AEBETAKO HAUTESKUNDEAK. HAUTAGAIAK. DONALD TRUMP

Kasinoen jauna, politikara jolasten

Berria, S. V., 08-11-2016

Donald Trumpek ez dio inori eskua ematen. «Bakterioekin obsesioa» dauka, 1997an idatzi zuenez. Errepublikanoen presidentegai bihurtu baino lehenago zen hori, baina munduan egoteko bere modua oraingo bera zen jada: nahi duena hartzen du, eta nahi duena soilik ematen du. Trump (New York, 1946) pertsona bakarrarekin fio baita: bere buruarekin.

Diru eta luxu artera jaiotzen diren espezie horietakoa da presidentegai errepublikanoa. Familiatik jaso zuen The Trump Organization, higiezinen sektoreko holding-a. Etxebizitza blokeak, hotelak, kasinoak eta golf zelaiak kudeatzen ditu, tartean 200 metroko dorre erraldoi bat Manhattan erdian. Handitasunari buruzko kezka bistakoa du presidentetzarako hautagaiak.

AEBetako publiko zabalarentzat, telebistan bihurtu zen ezagun, The Apprentice izeneko reality show-aren aurkezle eta epaile gisa. Enpresari gazteentzako lehiaketa bat zen: saria, Trumpen jabetzako konpainia bat zuzentzeko aukera. Saioa utzi zuenean, AEBetako pertsonarik aberatsenetan 156.a zen.

Miss USA lehiaketaren jabea ere izan zen 10 urtez. Trumpi modeloak gustatzen baitzaizkio —hirurekin egon da ezkonduta—, baina ez emakumeak. Kanpainan ere eskandalu handia eragin dute haren adierazpen misoginoek.

Kargu politikorik ez du sekula izan: «Politikariek hitz egiten dute, eta gutxi jardun. Nik kontrakoa egiten dut». Bere boto historia ikusita, swinger bat dela esan liteke: 1980etan, Ronald Reagan babestu zuen; gero, Erreformaren Alderdi populistarekin presidentetzara aurkeztu zen, baina hasi bezain laster utzi zuen; horren ostean, demokraten alde egin zuen kanpaina; eta, 2008tik, errepublikanoen jarraitzailea da berriz.

Presidentetza eskuratu eta lehenbiziko hiru hilabeteetan, Barack Obamaren lorpenak desegitea izango da Trumpen zeregin nagusia. Haren osasun segurantza «ordezkatu», eta immigrazioaren jarioa eten asmo du: Ekialde Hurbileko herritarrei —«terrorismoa hurbil duten eskualdeetakoei», Trumpen hitzetan— erabat itxi nahi die AEBetarako sarbidea.

Anti-hautagaia da Trump. Eta, ondorioz, boto batzuk eskura ditzake. 50 urtetik gorako eta ikasketarik gabeko gizonezko zurienak, bereziki. Lor dezake bere forma eta irainek zilegitasuna lortzea. Baina gehiago kostatuko zaio bere asmoak politika bihurtzea, Kongresutik kontrolatuko baitute, bere alderdikoek zein aurkakoek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)