AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK
Donald Trump aukeratu dute AEBetako presidente
Zalantzazkoak ziren estatu gehienetan nagusitu da hautagai errepublikanoa. Gainera, Senatua eta Ordezkarien Ganbera ere Alderdi Errepublikanoak kontrolatuko ditu.
Berria, , 09-11-2016Beste behin, huts egin dute inkestek. Bozketa egunean bertan, New York Times egunkariak Hillary Rodham Clinton Alderdi Demokratako hautagaia jotzen zuen faborito gisa Ameriketako Estatu Batuetako 45. presidentea izateko, baina Donald Trump Alderdi Errepublikanoko hautagaia nagusitu zaio. Ordezkaritan eta bototan irabazi du Trumpek; milioi pasa botoren aldea egon da bien artean.
Boto joera argirik ez duten estatuetan egon da aldea, gehien-gehienetan irabazi baitu Trumpek. Ez da sorpresarik izan tradizionalki demokraten edo errepublikanoen alde bozkatzen duten estatuetan, eta, egoera horretan, erabakigarriak bihurtu dira zenbait estatutako emaitzak; Ohiok, Floridak, Ipar Carolinak eta Pennsylvaniak desorekatu dute lehia Trumpen alde.
Luze joan da gaua, batez ere Clintonen jarraitzaileentzat. Zenbaketa hasi eta berehala lehen estatuak Trumpen aldekoak izan ostean, Florida izan da lehen azterketa. Oso alde txikia izan da bi hautagaien artean eta, botoak zenbatu ahala, ez zen hautagai bat edo beste nagusitzen. Botoen %80-90 ingurura iristean nabarmendu da Trump, bere zakura eramanaz Floridako 29 ordezkariak. Haren ondotik iritsi dira errepublikanoaren garaipen garrantzitsu gehiago; Ohiok ez du hutsik egin, eta oraingoan ere bertan irabazi du AEBetako presidente izango denak. Wisconsingo garaipenak igaroarazi dio 270 ordezkarien muga.
Mendebaldeko estatuek arnasa eman diote Clintoni, ohi bezala, Kaliforniako 55 ordezkariak eskuratu baititu. Gutxi iraun dio pozak, Trumpen alde egin baitute segidan Iowa, Georgia eta Pennsylvaniak. Presidentea nor den jakitea goizaldeko bostak alderako espero bazen ere, hiru ordu gehiago behar izan dituzte irabazlea zehazteko.
Oposiziorik ez Kongresuan
Presidentea ez ezik, Ordezkarien Ganberako kide guztiak eta Senatuko kideen herenak berritu dituzte. Bi ganberetan, gehiengoari eutsi dio Alderdi Errepublikanoak, eta beraz, Trumpek ez du aparteko oposiziorik izango. Hala ere, horrek ez du esan nahi Trump nahieran arituko denik, kanpainan zehar arrakala nabarmenak azaldu dituztelako Trumpek nahiz Alderdi Errepublikanoak.
Edozein kasutan, haren aukeraketak ezustean harrapatu ditu asko, AEBetan nahiz nazioartean. Hauteskunde gauean zehar Trump presidente izateko aukerak hazi diren heinean, hondoratuz joan dira dolarra eta Mexikoko pesoa. Hain justu, dolar bat hogei pesoren balioa izatera heldu da; pesoak dolarrarekiko inoiz izan duen balio apalena da hori.
BERRIAk zuzenean eman du emaitzen berri:
(Puede haber caducado)