako andre asko ari dira, hain zuzen ere, hemen etxeko lanetan. Gabetze horrek derrigortuta utzi behar izan zituzten beren herriak.

Indarkeria matxistaren inguruko mezuak usu orokortu dira urteotan, baina hainbat indarkeria ezkutuan daude oraino, ezta?

Dramatikoenetarikoa emakumeen hilketa da, feminizidio deitzen dugun horixe. Beste batzuk ere ikusten dira: biolentzia fisikoa, ahozkoa, bahiketak… Baina ikusten ez diren bortxa motak ere badira: manipulazioa, adibidez. Andre askok, behin horrelako bortxa girotatik bizirik irten eta gero, konfiantza eta segurtasun espazioetan jartzen badituzu, kontatzen dute zer manipulazio egin duten bikotekide ohiek, edo haren familia giroak, edo seme-alabek. Hori usu ikusi ezin daitekeen biolentzia mota bat da, korapilatsuagoa. Bizirik aterata ere, zenbait emakumezkori kosta egiten zaie hainbat bortxa mota beren gain hartzea: oso oinazetsua da haientzat, eta indarra behar dute bizitzen jarraitzeko.

Instituzioetan-eta ere ohikoak dira indarkeria matxistari buruzko adierazpen eta arbuioak. Ba al dute behar adinako mamirik?

Lorpenak izan dira: onespenean, eta legean. Baina iruditzen zait horiek hitz hutsetan geratzen direla, ez direlako barneratzen, ez direlako behar bezala lantzen; ez soilik instituzioetan lanean ari diren pertsonek. Hori gertatzen da, halaber, baliabideak ipintzean, legeak egitean, eta justiziaren esparruko hainbat erabakitan. Usu, esaterako, emakumezkoak erruduntzat jotzen dira oraindik ere. Andreak bidegurutze zailean sartzen ditu askotan justiziak. Dagoenaren zati txiki bat besterik ez da ikusten, eta hori ikusten da, hein batean, hedabideek erakusten dutelako; bestela, seguruenera, ikusi ere ez litzateke egingo.

Indarkeria edo zapalkuntza sistemak erakusteko erabiltzen dituzun biribil horiekin guztiekin zer erakutsi nahi izaten duzu?

Eraztun bat badago, besteak indartu egiten dira. Indibiduoetan gerta daitezke horrelakoak, edo-eta komunitateetan. Esaterako, neoliberalismoa konbinatu egiten da patriarkatuarekin, patriarkatuak dagoen horretan egituratzen duelako lan egitura. Neoliberalismoa, orain, langileen eskubide guztiak kentzen ari da; guztioi gertatzen ari zaigu hori. Horrek kaltebera egiten ditu, oro har, pertsona guztiak, baina andreak bereziki: lanaren banaketagatik, lan merkatuan duten lekuagatik, eta dituzten soldatengatik.

Eta langile eta andre izateaz gain, esaterako, gutxiengo bateko kide bazara, okerrago…

Halaxe. Esaterako, ez da harritzekoa ijitoen komunitatea egotea pobreenen artean; indartu egiten dira hor eraztunak.

Gerra hitza erabili duzu. Beste eredu bat helburu, abian da zapalkuntzaren aurkako gerra?

Ausarkeria bat izan da hori esatea [irri artean]… Baina ikusten ari naiz albiste asko biolentziarekin lotutakoak, gordintasun handikoak. Gerra seinaleen antzekoak dira, eta horiei aurre egiteko, konfiantza eta segurtasun eremuak garatu behar ditugu andre eta gizonok; batez ere andrazkook, geure buruak aurkitzeko, eta gerra horrek sortzen dizkigun nahasmenduak bazter utzi, eta segurtasun handiagoarekin egiteko bidea.

Gerra horretan, erasotzaileek usu hartzen dute biktima rola…

Gizonak andreak baino entrenatuago daude besteak menderatzen, eta andreek berdintasuna lortzeko tokiz aldatzera egiten badute, gizonek erreakzionatu egingo dute: pribilegioak galtzera doazelako. Hain justu, zentzu horretan ulertu behar dira munduko toki askotan emakumeen eskubideen aldeko mugimenduen kontra dauden erantzunak. Baina ez horretan bakarrik; hori bera gertatzen ari da, esaterako, estatuak hainbat gizarte mugimendu kriminalizatzen dituenean… Dena dago lotuta, eta, oro har, matxinatu nahi duen orok seguruenera jasoko du menderatze eta mendekotasun erantzun bat.

Nola egin aurre horri?

Garrantzitsua da prest egotea, autodefentsarako tresnekin. Horretarako, giltzarri da eztabaidatzea zer nahi dugun: nola nahi dugun. Amorruak, usu barruan dugun suminak ez du horretan laguntzen. Behin eta berriro errepikatzen dut nik garrantzitsua dela aurrena guk gure barruan duguna osatzen ikastea, eta zer bizitza nahi dugun jakitea. Pentsatu behar dugu zer mundu nahi dugun: gainerakoan, hutsune bat dago hor, eta irrist egiten gabiltza.

Nondik hasi bidea?

Niretzat, garrantzitsua da hau: espazioak ireki behar dira bortxa sistemetatik bizirik atera diren emakumeezkoentzat, hor topo egin dezaten, eta hitz egin dezaten. Batek bikotekidearen bortxa jasan badu, besteak arrazismoa, besteak lesbofobia… Bizipen horiek guztiak partekatzea da espazio horien helburua, katarsia egiteko: norberak bere burua zaintzeko estrategia bat da.

Nolakoak izan behar dute?

Konfiantza eta segurtasun espazioak, erabaki kontziente batekin sortuak. Hara doazen andreekin erabakitzen dira espazio horietan jarduteko arauak; izan ere, askotan, zauriak zabalik ditugula goaz espazio horietara, eta era horretan mintzatzea ez da batere erraza. Baina badira esperientziak, Latinoamerikan eta Europan: autolaguntza taldeenak. Ez dira marketin kapitalistaren abaroan egun sortzen ari diren autolaguntza talde horien ildokoak; bortxa sistemen egituren inguruko ikuspegia aintzat hartzen duten taldeak izan behar dute, eta liberazio estrategiak izan behar dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)